Abendualdiko 2. igandea B 2014-12-07
HOMILIA

Duela gutxi gertatua. Urtetan aurrera noala eta, galdezka nire lanetan txanda zeinek egingo ote lidakeen. Besteak beste, esperantza handirik gabe izan bada, pertsona bati planteatu diot, eta hurbiletik ikusi nahi lukeela zer egiten dudan. Ustekabean, bizia.

Egiaztatua, beste behin, bizia edozein lekutan dela bizia. Esaterako, zenbait urte-arotan, zeinek esan Aralar mendia berde-berde ikusi behar dugunik? Baina aski da euri pixka bat baino gehixeago egitea, eta hor agertzen zaigu, begien atsegingarri; hila ematen zuen mendiak bere baitan zuen bizia.

Horrelako zerbait gertatu zen Joan Bataiatzailearekin ere. Basamortura joan da. Hila dagoenaren sinboloa da basamortua. Baina Joanek badaki, hila dagoela ematen duen hori ez dagoela hila. Badaki, berekin duela bizia hila dagoela ematen duen horrek. Ezkur-ale bat bezala; itxuraz hilik dago, baina bere baitan du haritz mardul bat hazi, handitu eta lerden egiteko bizia.

Joan Bataiatzaileak ere badaki: judu-herriak hilik dagoela ematen du, esperantzarik gabe bizi da, ilusiorik gabe; halere, Joanen ustez, hor du herri horrek bere bizia, bere gizatasun-izerdia eta arnasa. Falta dena, bizi hori aintzat hartzea da.

Horregatik hasi da basamortuan predikatzen. Damutzeko eta bataiatzeko.

Baina askotan ahazten dugun beste alderdi bat nabari diogu Joani. Ez da gelditu «aitortu bekatuak, egin penitentzia» esanez. Joanek bere jo puntuan Jesus du. Pertsona bat. Jesusengana zuzendu nahi ditu jendearen begiak. Bere ikasleak berak Jesusi begira jarrai nahi ditu. Ez zaio inporta bera ikaslerik gabe gelditzea. «Nire ondoren dator ni baino ahaltsuagoa dena… Nik urez bataiatzen zaituztet; hark, ordea, Espiritu Santuaz baiatuko zaituzte» (Mk 1,7-8). Kontua pertsona bati begira jartzea: hitz egiten dizun, erantzuten dizun, maite zaituen, lagundu nahi dizun pertsona bati begira.

Kontua, azken batean, ez da penitentzia handiak egitea. Inporta duena Jesus da. Jesusen ondoren ibiltzea. Jesus ezagutzea. Jesus maitatzea. Bi ikasle-gaik galdetuko diote: «Non bizi zara, Maisu». Eta Jesusek: «Etorri eta ikusiko duzu». Ikusiko duzu, non eta nola bizi naizen eta zer egiten dudan. Jesus ez da hasi teoria handiak irakasten. Bere biziera agertu die: pobreen aldeko biziera, gaixoen aldeko biziera, bekatarien aldeko biziera.

Eta hori guztia, Markosek bere ebanjelioaren hasiera-hasieran Jesus hori zer den esan diguna kontuan harturik: «Jesu Kristoren, Jainkoaren Semearen, Ebanjelioaren hasiera». Jainko izanik gizon egin da, gizona Jainko egin dadin. Horra Abendualdiko esperantzaren iturri handia. Gu Jainkoa egitera etorri da Jesus. Horretara etorri dator. Horixe eramango du bere betera gutako bakoitzarengana bigarrenez etorriko denean.