Urteko 17. igandea C 2019-07-28
HOMILIA

Anai-arrebok!

Gaurko bi irakurgaien, lehenengoaren eta ebanjelioaren, gaia otoitza da. Lehen begiratuan, esango litzateke, eskari-otoitz soila dutela mintzagai. Baina sakonkixeago erreparatzen badiegu, askoz ere sakonago mintzo dira. Adibidez, ebanjelioak Jainkoari ABBA / AITA esaten irakatsi digu. Ondo, bihotz-hondoan, benetan hausnartzeko hitza dugu: AITA.
Eta Jainkoari eskatu beharko geniokeen gauzarik inportanteena, horixe da: eman diezagula Espiritu Santua, Jainkoa AITA bezala zer den ikusteko, bizitzeko eta ahogozatzeko argia emango diguna.
Baina azter ditzagun puntu xeheago batzuk.
Errepara diezaiogun Abrahami. Joan den igandean, ezezagun batzuei sekulako harrera ona egiten ikusi genuen Abraham. Gaur erreguka ari zaio Jaunari. Ez dio beretzat eskatzen. Sodoma eta Gomorra hirietako jendearentzat eskatzen dio: «Batzuk gaiztoak direla-eta zintzoak ere galdu egin behar al dituzu?» Eta Jaunak: «Ez; zintzorik baldin badago, ez ditut galduko».
Labur-labur pentsatzen jarririk, zer adierazten digu horrek guztiak? Batetik, Abrahamen jarrera irekia. Bere burua baino harago jota, beste batzuez arduratzen da. Guri ere zerbait baino gehiago esaten digu honek. Musulman izeneko batzuk astakeriak egiten ari direla-eta joera dugu musulman guztiak zaku berean sartzeko. Bigarren, Abrahamek nola hitz egiten dio Jaunari? Txiki-txikitatik ezaguna eta adiskidea izango balu bezala. Jainkoa ez da Abrahamentzat edozein norbait, ez da mintzo Jainkoaz hirugarren pertsona bat bezala hartuz: «Jainkoa hau eta bestea da» esanez, baizik eta «zu»ka ari zaio: zuk hau, zuk bestea. Eta are gehiago: agindu nahi balio bezala mintzo zaio Jainkoari. Ikusgarria da Abrahamek ageri duen konfiantza: etxe-etxekoa balu bezala hartu du Jainkoa. Hirugarren, Jainkoa barkabera ageri da: 50 zintzo, 45, 40, 30, 20, 10 zintzo badaude, ez diot gaitzik egingo. Jainkoa AITA dela ageri da bizi-bizi.
Eta ebanjelioan? Jesusek erakutsi digun otoitz hori? «GURE AITA». Laburtu beharrez, gogoeta txiki batzuk.
− «Gure Aita» esaten diogu, eta ez «nire Aita». Lehenengo hitz hau bakarrik, mundu bat da, mundu ikusgarri bat. Guztion Aita dela aitortzen dugu hasiera-hasieratik, gizon-emakume guztion Aita dela.
− «santu izan bedi zure izena»: guztiek har dezatela Aitatzat, santutzat, on-ontzat. Guztiek aitortu dezatela kreatzailetzat, salbatzailetzat. Guztiak senti daitezela kreatutzat, salbatutzat. Horrek dakarren guztiarekin: konfiantza, poza, alaitasuna, elkartasuna …
− «etor bedi zure erreinua, zure erregetza»: Misiolari bihurtzen gara otoitz honetan berean. Zer nahi du misiolari batek? Jainkoa izan dadila gidari, errege munduan, jende guztiaren artean. Jainkoaren aginduak har ditzala jendeak, ez kapritxozko arautzat, baizik benetako bidetzat nortasun betera iristeko.
− «emaguzu gaur egun honetako ogia»: mundu guztian langabezia kentzeko eskatzen diogu, mundu guztian hondamendia saihesteko; gorputz-ogia eta espiritu-ogia eskatzen diogu.
− etab.

Baina eskatua emango digun konfiantzarekin eskatzea da kontua. Ez digu emango eskatzen diogun edozer gauza. Mundua berrituko duen Espiritua hartuko dugu. Mundua Jainkoaren araberako egin ahal izateko argia eta adorea emango dizkigun Espiritu Santua emango digu. Oso kontuan hartu beharko genuke hau. «Otoitzak ez du ezertako balio» bezalako esaerak saihestuko genituzke hau ondo ulertuko bagenu: Espiritua emango digu, argi eta adore izateko. Otoitzak ez gaitu libratzen geuk, munduak, gizarteak egin beharrekoa egitetik.
Bai inportantea dela Jainkoa «Gure Aitatzat» hartzea. «Gure» horrek gizakion «gutasuna» adierazten du: nik ezin dudana guk badezakegu, zuk ezin duzuna guk badezakegu, hark ezin duena guk badezakegu… Espiritu Santuaren argiarekin eta adorearekin.
Zeruko Aita, emaguzu fedea, zu benetan Aitatzat hartu ahal izateko; emaguzu esperantza, zugandik behar dugun guztia konfiantzaz espero ahal izateko; emaguzu maitasuna, zure maitasunaz mundu guztia maite ahal izateko.

Dionisio Amundarain