URTEKO HEMERETZIGARREN IGANDEA C

Lehen irakurgaia

( Jainkoa gauaz heldu da bere herriaren salbatzera )

Zuhurtziaren liburutik 18, 6-9

6 Bazko gauaren berri bazakiten aitzinetik gure arbasoek;
nolako agintzari sinetsi zuten jakinik, bozkariotan ziren.
7 Eta zure herria zintzoen salbamenduaren,
eta etsaien hondatzearen beha zagon.
8 Egintza berean etsaiak gaztigatu zinituen,
eta gu ohorez bete gintuzun, zureganat deituz.
9 Zintzoen seme-alaba fededunek
gordeka opariak eskaintzen zituzten,
eta denek, aho batez, lege saindu hau ezarri zuten:
aldi on ala txarretan elkarturik egonen zirela sainduak,
eta orduan jadanik arbasoen kantikak kantatzen zituzten.

Zuhurtziaren liburuaren egileak gogoetak egiten ditu «Bazko gauari buruz ». Mendez mende,
Izraelek ospatzen du Egiptotik ateratzea, Bazkoko apairua eginez, Jainkoak berak Egipton eman
librantza berbizitzeko. Ospatuz berbizitzeko. Ez bakarrik oroitzeko. Jainkoa utzi behar da berriz
libratzera. Hori da oroigarri egitea : mezan guk ere gauza bera egiten dugu.
Juduek Bazkoko apairua egiten dutelarik, aita familiakoak bere semea eskolatzen du erranez:
«Jainko Jauna ene alde ari izan da Egiptotik ateratu ninduelarik. » (Jal 13,8) Juduen erakasleek ez
diote besterik : « Gizaldiz gizaldi bakotxak onartu behar du Egiptotik bere buruaren ateratzen ari
dela. » Bazko gauaren ospatzeak emaiten dauzkigu erakaspen guziak nola Izraelek bizi izan duen
elkargo hori Moisez geroztik, eskerrak emanez Jainkoari libratu zuelakotz eta leialtasunean egonez,
manamenduak begiratuz.
Bi erakaspen horiek irakurtzen dira Zuhurtzia liburuan : eskerrak Jainkoari Egiptotik
ateratzeagatik eta leial egoitea haren legeari.
Lehenik : eskerren emaitea: « Bazko gauaren berri bazakiten aitzinetik gure arbasoek; nolako
agintzari sinetsi zuten jakinik, bozkariotan ziren. » Nork sinesten ahal zuen, Jainko batek hitza
emanen ziola gizon bati edo herri bati. Hor ere, gizonak sinestekotz, agertze bat behar zen.
Egiptotik ateratzearen agintza bera egina izan da, ainitz aldiz, arbaso guzieri : Abraham, Isaak eta
Jakobi.
Bigarren erakaspena : Bazko gaua ospatzen duena engaiatzen da, norbera eta bertzeekin.
Idazleak erraiten dauku : « Zintzoen seme kartsuek ixilka eskaintzen zituzten opariak, eta elgarrekin
Jainko lege hau ezarri zuten : bai zorionean, bai irriskuetan elgarren lagun izanen zirela
sainduak… » Badakigu Izraelen legea zela, beti ospatzea Jainkoaren dohainak eta populuaren
elkartasuna bat besteari loturik.
Jesu Kristok gauza bera eginen du. Badakigu Jesu Kristoz « orroigarri egiteak » erran nahi
duela, aldi berean, Eukariztia egitea, eta besteen zerbitzuko jartzea, Jesusek egin zuen bezala,
dizipuluen zangoak ikuziz.

Salmoa 32

Leloa: Bai dohatsua Jaunak hautatu populua.

Bihotz garbiak bozkario, Jaunari kantu zor baitzaio.
Garbi denari doakio helaraztea laudorio.
Herriak badu Jauna Jainko, hura dohatsu sekulako.
Huna bai Jauna dena begi, Hari daudenen zain egoki,
Heriotzetik ditzan jalgi, eta nasaiki eman ogi.
Jainko Jaunaren beha gaude, Hura guk lagun, adiskide.
Gure gainerat ager, Jauna, zure betiko bihotz ona.
Gure bihotza baita dena zuri osoki, Jainko Jauna.

