ABENDUKO BIGARREN IGANDEA B
Lehen irakurgaia
(Presta Jaunaren bidea)
Izai profetaren liburutik 40,1-5 . 9-11
1 “ Kontsola zazue, kontsola nere herria, dio zuen Jainkoak.
2 Mintza bihotzera Jerusalemi, egiozue oihu:
Betea duela bere mutilgoa, ordaindua bere hobenen zorra,
Jaunaren eskutik hartua baitu bere bekatu guzien ordain betea.”
3 Mintzo bat ari da oihuka:
“ Presta basamortuan bidea Jaunari.
Ezar zelaiturik eremuan galtzada gure Jainkoari.
4 Bete daitezela erreka guziak, apal mendi eta muno guziak;
xuxen daitezela malkarrak, eta zelai bilaka lur maldak.
5 Orduan Jaunaren aintza agertuko da,
eta guziek batean ikusiko dute Jaunaren ahoa mintzatu dela.”
9 Igan mendi gainerat, zu Zioni berri ona ekartzen diozuna.
Egin oihu handi, zuek Jerusalemi berri ona ekartzen diozuenek.
Egin oihu, ez izan beldurrik.
Erran Judako hirieri: “ Huna zuen Jainkoa.”
10 Hara: indarrez jantzia heldu da Jainko Jauna
eta haren besoa nagusi da.
Hara: berekin dakar garaipen saria,
eta bere aitzinean, irabazia.
11 Artzainak bezala , zaintzen du bere artaldea,
bildotsak besoan hartu eta altzoan eremaiten ditu
eta artarekin gidatzen ardi umatu berriak.
Horra hemen Izai profetaren pasarte ederrenetarik bat : “Kontsola… zazue herria.” Herria Babilonian preso dago J.K. aitzineko 6. mendean. Eta horra Izaik oihukatzen diola librantzaren tenorea etorria duela.
Jainkoak zigortu baitzuen bere bekatuarengatik – erran nahi baita Jainkoa bazter utzirik- orai baketzeko ordua da. Eta hala gertatu zen. Cyrus errege pertsiarrak, Babilonaz jabeturik, Izrael bere lurrerat igorri zuen.
“Presta basamortuan bidea…” Babilonia eta Juda artean basamortu bat zabala bada. Jadanik,
lehenago Jainkoak berak Izraeli bidea prestatu zion basamortuan, Egiptoko esklabotasunetik libratu zuelarik Moisek. Aldi huntan Izraeldarrak ez dira Babiloneko erregearentzat ariko bide egiten, ohi zuten bezala, bainan berentzat eta beren Jainkoarentzat.
Zeren, Egiptotik atera zirenean bezala, orai ere Izraeldarrek Jainkoa berekin dute, hura ere preso egon balitz bezala. Erraiteko manera bat da konpreniarazteko Jainkoa beti berekin ukan dutela, dela, eta izanen dela, hura leiala baita, artzain ona “bildotsak besoan hartu eta altzoan eremaiten dituena eta artarekin gidatzen ardi umatu berriak.”
Salmoa 84
Leloa: Ager betiko bihotz ona, salbamendua igor, Jauna.
Jauna mintzo da gizonari. Hunek nahi badu mintzo hori entzun, ixiltasunean sartu behar du.
Jainkoa mintzo da Idatzi Sainduen bidez bai eta ere gure biziko gertakariez.
Salmo huntan, Jesusek ainitz aldiz aipatu zeruko erreinu haren berezitasunak dira agertuak :
bakea, salbamendua, Jaunaren indarra, ospea, amodioa, egia…eta azkenean zuzentasuna eta bakea
sekulako.
