Urteko 24. urtea C 2019-09-15
Lau jarrera bekatariei dagokienez
Batera etortze bitxi batengatik, igande honetako hiru irakurgaiak bekatariei eskaini beharreko barkazioaz mintzo dira; gai egokia errukiaren urte honetarako.
Moises: erregua (1. irakurgaia: Irteera 32,7-11.13-14)
Irteera liburuaren arabera, Moisesek lau egun egin zuen Sinai mendian Jainkoarekin hizketan. Denbora gehiegi herriarentzat, hil egin dela uste izango baitu azkenean. Eta bermea eta segurtasuna eskainiko dion zerbaiten bila, konbentzitu du herriak Aaron apaiza urrezko zekor bat egin dezan. Antzinako ekialdean, zezena sinbolo oso egokia zuten jainko baten indarra eta bizitasuna sinbolizatzeko; horregatik aldarrikatu dute israeldarrek: «Hau duzu zeure jainkoa, Israel, Egiptotik atera zintuena».
Alabaina, Jainkoaren irudiak eraikitzea, bera manipulatu nahi izatearen era bat zen. Irudi bat saritu nahiz zigortu daiteke; gantzutu ere bat perfumez, eta eskaini dakizkioke erregaluak, baldin eta Jainkoak nahi dudan hura ematen badit, edota ukatzen ahal zaio guztia, ematen ez badit. Gainera, irudi batek suntsitu egiten du Jainkoaren misterioa, objektu ikusgarri bihurtuz.
Zein izango da Jaunaren erreakzioa bekatu honi begira? Kontaerak badu nolabaiteko umore-ukitu bat. Jainkoa haserre ageri da, baina ez du ezer egin. Aitzitik, herriaz erregutzera eragin dio Moisesi. Aita batek bezala, semearekin haserre, emazteari esaten baitio zigortu egin nahi duela hura, berak, emazteak, erregutu diezaion eta barkatzera anima dezan.
Moisesi esaten dizkion hitz hauek: «gaiztotu egin da zure herria, zuk Egiptotik atera zenuena», senar batek emazteari hainbat aldiz esan ohi dizkion beste hauek dakarzkigute gogora: «zure semeak…», berea ere ez balu bezala. Israel herria Jainkoaren herri ez balitz bezala eta Egiptotik atera zuena bera izan ez balitz bezala. Umore-tonuerak, tragediaren baitan, orduak jotzen du gailurra: Jainkoak Moisesi baimena eskatzen dionean herri hori suntsitzeko: «Utzidazu, nire sumina bera erretzeraino piztuko da. Eta zugandik beste herri handi bat aterako dut».
Baina Moises ez da erori beste herri handi baten promesaren tentazioan: «Orain gidatzen ari naizena ─erantzun dio Jainkoari─, malapartatua den arren eta lepagogorra, zeure herria duzu, zeuk Egiptotik atera zenuena botere handiz eta esku sendoz. Ez leporatu errua neuri eta izan gogoan Abrahami, Isaaki eta Jakobi promes egin zeniena». Aski izan dira hitz apur hauek Jauna mehatxuaz damutzeko.
Bi irakaspen handi atera ditzakegu kontaera labur honetatik: 1) zein gauza erraza den Jainkoa konbentzitzea barka dezan; elkarte baten arduradunak ez du hura inoiz ere zapuztu behar, malapartatuena iruditu arren; Moisesena izan behar du bere jarrera, elkarteak berekin duen alde ona gogoan hartuz eta defendituz.
Sekular otoitz zale eta teologoak: ukapena eta kritika (ebanjelioa: Lukas 15,1-32)
Moisesen irakaspena, bekatarien aldeko erreguarena, ez dute aintzat hartu Jesusen garaiko teologoek (lege-maisuek), ezta sekular otoitz zaleek ere (fariseuek). Jende onaren eta gaiztoaren artean bereizketa errotikoa egitearen aldeko dira, beraien artean harreman guztiak eragotziko dituena. Eta, gaiztoen artean, zerga-biltzaileak dira makurrenak: ustiatzaile Erromaren zerbitzura, eta bekatari, larunbatean sinagogara joaten ez den jende, ez barau, ez otoitz egunean hiru aldiz, egiten ez duen jende, ez tenpluko zerga, ez hamarrenak ordaintzen dituen jende, garbitasun-legea etab. betetzen ez duena.