Salmo hau bozkariozko eta laudoriozko kantua dugu. Jainkoarekin bat bizi direnak dira «
bihotz garbiak », hura maite eta haren baitan konfiantza dutelakotz. Salmo osoan kantatzen dira
Jainkoaren laudorioak : haren amodio, hitz, kreazione, Egiptotik ateratze eta gudu guzietan gizonak
ukan duen laguntzarendako. Jainkoak laguntzen ditu bere semeak bereziki zorigaitzean direnak,
laguntzen ditu ere haren baitan konfiantza osoa dutenak.
Salmoa bururatzen da konfiantzazko otoitz batez : « gure gainerat ager dadila, zure bihotz
ona….gure esperantza zutan osoki den bezala ». Girixtinoa gomitatua da bere burua haren
amodioari eskaintzerat.

Bigarren irakurgaia

( Abrahamen fedea gurearen itxura )

Hebrearreri epixtolatik 11, 1-2. 8-19

Haurrideak,
1 Fedea, igurikatzen denaren ardiesteko segurtamena da,
ikusten ez direnen ezagutzeko bidea.
2 Fede horrengatik ardietsi zuten gure arbasoek aitor ona.
8 Fedeari esker, Abrahamek Jainkoaren deiari obeditu zion:
ondaretzat ukan behar zuen lurralderat abiatu zen,
norat zoan jakin gabe.
9 Fedeari esker, atzerritar gisa bizi izan zen
Jainkoak hitzeman lurraldean;
oihal-etxoletan bizi izan zen,
agintza bera ukan zuten Izaak eta Jakob bezala;
10 eta hori, igurikatzen baitzuen oinarri sendoa duen hiria,
arkitekto eta egile Jainkoa bera duen hiria.
11 Fedeari esker, Zara ere on izan zen amatzeko,
nahiz eta adinean joana,
hitza eman zuen Jainkoa fidagarria zela sinetsi baitzuen.
12 Horrengatik, gizon bakar batenganik, hura ere ja hilik zena,
seme ainitz sortu zen, zeruko izarrak bezainbat,
eta itsas bazterreko hondar ezin kondatuzkoa bezainbat.
13 Horiek guziak sinestean hil ziren,
hitzemanak zitzaizkioten ontasunak eskuratu gabe;
bainan urrundik ikusi eta agurtu zituzten,
lur huntan arrotz eta ibilkari zirela aitortuz.
14 Alabainan, hola mintzo direnek garbiki adiarazten dute
aberriaren bila dabiltzala.
15 Utzia zuten herria izan balute gogoan,
bazuketen harat itzultzeko parada.
16 Bainan, aberri hobearen gutizia zuten, zerukoarena.
Horrengatik, Jainkoa ez da ahalge “heien Jainkoa” deitua izaiteko,
hiri bat ere prest ezarri baitiote.
17 Fedeari esker, frogatan ezarria izan zelarik,
Abrahamek eskaini zuen Izaak.
Eta bere seme bakarra zuen eskaintzen, agintzak ukanak zituelarik,
18 eta hitz hau entzuna:
“ Izaaken bidez izanen duzu zure izeneko ondoregoa.”
19 Abrahamek segurtzat zaukan Jainkoa gai dela hilak pizteko ere;
horrengatik, berreskuratu zuen semea;
eta hori profezia bat izan zen.