Ongi nasaia Jainkoak berak emanen du: Jaunari esker lurrak fruitu. Ikusiz zerek deraman bizi
giren lurra, zuzengabekeriak eta herrak duten lekua, bai Jainkoaren beso azkarraren behar gorrian gaudela ez da dudarik. Bai etor bedi zure erreinua…“
Bigarren irakurgaia
(Zeru-lur berrien beha gaude )
Jondoni Petriren bigarren epixtolatik 3,8-14
8 Haurride maiteak, ez duzue hau ahantzi behar:
Jaunarentzat egun bat mila urte bezala da,
eta mila urte egun bat bezala.
9 Jaunak ez du berantzen bere agintzaren betetzean,
batzuek hala uste badute ere;
bainan pazientzia badu zuekin, ez baitu nehor galtzea nahi,
guziak bihozberritzea baizik.
10 Halere Jaunaren eguna lapurra bezala etorriko da.
Orduan, karraskan itzaliko dira zeruak,
lurraren osagaiak kizkalirik suntsituko,
lurra eta hango gauza guziak erreko.
11 Horiek guziak suntsitzekoak direnaz geroz,
ikusten duzue nolakoak izan behar duzuen,
zoin saindu eta jainkozale zuen bizitzean,
12 zuek, lehia handirekin zain zaudeztenek
Jainkoa noiz etorriko den.
Egun hartan, sutan deseginen dira zeruak,
lurraren osagaiak kizkalirik ezeztatuko.
13 Gu, ordea, Jaunak hitzeman bezala, zuzentasunaren bizileku diren
zeru berriaren eta lur berriaren beha gaude.
14 Beraz, maite maiteak, horiek igurikatzen ditutzuela,
eginahal guziak egizkitzue
Kristok garbi eta hobenik gabe aurki zaitzaten, bakean.
Jaunarentzat egun bat mila urte bezala da, eta mila urte egun bat bezala.“ Gauza hori guretzat ez da konprenitzeko errexa. Gu denboran bizi gira, Jainkoa denboratik kanpo. Gu denboran izanez, ezin konprenitua zauku denboran bizi ez dena. Harentzat mila urte, guretzat egun bat bezala! Nolaz, guk, denboran giren hauk, gauzak hasten eta bururatzen diren mundu huntan girenek, nolaz konpreni Jainkoa ez dela nehoiz hasi, betidanik badela…Orduan, bertzela iduri bazauku ere, « Jaunak ez du berantzen bere agintzaren betetzean, batzuek hala uste badute ere…Bainan pazientzia badu zuekin… » Egia da, zenbaitetan segurik, luzeak zauzkula zuzentasunik gabeko hilabete eta urteak!
Petriren entzuleek gogoan dituzkete Isaias profetaren hitzak : « Hara, zeru berria eta lur berria kreatuko ditut…Azkenik gabeko bozkarioa eta alaitasuna kreatuko ditut… » Isaias 65,17. Denbora bihozberri gaitezen zauku emana. « Eginahal guziak egizkizue Kristok garbi eta hobenik gabe aurki zaitzaten bakean. »
Ez du horrek erran nahi batzu kondenatuak izanen direla, eta bertzeak salbatuak. Ez ote gira denak nahaskeka batean bizi, bada gu baitan, kantuak dioen bezala « on ta tzar nahaste ». Bainan egia da, Jainkoak ez gaituela guhauren gogoaren kontra salbatu nahi
Ebanjelioa
Alleluia, alleluia
Apain zozue bere bidea Jainkoari,
Haren bidexkak xuxen egin.
Gizon guziek laster dute
Jainko Jaunaren salbamendua ikusiko.
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Marken liburutik 1,1-8
1 Jainkoaren Semea den Jesu Kristoren Berri Onaren hastapena.
2 Izai profetaren liburuan hunela idatzia dago:
Horra, nere mezularia zure aitzinean igortzen dut,
zuri bidearen prestatzera.
3 Mintzo bat oihuka ari da basamortuan:
Presta bidea Jaunari, xuxent bidexkak hari.
4 Eta Joanes Bataiatzailea agertu zen basamortuan.
Bihozberritzeko bataioa oihukatzen zuen,
bekatuen barkamendurako.