Baina jakingarriena da, lege-maisuak eta fariseuak ez direla haserretzen bekatarien aurka, baizik Jesusen beraren kontra, halakoak onartzen eta halakoekin otorduak egiten dituelako. Ez gaitu horrek gehiegi harritu behar. Zer esango luke katoliko askok, gotzainak barne, Jesus ikusiko balu gaur egun garagardo bat edaten LGTBren (lesbiana-gay-transgenero-bisexual mugimendua adierazteko laburdura) egoitzan?
Jesus: harrera
Bere arerioen marmarrari eta kritikari ez die erantzun Jesusek hipokresia hori gogor salatuz, baizik eta hiru parabola kontatuz (galdutako ardiarena, galdutako txanponarena eta bi anaiena); hiruretan bekatari bakar batengatik Jainkoak bizi ohi duen poza azpimarratu du.
Bi anaien parabola (okerbidez «seme hondatzailearena deitu izan dena) da hasierako problemarekin egokienik datorrena. Anaia gazteenak zerga-biltzaileak eta bekatariak ordezkatzen ditu; anaia zaharrenak, berriz, lege-maisuak eta fariseuak. Parabola aurreiritzirik gabe irakurtzen duena, eskandalizatu egingo da aitaren jokabideaz, seme gazteena gaizki hezten ari delako eta seme zaharrenarekin gogor eta zorrotz ari delako. Eskandalu hau, fariseuek eta lege-maisuek Jesusekin jasaten zutena bera da. Eta horixe da gaindi dezaten Jesusek nahi duena, Jainkoak, galdua duen semea berreskuratu duen aita bezala, sentitzen duen maitasunari eta pozari erreparatuz. Jainkoa aitatzat ez, baizik legegiletzat, bere legeak bete daitezen itsuturik dagoen lege-maitaletzat, hartzen duenak ez du ulertuko sekula, ez parabola hau, ez Jesusen biziera eta mezua.
Parabola, aldi berean, buru-ebaluazioa egiteko laguntza dugu. Batzuetan, etxetik alde egin duen eta gogoak eman dionean bakarrik itzuli den anaia gazteenak bezala jokatzen dugu Jainkoarekin; beste batzuetan, familiako egoera zailetan, aitak bezala jokatzen dugu, barkatuz eta onartezin den hura onartuz; beste hainbatetan, anaia zaharrenak bezala, egokia ez den jokabidea bizi duena gaitzetsiz jokatzen dugu eta iskin egiten diogu harekin tratatzeari. Nork bere historiari begirada bat eman beharra dugu, arazoari hiru ikuspuntu hauetatik erreparatuz eta nagusi zein izan ohi den ikusiz.
Jainkoa: errukia (2. irakurgaia: 1 Timoteo 1,12-17)
Orain arteko bi testuak kontaeraz (Irteera) eta parabolez (ebanjelioa) baliatu dira irakaspen bat emateko; bigarren irakurgaiak Pauloren esperientzia pertsonala kontatu digu. Paulok, fariseu peto-petoak, «biraolari, pertsegitzaile eta indarkeria zale» agertu du bere burua. Jesus madarikatu izan du, kristauak kartzelara eraman izan ditu, suntsitu egin nahi izan ditu. «Baina Jainkoak errukia agertu zidan… Jainkoak gainezka agertu zidan bere onginahia… Jesus errukitu egin zen nitaz». Pauloren esperientzia, neurri batean edo bestean, gutako edozeinena da. Gure erreakzioak ere harena izan beharko luke: zerbitzatzea eta Jainkoa gorestea.
Jose Luis Sicre