Hauteskunde anti-kanpaina (Lukas 14,25-33)

Urteko 23. igandea C 2019-09-08

Bere hauteskunde-kanpaina soldaten beherapena, zergen igoera eta langabeziaren handitzea aginduz hasiko lukeen politikoak nekez eragingo luke gogo-berotasun handirik. Gainera, gehituko balu: «Botoa niri emango didana, kartzelara joango da», inondik ere, guztiz bakarrik geldituko litzateke.

Jesusek hau baino ere kanpaina askoz zoroagoa gauzatu zuen. Beraren ikasle izateko, maitasunik handienak (familiari eta norberari dagozkienak) alde batera uztea eskatzen du, norberaren ospea eta bizia arriskatzea, gauza orori uko egitea. Arrazoizkoa da pentsatzea ezen, baldintza hauek ezarririk, inolako jarraitzailerik gabe geldituko zela Jesus. Hala gertatu al zen?

Jendetza eta ikasleak

Gaurko ebanjelioa ulertzeko, bi talde hauek bereizi beharra dugu. Lukasen ebanjelioa askotan mintzo da jendetzaz, jende-multzoaz: Jesusi entzutera datorrenaz (5,1-19) eta sendatu dezan datorrenaz (5,15), alde guztietatik datorrenaz (6,17), Nainerakoan bide-lagun duenaz (7,11), zona bazter batera jarraitu dionaz (9,14), milaka jarraitzen diotenaz (12,1). Jende honi axola dio, bai, Jesusek esaten eta egiten duena, onuragarri ditu Jesusen sendatzeak eta mirariak. Baina horretan gelditzen da guztia.

Bada beste talde bat, askoz ere mugatuagoa, ikasleena. Termino edo hitz hori, eskuarki, Hamabiei ematen zaie; baina beste batzuetan ikasle-talde handi batez ere esaten da hori (6,17; 19,37), eta talde askoz ugariago honetatik hirurogeita hamabi aukeratu ditu misiolari bidaltzeko (10,1).

Problema

Gaurko ebanjelioa, Jesusi jarraitzen dion jende-kopuru ugari batez hitz eginez hasi da; ez dira ikasle: Aldi hartan, jende-talde handia zihoan Jesusekin. Gerta zitekeen haietako norbaiti buruak ematea Jesusen ikasleen taldeko partaide egitea. Jesus, ildo honetako eskari orori aurrea hartuz, guztiei mintzo zaie eta baldintzak adierazten dizkie.

Lehen baldintza: maiteen denari uko

Itun Zaharrean, Lebiren tribua zen Jainkoari errotiko zerbitzua eskaintzearen eredu. Berari dagokionez, hona Moisesen Bedeinkazioen iruzkina:

«Aita-amei esan zien:
“Ez dut zuekin zerikusirik”;
senideak ez zituen aintzat hartu,
ez zuen ezer jakin nahi izan
seme-alabekin.
Bete zituzten lebitarrek
zure esanak,
leial eutsi zioten zure itunari» (Deuteronomio 33,9).

Lebitarrentzat, Jainkoaren nahia betetze hori gurasoak, anai-arrebak eta seme-alabak maitatzearen gainetik zegoen.

Antzeko ildoan, baina askoz ere errotikoago formulatu du Jesusek berari jarraitzeko eskakizuna: berari jarraitzeko, atzerago utzi behar dira bai norberaren aita eta ama, baita emaztea eta seme-alabak, baita anai-arrebak. Norberaren jatorri den familiak (aita eta ama), norberak sortu duen familiak (emaztea eta seme-alabak), beste familiartekoek (anai-arrebak) mundu afektibo guztia sinbolizatzen dute; guztiak bigarren mailan jartzeak ukapen handia eskatzen du. Baina, gainera, Jesusek osagai bat gehitu du, gogorrena, lebitarren kasuan aipatzen ez dena: atzeratu egin behar du nork bere burua ere.

Bigarren baldintza: ospea eta bizia arriskatu

Eskakizun hau azaldua da Lukasen ebanjelioan, are era errotikoagoan formulaturik, baina esanahia argituz: «Nire ondoren etorri nahi duenak uko egin biezaio bere buruari, har beza bere eguneroko gurutzea eta jarrai biezat» (9,23).

Irudi gogor-gogor hori gaur egunean hau esatera letorke: «Jarraitu nahi didanak, har beza bere aulki elektrikoa eta datorrela nirekin». Alde honekin, ordea: aulki elektrikoa ez dela garraiagarria; gurutzea, berriz, hartara galdua zenak berak eraman behar izaten zuen zintzilikatuko zuten lekuraino.

Gurutzea egunero hartu behar izateaz hitz egite horrek adierazten du ezen hiltzeko prest egotearen desberdina dela. Gurutzean erailtzea krudel eta lotsagarrienekotzat zuten erromatarrek, estatuaren eta gizartearen aurkako delitu larrientzat aurreikusia. Ondorioz, egunero gurutzea lepoan hartzeak gizartearen desohorea, gorrotoa eta mespretxua, heriotza bera ere, jasateko jarrera adierazten du.

