URTEKO 19. IGANDEA C (2019-08-11)

SARRERA

Senideok, urteko 19garren igandea ospatzen dugu gaur. Jainkoaren Erreinua kontuan hartzera gonbidatzen gaitu ebanjelioak. Jesusek ez digu eman definizio zehatz bat Erreinu horretaz. Jesusek ez ditu atsegin errezetak: orain hau, gero hori, hurrena hura. Aspaldi hartan kristau-ikasbidea galdera eta erantzun labur batzuen bidez ikasten zen. Jesusek ez du jokatu horrela. Errealitate bizi bat bezala aurkeztu digu Jesusek Jainkoaren Erreinua. Azken batean, eta funtsean, bere burua, bere biziera aurkeztu digu Erreinu bezala. Jainkoaren dohaina da Erreinua hori. Jainkoaren erregalua. Jesus bera da eta gu guztiok bera bezala bizitzea.
Guk Erreinu hori etor dadin eskatzen dugu, GURE AITA esaten dugunean bezala: «etor bedi zure erreinua». Batez ere, Erreinu horri harrera ona egiten saiatu behar dugu. Horretara gonbidatzen gaitu Jesusek gaurko ebanjelio honetan ere: «Ez beldur izan, ene artaldetxoa; zeren zuen Aitak atsegin izan baitu zuei Erreinua ematea».

LEHEN IRAKURGAIA Jakinduria liburutik (18,6-9)

Jakinduria izeneko liburua judu fededun handi batek idatzi zuen Kristo aurreko 30garren eta Kristo ondoko 14garren urte bitartean.
Gaurko testu hau, berriz, Israel herriak Egipton bizi izandako lehen Pazko-gau hartaz mintzo da. Gau izugarria egiptoarrentzat: egiptoarren lehen seme guztiak hil ziren eta egiptoarren gudarostea itsasoan galdu zen. Gau askatzailea eta zoragarria israeldarrentzat. Israeldarrek urtero egingo zuten gau askatzaile haren oroitzapena.
Jakina, gaur egungo kristauok ezin hartu dugu hitzez hitz juduen sineste hori: Jainkoa ez zen izan eta ez da herri baten adiskide eta beste guztien etsai. Soilik, hau aitortzen dugu: Jainkoak gizon-emakumeen ardura duela, bidelagun dela, era misteriotsuan egiten badu ere. Eta juduek egiten duten urteroko oroitzapen horrek hau adierazten digu: Jainkoak egindako mesedeen oroitzapena egin behar dugula geuk ere. Horixe egiten dugu, modu berezian, Eukaristian Jesusen misterio handia ospatzen dugunean.

BIGARREN IRAKURGAIA Hebrearrei egindako gutunetik (11,1-2.8-19)

Gutun honen laugarren zatia, fedeaz eta iraupenaz mintzo da; gogo-galdu samar dagoen kristau-elkarteari bihotz eman nahi dio, animo eman nahi dio. Horretarako, arbasoek bizi izan zuten fedea gogorarazten dio elkarteari.
Gaurko testu honetan, berriz, lehenik eta behin, fedea zer den adierazten du: «espero dugunaz» segurtasuna izatea, alegia. Ondoren, Abraham proposatzen digu etsenplu eta eredutzat; Jainkoaren deiari entzunez, bidaia luze bati ekin dio, nora doan jakin gabe.
Senideok, guk ere ez dakigu oso zehatz nora goazen. Baina badakigu esku onetara goazela. Jo dezagun hartara Abrahamen erakutsi duen konfiantzaz.

EBANJELIOA San Lukasen arabera (12,32-48)

«Jerusalemerako bidean» Jesusek eman duen irakaspena dakarkigu Lukasek gaur ere. Lehenik, aberastasunen balioaz mintzo zaigu; zertarako diren, alegia; joan den igandean esandakoaren konklusioa da gaurko hau: aberastasunen morroi edo neskame ez izatea da kontua.
Ondoren, Jaunaren etorrerari dagokionez, erne bizitzeko eskatu digu. Jauna etorri dator, eta harrera ona egiteko prest egon behar dugu beti.
Erne egote hori hainbat parabola laburrez agertu du Jesusek. Esan digu: zorionekoak, jauna ezteietatik itzultzean azti dauden zerbitzariak; zorionekoak, jaunak esna aurkitu dituen zerbitzariak; zorionekoak, jauna etortzean, zerbitzariak menpekoak ondo tratatu dituela esaten badiote nagusiari.
Geure menpekoak ditugu gizarteak goseak, miserian, kartzelan, etxerik gabe jarri dituen guztiak. Nagusi horrek zer esango digu? Geure menpeko horiei tratu ona ematen diegula?

HERRIAREN OTOITZA

1.-Eska diezaiogun Jaunari: «Argitu, Jauna, gure begiak: egunean eguneko gertaeretan Zu ikus zaitzagun; batez ere, beharrean bizi direnengan Zu ikus zaitzagun». Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Eska diezaiogun Jaunari: «Sendotu, Jauna, gure esperantza; sendotu, Jauna,: gizon-emakumeen esperantza; egizu, Jauna, guztiok geure geroa konfiantzaz eta maitasunez ikus dezagun». Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Eska diezaiogun Jaunari: «Zaindu, Jauna, oporretan diren guztiak; emaiezu atseden osasungarria; egizu, itzul daitezela gizadiaren onerako lan egiteko animoz». Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Eska diezaiogun Jaunari: «Lagundu iezaguzu, Jauna, geure bizitza balore iraunkorretan oinarritu dezagun, ondasun materialak era egokian erabil ditzagun». Eska diezaiogun Jaunari.