« Fedeari esker…» hitz horiek errepikatuak dira lelo bat bezala 11. kapitulu huntan, eta
idazleak erraiten dauku denbora falta duela fededun guzien izenen emaiteko, zeren heien fedeari
esker bete izan baita Jainkoaren xedea. Texto hunek aipatzen ditu bakarrik Abraham eta Sara,
eredutzat emaiten direnak.
Heientzat hastapena Jainkoaren lehen deia izan zen. Textoak erraiten dauku Abrahamek
obeditu zuela, ez esklabo batek bezala bainan bere baitarik, konfiantza eginez. Badaki, Abrahamek,
Jainkoak eman manua bere zorionaren eta librantzarendako dela.
Sinestea, jakitea da Jainkoak ez duela xekatzen bere abantaila bainan gure zoriona : « Abraham
joan zen ondaretzat ukan behar zuen lurralderat.» Sinestea, jakitea da Jainkoak emaiten duela,
jakitea ditugun guziak Jainkoaren opariak direla.
« Joan zen, jakin gabe norat zoan ». Sinestea da, preseski, konfiantza egitea ulertu gabe, denak
jakin gabe onartzea, asmatu bidea uztea, eta onartzea Jainkoak guretako deliberatua duena : « Zure
nahia egin bedi eta ez nerea », zuen erran Jesusek. « Fedeari esker, Zara ere on izan zen amatzeko,
adinean joana izanik ere ». Irri egin bazuen ere, berri hori ezin sinetsizkoa baitzen, hala ere onartu
zuen agintza bezala, konfiantza eginez : « Badea zerbait Jainko Jaunak egin ez dezakenik? Erran
egunean jinen naiz zure ganat, Zarak semea ukanen du ». Gizonak egiten ahal ez duena Jainkoak
egiten du.
Zenbait menderen buruan, bertze emazte batek, Mariak, entzun zuen agintza bat, haurra
ukanen zuela sinetsi zuen : «Ez da deus Jainkoak egin ez dezakenik ». Jainkoak Abrahami
galdeginik Isaak bere seme bakarra sakrifikatu behar zuela, zorigaitz hori izigarria izanik ere,
Abrahamek obeditu zuen, fedeari esker.
Norbaiten baitan sinesten delarik, fede horrek ez du mugarik. Jainkoak Abrahami galdegiten
dio semea eskaint diezon, eta aldi berean hitzemaiten dio ondoregoa ! Ezinezkoa zen. Fedeari esker,
Abrahamek badaki Jainkoak ez duela hitza janen. Isaakek galdegiten diolarik: « Aita, ikusten dut
sua eta egurra…bainan nun da bildotsa erre-opariarendako?» Abrahamek errepostu : « Ene semea,
utz hori Jainkoaren esku ». Fedearen bidea iluna da bainan segura.
Abrahamek ez zakien Jainkoak zer erakaspen eman nahi zion, bainan konfiantza egiten zion.
Zonbait menderen buruan, Jesus, Izaak berriak, sinetsi zuen Jainkoak hiletarik piztuko zuela. Horra
fedeak zer egiten ahal duen. Sinestea azkar egoitea da, bururaino konfiantza egitea, dudan,
etsimenduan, hersturan izanikan ere.
Jainkoaren lankide gira; utz dezagun beraz bere obraren egiterat gu baitan eta gurekin.

Ebanjelioa

Alleluia, alleluia

Egon zaitezte atzarririk, eta prest izan oraidanik.
Ez dakizue Kristo Jauna etortzekoa den orena.

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Luken liburutik 12, 32-48

Jesusek erran zioten dizipulueri:
32 “ Ez beldur izan, artaldetxoa,
zuen Aitari atsegin izan baitzaio Erresuma zueri emaitea.
Sal zuen ontasunak eta eman behartsueri.
33 Egin moltsa ezin higatua, huts eginen ez duen altxorra zeruan,
harat ez baita ohoinik hurbiltzen, ez eta han bipiek jaten.
34 Non ere baita zuen altxorra, han ere zuen bihotza.
35 Zaudezte lanerako prest eta argi-untziak pizturik.
36 Izan zaitezte nagusia ezteietarik noiz itzuliko den
beha dauden mutilak bezala,
etorri eta atea jo bezain laster idekitzeko.
37 Zoriontsuak mutil horiek,
nagusiak, etortzean, atzarririk aurkituko dituenak.
Egiaz diozuet: lanerako jauntziak hartu eta,
mahainean jarraraziko ditu, eta zerbitzatzen hasiko zaie.
38 Gauerditan edo goizalderat heldu bada,
hola aurkitzen baditu, zoriontsuak heiek!
39 Jakizue hau : etxeko nagusiak balaki
zer tenoretan etorriko den ohoina,
ez lezake bere etxearen zilatzera utz.
40 Egon prest zuek ere,
uste ez duzuen orenean etorriko baita Gizonaren Semea
41 Petrik erran zuen orduan:
“ Jauna, guretzat ala denentzat erraiten duzu parabola hori?”
42 Jaunak ihardetsi:
“Nor da bada etxegizon leial eta zentzuduna,
nagusiak bere zerbitzarien buru ezarriko duena
ogi bihia bere orduan heieri emaiteko?
43 Zoriontsu zerbitzari hura, bere nagusiak etortzean,
hala ari aurkituko duena.
44 Egiaz diozuet: bere ontasun guzien buru ezarriko du.
45 Bainan zerbitzari horrek bere baitan egiten badu:
‘Nagusiak berantzen du’ ,
eta mutil eta neskatoen jotzen hasten bada,
bai eta jaten, edaten eta mozkortzen,
46 uste ez duen egunean eta ez dakien orduan
etorriko zaio nagusia:
kanpo ezarriko du, desleialen artean, bere ganik urrun.
47 Nagusiaren nahia zer den jakinik,
harek nahi bezala deus prestatu edo egin ez duen zerbitzariak
ukaldi ederrik hartuko du.
48 Nagusiaren nahia zer den jakin gabe,
ukaldiak merezi dituen zerbait egiten duenak, berriz,
guti baizik ez du hartuko.
Ainitz eman zaionari, ainitz eskatuko zaio;
ainitzen kargua eman zaionari, gehiago galdatuko zaio.