Pausaldi bat hausnartzeko eta gogogabetzeko

Esandako hori aski da entzuleetako gehienak gogogabetzeko. Norbait orain artekoa ulertuko ez zuelakoan, Jesusek bi konparazio proposatu ditu (dorre bat eraikitzea eta gudu bat egitea); berari jarraitzeko erabakia hartzean, presaka ez ibiltzera gonbidatzen gaitu. «Nire ikasle bihurtu aurretik, pentsa ezazu ondo. Gero, ez dezazula porrot egin eta barregarri gelditu». Jakina, Jesusek ez zuen gazteei seminarioan sartzera edo nobiziotza egitera, asko pentsatu gabe, eragiten zieten zuzendari espiritual haien antzik.

Hirugarren baldintza: ondasun materialei uko

Afektu handiei, ospea eta bizia arriskatzeari, beste bat gehitzen die Jesusek: ondasun materialei uko egitea. Hona zer diotson aberatsari: «Saldu daukazun guztia, banatu behartsuen artean eta altxorra izango duzu zeruan; ondoren, etorri nirekin». Pertsonaia hura ez zen gai izan Jesusen esana egiteko. Aitzitik, Pedrok, Andresek, Santiagok eta Joanek «dena utzirik, jarraitu egin zioten» (5,11). Baita Lebik ere, «dena utzirik, jaiki zen eta jarraitu egin zion» (5,28).

Ezer berririk ez eguzkipean

Aurreko eskakizun horiek izugarriak direla ematen du. Alabaina, Lukasen ebanjelioa arretaz irakurri duenarentzat ezagun-ezagunak dira. Berari jarraitzeko Jesusek aipatu dituen beste kasu batzuekin bat datoz.

9,57 Bidean zihoazela, batek esan zion Jesusi:
–Noranahi jarraituko dizut.
58 Jesusek esan zion:
–Azeriek badituzte zuloak eta aireko hegaztiek habiak; Gizonaren Semeak, ordea, ez du burua non ezarri.

59 Beste bati esan zion:
–Jarraitu niri.
Baina hark erantzun:
–Jauna, uztazu lehenbizi aitaren hiletak egitera joaten.
60 Eta Jesusek:
–Utzi hilei beren hildakoen hiletak egiten; zu zoaz Jainkoaren erregetza hots egitera.

61 Beste batek, berriz, esan zion:
–Jarraituko dizut, Jauna, baina uztazu aurrena etxekoei agur egiten.
62 Baina Jesusek erantzun:
–Goldeari heldu eta atzera begiratzen duena ez da gai Jainkoaren erreinurako.

Eskakizunak kristau guztientzat

Apostoluen Eginak liburuan, Elizaren hedapena kontatzen denean, «ikasle» terminoak ez du adierazten jada ikasle-talde erlatiboki txiki bat, Jesusek alde guztietara bidelagun izan duena, baizik eta Damaskoko, Jerusalemgo, Jopeko, Antiokiako, etab. kristauak adierazten ditu. Aipatu ditugun eskakizun horiek aplikatzen al zaizkie horiei guztiei? Beraz, balio al dute gaur egungo kristau guztientzat?

Hobekien ezagutzen dugun kasua hirugarren eskakizunarena da: ondasun materialei uko egitea. Ananiasek eta Safirak, Jerusalemgo ezkontza-bikoteak, soro bat saldu zutenean, diruaren zati bat gorde egin zuten eta gainerakoa elkartearen zerbitzura ipini, baina dena entregatu zuten itxura eginez. San Pedrok diotse ez zeudela dena entregatzera behartuak; egin zuten okerra, engainatu nahi izatea izan zen. Adibide honek garbi uzten du ezen kristau-elkarteko kide izateko, ikasle izateko, ez zutela ondasun material guztiei uko egin beharrik. Izatez, Paulok fundatu zituen elkarteetan, gomendatzen zuena ondasunak premian zirenekin partekatzea izan zen.

Lehen bi eskakizunak, hain latzak iruditzen zaizkigun horiek, segur aski sarritan bizi behar izango zituzten kristau gehienek. Pertsekuzio sarrien garai hartan, kristauak barregarri eta iraingarritzat hartuak ziren kriminal eta estatuaren kontrako etsai gisa; hartara, Jesusen ikasle izateak kasu askotan eskatu zuen jende maiteenarekin haustea, ospea eta gizarte-estimua, bizia ber era, galtzea. Egoera ez da oso desberdina, gaur egun, Afrikako eta Asiako hainbat kristau-elkartetan, alde batera utzirik mendebaldeko ingurumen askotan kristau zarela aitortzeak berekin dakarren izen txarra.

Misterioa

Jesus ez zen gelditu ikaslerik gabe. Aitzitik, zenbat eta zailago ziren inguruabarrak, orduan eta gehiago ziren jarraitu nahi ziotenak. Tertulianok, 160-220 urte bitartean bizi izan zenak, idatzia da: «Martirien odola kristauen hazi». Jesusi jarraitzeko kontuan jendea gogogabetzen dutenak, ez dira Jesusen beraren eskakizun handiak, baizik eta jarraitzen omen diogunon erosokeria eta epelkeria.

José Luis Sicre