URTEKO 20. IGANDEA C (2019-08-18)

SARRERA

Anai-arrebok, urteko 20garren igandea ospatzen dugu gaur. Ebanjelioan, Jesusek esan digu, ez dela etorri bakea ekartzera, baizik sua. Jesusek ez gaitu engainatu nahi. Berak bizi izan duena, hura bizi beharko du haren ikasleak.
Baina zer esan nahi du Jesusek aipatzen duen suaren metafora horrek? Bi esanahi izan ditzake. Batetik, metalak garbitu eta fintzeko erabili ohi den sua; alde horretatik, esan nahiko luke, ikasleak probak bizi beharko dituela bere bizitzan. Bestetik, San Lukas, Eginak izeneko liburuan ere (2,3), suaz mintzo da, Espiritu Santuaren forma hartzen duenez: suzko mihi edo mingainak aipatzen ditu. Alde honetatik, sua ez da dena hondatzen duen sua, baizik dena betetzen duen sua: argiz eta indarrez betetzen duen sua.
Zentzu batean zein bestean hartu, Jesusek adierazten digu, gizakiaren bizitzak berekin dituela zailtasunak eta tirabirak.
Senideok, eska diezaiogun Jaunari, argitu eta indartu gaitzala bere Espirituaren argiz eta indarrez.

LEHEN IRAKURGAIA Jeremias profetaren liburutik (38,4-6.8-10)

Entzungo dugun Jeremias profetaren pasadizo hau, Kristo aurreko VI. mendean gertatu zen. Babiloniako Nabukodonosor enperadorearen gudarosteak inguratua du Jerusalem hiria. Judu handikiek aurre egin behar zaiola hots egiten dute; Egiptok eskainiko omen dien laguntzan oinarritzen dira. Jeremias profetak, berriz, garbi ikusten du, alferrik eta kaltegarri dela Nabukodonosorren guradosteari aurre egite hori. Eta amore emateko eskatzen du, bizia salbatzeko. Abertzaletasunaren kontrakotzat hartu dute jarrera hau, eta Jeremiasek indarkeriazko pertsekuzioa jasan du, atxilotu dute, eta ia hiltzerainoko tratua txarra eman diote.
Jeremiasek bere bizitzan egia defenditu beharra sentitu du. Badaki, defentsa hori guztiz kaltegarri gertatuko zaiola hiriari. Bere bizitzako hirutik bi kartzelan eman zituen Jeremiasek. Halere, bere kontzientziari jarraitu nahi dio. Egia maite dutenen zoria irudikatzen digu Jeremiasek. Batez ere, Jesusek biziko duen zoria agertu digu.

BIGARREN IRAKURGAIA Hebrearrei egindako gutunetik (12,1-4)

Hebrearrei egindako gutun honetako gaurko pasarteak iraupentsu bizitzera gonbidatzen gaitu, fedeari eta fedez eustera.
Testu honek irudi polit hau dakar: gure bizitza korrika-lehia bat bezala da; begira dagoen jendeaz inguraturik bizi gara (hau da, fedegabeez inguraturik); korri egitea eragozten digun guztia utzi dugu (hau da, bekatua); Jesusen ondoren gabiltza korrika. Badaki Jesusek gure aurretik egin duela korri, eta iritsia dela helmugara.
Jesus bera ez ezik, testigu asko dugu inguruan, guri laguntzeko prest. «Hainbat eta hainbat testiguz inguraturik gaude», dio idazleak.

EBANJELIOA San Lukasen arabera (12,49-53)

Kristau bezala bizitzeak adorea eta kemena eskatzen du. Ez du balio erdipurdi ibiltzea. Jesus maitatzeak munduan pertsona atzerritar izatea eskatzen du, ukatua den pertsona izatea.
Jesus su ematera etorri da. Ez da etorri bakea ekartzera. Baina ez da inor hiltzen duen sua; nekeak onartzera eragiten duen sua da, beti ere gizadiaren egoera hobetzeko.
Hots egiten eta bizi ohi den maitasunari uko egiten zaio munduan. Jainkoak nahi duen zorionaren bila ibiltzeak jende asko Jesusen jarraitzaileen kontra jartzea ekartzen da. Kristaua ez da jartzen munduaren kontra, ez da jartzen ongizatearen kontra; jende askok adoratzen dituen idoloen kontra jartzen da kristaua.
Esperantzaz bizitzeak berekin duen nekea onartzera gonbidatzen gaitu Jesusek. Garbi ikusi du Jesusek, bekatuzko mundu hau desegin beharra dugula, egiazko mundua lortzeko.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Elizarentzat: jende asko ari da beren bizia Jainkoaren aintzarako eta gizakien zerbitzurako ematen; halakoen lekukotzak adorez eta kemenez bete dezala Eliza osoa. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Ebanjelioari leial izateagatik, pertsekuzioa sufritzen ari dira asko: beren atsekabean Jainkoaganako beren konfiantzari eta beren lanari leial eutsi diezaieten. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Diru-gose direnenentzat: jakin dezatela, gizakiaren balioa ez dagoela zerbait edukitzean, baizik nor izatean. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Gure parroki elkartearentzat: ibil dadila Jesusen araberako bakearen bila; aurki dezala bake hori; baina jakin dezala, bake hori ez dela izango gatazkarik eta istilurik gabea. Eska diezaiogun Jaunari.