SU EMAN (Lukas 12,49-53)
Urteko 20. igandea C 2019-08-18
Aski ugari dira, ongizatearen munduan sakon erroturik, kristautasuna honela ikusten duten kristauak: legea eta ezarritako ordenua mantentzeaz arduratu beharko lukeen erlijio bezala, ezertan aldatu gabe.
Horregatik, arrotz gertatzen zaie Jesusi entzutea, ez immobilismora eta kontserbatismora gonbidatzen duten esaerak, baizik gizartea sakon eta errotik eraldatzera: «Munduari su ematera etorri naiz eta ai sutan balego jada… Uste al duzue munduari bakea ekartzera etorri naizela? Ez horixe, baizik zatiketa».
Ez da erraz imajinatzea Jesus sua dakarren norbait bezala, horrenbeste gezur, indarkeria eta injustizia suntsitzeko. Mundua eraldatzeko Espiritu bezala, errotik, jendea elkarren kontra jarriz eta zatituz egingo bada ere.
Jesusengan sinesten duen pertsona ez da egoera baten aurrean etsitzen duen fatalista, guztien gain patxada eta sasi-bakea bilatuz. Ez da gauzen egungo egoera zuritzen duen immobilista, barru sortzailez eta solidarioz mundu hobe baten alde lanik egiten ez duena. Ez da errebelde bat ere, erresuminak eraginda dena jo eta hautsi nahi duena, bota dituenen lekuan bera jartzeko.
Jesus ulertu duenak, erabateko aldaketan parte hartzeko grinaz eta ametsez dihardu. Bere bihotzean darama «iraultza» benetako kristauak. Estatu-kolpea, edozein gobernu-aldaketa, matxinada edo txandatze politiko ez den iraultza bat da, baizik eta gizarte zuzenago baten bilaketa.
Sarritan defenditu ohi dugun ordenua, desordenua izaten da artean. Zeren ez baitugu lortu gose diren guztiei jaten ematea, ezta pertsona ororen eskubideak defenditzea ere; are gehiago, ez baitugu lortu gerlak saihestea edo arma nuklearrak suntsitzea.
Iraultza ekonomikoak baino iraultza sakonago baten beharra dugu. Gizakien eta herrien kontzientzia eraldatuko duen iraultza bat. H. Marcusek idatzi zuen ezen mundu bat behar dugula «zeinetan ez baita jada lekurik izango konpetentziarentzat, gizabanakoen elkarren kontrako borrokarako, engainuarentzat, ankerkeriarentzat eta masakrearentzat».
Jesusen jarraitzailea, hark piztutako sua munduan gero eta gehiago indartuz joan dadin bila bizi da. Baina, ezer baino lehen, errotiko eraldaketa eskatzen dio bere buruari. «Soilik, zinezko izatea eskatzen zaie kristauei. Hau da egiaz iraultza» (E. Mounier).
Jose Antonio Pagola.