5 Judea herrialde osoa eta Jerusaleme guzia harenganat zoan.
Denek bataioa hartzen zuten harenganik Jordan ibaian,
beren bekatuak aitortuz.
6 Joanes kamelu-ilez jantzia zen,
eta gerrian larruzko uhala;
otteak eta baseztia zituen janari.
7 Hau oihukatzen zuen:
“ Nere ondotik dator ni baino ahaltsuagoa dena.
Ni ez naiz on,
ukurtu eta haren oinetakoen lokarrien laxatzeko ere.
8 Nik urez bataiatu zaituztet;
harek, aldiz, Izpiritu Sainduz bataiatuko zaituzte.”
“Jainkoaren Semea den Jesu Kristoren Berri Onaren hastapena”. Hitz bakar horietan Nazareteko Jesusen misterio guzia bildua da. Gizon hori Kristo da, Jainkoaren Semea. Marken ebanjelio guziak hitz horietaz ditu argitasunak emanen.
“Berri Ona” hori da berri handi bat eta on baino hobea. Ebanjelio hitzak berak Berri Ona du erran nahi. Ebanjelistek ez dute Jesusen bizia xeheki kondatu, bainan bai Hunek ekarri Berru Ona zabaldu. Eta zer da Berrri On hori? Populuak igurikatzen zuena etorri dela, biziari eta herioari norabide bat emaiten diola, gure geroa idekitzen deraukula, gure begiak argitzen, hilak ere pizten : Horra hor Berri Ona !
Matiuk eta Lukek lehenik Jesusen sortze eta haur denbora dituzte kondatzen. Markek, hastetik, Joanes bataiatzailea agertu dela dio : “Bihozberritzeko bataioa oihukatzen“ zuena. Gizon hori da Izai profetak iragarri “mezularia” Kristoren jitea apailatzen ari dena. Isaias horrek berak zuen idatzia: “Kontsola, kontsola nere populua, dio zuen Jainkoak.” (Is 40,1)
Ebanjelistek bakan dute kondatzen nola bezti eta zer jaten zuen norbaitek .“Joanes kamelu-ilez jantzia zen…Otteak eta baseztia zituen jaten” idazten du Markek. Holako hitzek sakrifizio den gabezia zerbait dute gogoratzen. Bainan ez bakarrik. Joanes basamortuan bizi da : Egiptotik atera eta, Jainkoak bere batasuna basamortuan egin zuen populuarekin. Beraz berriz ere Jainkoa hor da, eta Kristo baitan betiereko elkargoa gizartearekin eginen du. Bertzalde Eli profeta ere kamelu-ilez bezti zen. Beraz Joanes Batista Eliren ondoko bezala ekarria da.
Bada mugimendu Joanesen ingurua “ Judea herrialde osoa eta Jerusaleme guzia harenganat zoan” Behar bada Eli profeta da berriz jina ? Beraz, jendearen ustez, Mesias ez da urrun. Hori baitiote Liburu Sainduek. Joanesek gauzak haxean ezartzen ditu : “Nere ondotik dator ni baino ahaltsuagoa dena…“ Ni ez naiz mesias…Ez eta ere Eli.
Eta Joanesek garbiki erraiten du zer liferentzia den haren bataioaren eta ondotik heldu denaren
bataioen artean :“Nik urez bataiatu zaituztet; harek, aldiz, Izpiritu Sainduz bataiatuko zaituzte”.
Horrek erran nahi du Joanesen bataioa gizon bataio bat dela, Jesusen bataioa aldiz jainko bataioa da.
Bataiatzea urperatzea da, urean sartzea garbitzeko. Urak garbitzen baitu. Bainan arima ez ditaike urez
garbi . Hori Jainkoak dezake bakarrik garbi, Haren lana baizik ez ditaike izan. Guri dago, konfiantzarekin,
gure burua Haren eskuetan emaitea edo uztea.