Urteko 25. igandea C 2019-09-22
HOMILIA
Anai-arrebok!
Lehen irakurgaian, Amos profeta gogor mintzo da dirudunen diru-zalekeriaz. Gaurko pasarte honetan, nolabait esateko, dendariez ari da. Hainbeste jai izatearen kontra ari dira dendari hauek. Jai horietan ezin baitute negoziorik egin.
Ebanjelioak parabola bat dakar. Gaur egun bezala, Jesusen garaian ere bazen jende ustelik; bere karguaz baliatzen zenik dirua egiteko. Parabolaren arabera, horixe ari zen egiten administratzaile bat. Baina azkenean zepoan erori zen. Nagusiak jakin zuen bere administratzaile hura gizon ustela zela. Eta jakin zuen administratzaileak ere, nagusiak bazuela bere zikinkeriaren berri. Eta, jakina, ez zen hain zoroa, eta konturatu zen, nagusiak kendu egingo ziola kargua. Zer egin? Nagusiaren zordunen artean adiskideak egiten hasi zen, batari eta besteari zituen zorrak gutxituz.
Jesusek konklusio hau atera du. Mundu honetako gauzetan zuhurrago izaten gara, Jainkoaren gauzetan baino. Hori da parabolaren muina.
Parabola honen inguruan zenbait gauza argitu beharra dugu, Jesusen hitzak oker ez hartzeko.
Batetik, Jesusek ez ditu onesten edo ontzat ematen, parabolako administratzaileak egin dituen tranpak. Ez da hori Jesusek esan nahi duena. Jesusek, jokabide hori aipatu du, adierazteko, bere gaiztakerian zuhurra izan dela. Aitzitik, Jainkoa maite omen dugunok, ez garela batere zuhur izaten.
Jesusek esan nahi du, argiaren seme-alaba omen garenok zuhur eta azti izan behar dugula, era baikorrean: adi eta esna bizi behar dugula, trebe eta abildade handiko izan behar dugula munduan den gaitzaren mekanismoaren kontra. Kasu honetan, diruak sortzen dituen tentazioen aurka. Esaterako, zer ari dira petrolio-jabe handiak, zer ari dira botika-egile edo farmazia-ekoizleak, zer ari dira banku-jabeak? Baina, jakina, den-dena besteren bizkar bota gabe, zer ari gara gu geu?
Eta, jakina, lehenik eta behin, dirua dela-eta, galdera hau egin beharko genuke: diruaren inguruko jokabide horrek zer ondorio ditu munduko pobreen bizitzan?
Adibide bat VOX alderdi politikokoek eman diguten egun hauetan. Ona zer eskatu dion Eliza katolikoari Idazkari Nagusi den Javier Ortega Smithek: «ireki ditzala Vatikanoko ateak etorkin ilegalak hartzeko», eta erregutu dio jende erlijiosoari (gotzain, apaiz etab. esan nahi du), ardura dadila «Jainkoaren arazoez», «lurreko arazoez arduratuko direla lurrekoak»
VOXeko Ortega jaunari esan beharko zaio, «Jainkoaren arazoak gizon-emakumeen arazoak» direla beti eta bakarrik; hain zuzen ere VOXeko Abascal eta Ortega bezalakoek zapaldu nahi dituzten pobreak, azkenak direnak, etorkin ilegal horiek. Horiek direla Jainkoaren arazo.
Pagolak esan digun bezala, «Idolo absolutu bihurtutako dirua da etsai handia, Jainkoak nahi duen mundu zuzenago eta anai-arreba artekoago bihurtzeko».
Lehen puntua, beraz, diru-zalekeria jende pobrearen kontrako jokabide izatea da.
Bigarren puntua, diru-zalekeria hori egiazko Jainkoa ukatzea da.
Israeldarrek garbi zuten, ezen Biblian problema handiena ez dela ateismoa, ez dela Jainkoaren existentzia ukatzea. Baizik eta, problema nagusia idolatria dela: benetako Jainkoa adoratu ordez, irudi bat adoratzea dela: ez egin idolorik, ez egin zizelkatutako irudirik (Irteera 20,4; Dt 5,8).
«Ezin zarete izan Jainkoaren eta diruaren zerbitzari». Ez da itzulpen zuzena. Dirua ordez, Mamon dio jatorrizkoak. Mamon hau kanaandarren jainkoa zen; jainko-dirua. Kontua ez da, beraz, Jainkoa eta gauza material bat kontrajartzea. Baizik eta bi jainko kontrajartzea.
Diruaren zerbitzari izateak hau esan nahiko luke: nire bizitza guztia ondasun materialei begira bizitzea. Nire helburu nagusia aberastasunak eman dezakeen plazera izatea. Bizitzaren muintzat neure burua jartzea.
Horrenbestez, zer gertatzen da gu, pertsona bezala, Jainkoaren sorkari bezala, Jesu Kristok salbatutako Jainkoaren seme-alaba bezala garen argia jokoan dagoen honetan? Non da gure zuhurtasuna Jainkoaren Erreinua sumatzeko, Erreinu hori zirraragarri bezala sentitzeko, Erreinu horretaz maitemintzeko, Erreinu horrek erabat harrapa gaitzan uzteko?
Zuhurtasun horretaz ari zaigu Jesus gaurko parabolan. Adi eta erne bizitzeaz. Begiak irekirik bizitzeaz.
Har dezagula eredutzat atzo, irailaren 21a, ospatu dugun Mateo: zergak biltzeko mahaian zegoela, Jesusek maitasunez esan zion: «Zatoz nire ondoren». Eta Mateo, dena utzirik, Jesusen ondoren joan zen.
Dionisio Amundarain