Urteko 19. igandea C 2019-08-11
HOMILIA
Anai-arrebok?
Kolonbiako Hermann Rodriguez jesuitak, gaurko bere komentarioan, pasadizo bat dakar. Londresen gertatu da. Eskale bat, iluntzean, kale gorrian lo egiteko prestatu da. Tamesis ibaiaren ertzeko pareta batean etzan da. Lokartzear dagoela auto dotore bat gelditu da. Neska bat hurbildu zaio, eta berarekin joatera gonbidatu du. Afari ederra eman dio eta ohe atsegina. Lokartu aurretik, bisita egin dio neskak. Artean esna nago eskalea. Hizketalditxo bat egin, eta neska konturatu da eskaleak ezin lor hartu duela. Esan dio eskaleari: «Zoaz harago, biok egingo dugu lo». Jo du eskaleak harago, eta zuzenean Tamesis ibaira erori da.
Gure ametsek saldukeria egiten digute askotan. Hau eta bestea amesten ditugu. Oinak lurrean jartzea ahazten zaigu. Gauzak beste modu batekoak izatea nahi genuke. Ezer aztertu gabe. Burua batere nekatu gabe. Ideia bat txinparta bezala etorri zaigulako.
Eta askotan problemak ez balira bezala bizi ohi gara. Gogoan dut Martin Niemöller artzain protestanteak 1946an egindako sermoi batekoa:
«Naziak komunistak eramatera etorri zirenean,
isilik gelditu nintzen,
ni ez bainintzen komunista.
Sozialdemokratak kartzelatzera etorri zirenean,
mutu gelditu nintzen,
ni ez bainintzen sozialdemokrata.
Sindikalistak eramatera etorri zirenean,
ez nuen txintik atera,
ni ez bainintzen sindikalista.
Juduak eramatera etorri zirenean,
ez nuen protestarik egin,
ni ez bainintzen judua.
Katolikoak eramatera etorri zirenean,
mutu egon nintzen,
ni protestantea bainintzen.
Ni eramatera etorri zirenean,
ez zen inor gelditzen protesta egiteko».
Nik gogoan hartu ala ez, arazoek hor jarraitzen dute. Problemak ez dira berez konpontzen. Eta bihotza ixteak hau dakar: ez gara gai izaten gure artean dabilen Jesusi antzemateko.
Horregatik, esna eta azti eta adi bizitzera gonbidatu gaitu Jesusek gaurko ebanjelioan: «Izan zaitezte nagusia noiz itzuliko bizi diren zerbitzariak bezala: bizi prest eta argi-zuzia eskuan». «Bizi zaitezte, nagusiak mendeko batzuk eman dizkion zerbitzari hura bezala; nagusia etorriko denean, zerbitzariaren mendeko horiek esango diotelarik: oso tratu ona eman digu zure zerbitzari».
Senideok, kreatzaileak dohain batzuk eman dizkigu guztioi. Batzuei modu batekoak, besteei beste batekoak. Lagun hurkoaren onerako erabiltzeko dohainak dira. Gure «mendeko» dugun jendearen onerako erabiltzekoak. Zein diren gure «mendeko» horiek? Munduak eta gizarteak bazterturik duen jendea. Goseak, egarriak, behartsu, gaixo, etxerik gabe, preso… direnak. Gizartean azkenak direnak: horiek ditugu gure «mendeko». Horiei zor dizkiegu geure dohainak, geure abildadea.
Senideok, bizi gaitezen esna, adi eta azti. Ez dakigula gerta amets egin duen eskalearena. Ez dakigula gerta Tamesis ibaian bukatzea. Zori ederrago baterako sortu gaitu Kreatzaileak. Zorion handi baterako salbatu gaitu Kristo Jesusek. Izan dezagun bizi-bizi geure bihotzean Jesusen Espiritua.
Dionisio Amundarain