Egungo ebanjelioan errana da zer den eliz elkarteetako buruzagien eginbidea : lurreko
ontasunen griña utzirik, elkarte horien biziaz arta hartzea.
Manu hori emaiten da hiru paraboleri esker. Lehenean, mutilak nagusiaren beha daude;
bigarrenean, nagusia etxerat itzultzen da, uste gabean, ohoin bat sartzen den bezala; hirugarrenak
erraiten du nagusiak nola jujatuko dituen mutilak.
«Ez beldur izan, artaldetxoa, zuen Aitari atsegin izan baitzaio Erresuma zueri emaitea. »
Erran nahi baita, ez iduri izanik ere, sinets Erresuma hori zuena izanen dela.
Jainkoaren agintza hori, Izrael populuari bai eta Jesu Kristoren dizipulu multxo ttipiari
zuzendua, badakigu gizon guzieri eskainia dela. Hortakotz du Jesusek, agintza horren ondotik,
galdegiten bizi molde bat garratza bere dizipulueri : « Sal zuen ontasunak eta eman behartsueri.
Egin moltsa ezin higatua, huts eginen ez duen altxorra zeruan, harat ez baita ohoinik hurbiltzen, ez
eta han bipiek jaten. Non ere baita zuen altxorra, han ere zuen bihotza ». Hitz horiek laburbiltzen
ahal dira erranez : ez erabil buruan xede bat baizik, Jainkoaren agintza.
Horrela, hiru parabolek hartzen dute beren izari osoa. Ez dituzte bakarrik emaiten kontseiluak
gizon eta emazteen bizi-molde kasu batzuendako, ez, parabola horiek fedezko bizi-moldeaz mintzo
dira, Jainkoaren xedea serioski entzun dutenendako: « Izan zaitezte nagusia ezteietarik noiz itzuliko
den beha dauden mutilak bezala, etorri eta atea jo bezain laster idekitzeko. Zoriontsuak mutil
horiek, nagusiak, etortzean, atzarrik aurkituko dituenak. Egiaz diozuet: lanerako jantziak hartu eta,
mahainean jarraraziko ditu, eta zerbitzatzen hasiko zaiote. Gauerditan heldu bada edo goizalderat
heldu bada hola aurkitzen baditu, zoriontsuak, heiek! »
Testamendu Zaharean ez da besterik irakurtzen. Huna zer dion Izaik : « Jaungoikoaren beha
nago…Esperantza dut haren baitan » Eta Mixek: « Ni, Jaungoikoaren barrandan nago, Jainkoa,
ene salbatzailearen beha ». Eta Salmoek kantatzen dute: «Jaungoikoaren beha nago, esperantza
dut haren hitzean, ene arima Jaungoikoaren beha dago, gau beilaria iratzarririk egun argiaren
beha dagon baino gehiago ». « Zu zira, Jainkoa, ene salbatzailea, egun guziez zure beha nago ».
« Goizetan apailatzen ditut denak zuretako eta beha nago ». « Begiak higatuak ditut, Jainkoa, zure
haiduru egonaren egonaz ».
Izraelek ez du ahantzi Egiptoko gaua, nola Jainkoak lagundu zuen : « Eskua azkar eta besoa
zabal.» Beraz egon atzarririk. Petrik erraiten daukunaz : « Ohoin bat bezala jinen da Jaungoikoaren
eguna. » Hori da zinez bigarren parabolaren sentsua : « Jakizue : etxeko nagusiak balaki zer
tenoretan etorriko den ohoina, ez lezake bere etxearen zilatzera utz. Egon prest zuek ere, uste ez
duzuen orenean etorriko baita Gizonaren Semea ».
Azken lerroek abisu bat emaiten daukute, bakotxak bere gain hartu behar duela Jaunaren
etortzearen apailatzea. Jainkoak errespetatzen du gizonaren libertatea, ez du bortxaz sarraraziko
bere Erresuman. Galdegiten dauku parte hartzea munduaren salbamenduan.