Jesusen hiru bide
Abendualdiko 2. igandea. B 2014-12-07
Bide poetikoa (Isaiasen irakurgaia)
K.a. 540. urte inguruan, juduek kasik 50 urte zeramatzaten erbestean, Babilonian. Urte latzak, sufrimendu handikoak, askatasun- eta aberrira itzultzeko antsiaz gogortuak. Albiste on horixe adierazi du profetak. Alabaina, bidearen luzeak, gozorik gabeko zonatan barna ibili behar izateak, jende asko izutu lezake, eta desanimatu bideari ekitetik. Orduan, ahots misteriotsu batek agindua eman dio, ez jakin zeini, Jaunari bidea prestatzeko. Ez doakie gizon-emakumeei, zeren egin beharreko lana gizagaindikoa baita: basamortuan bide bikain bat eraikitzeko, mendiak eta mendixkak zelaituz, ibarrak betez. Bide hartan barna itzuliko da judu-herria, bere Jainkoa bidelagun, bere artaldea bazkatzen duen artzaina bailitzan.
Bide etikoa (Qumran)
Denborarekin, Jaunari bide bat prestatzeko ideiak zentzu berri bat hartu zuen: K.a. II. mendearen erdi aldera, judu-apaiz eta judu-laiko batzuen talde batek, Jerusalemeko apaizen portaerarekin eta ezartzen ari ziren ohitura paganoekin konforme ez-eta, Isaiasen liburuko testua gogoan zuela, Judako basamortura erretiratzea erabaki du eta han, Qumran-en, elkarte erlijioso antzeko bat fundatu. Basamortuan Jaunaren bidea prestatzen ari dira. Kontua ez da jada bide poetiko bat, baizik jokamolde bat, Jaunaren Legearen arabera. (Hebreeraz, derek: «bidea» eta «portaera» esanahi dezake, ingeleseko way-k bezala).
Jesus Jaunaren bidea (ebanjelioa)
Isaiasen testuaren interpretazio hau bera aplikatu dio ebanjelioak Joan Bataiatzaileari. Hau ere basamortura doa bide bat prestatzera. Lehen begiratuan, ematen du bide etiko bat dela, Qumran bat bezala; izan ere, Joanek bihotz-berritzera eragiten du eta bataioa hartzera, bekatuak barkatzeko. Baina Joanen hitzek garbi diote, bera baino ahaltsuagoa den pertsona bati prestatu nahi diola bidea, berea baino goragoko bataioa dakarren pertsona bati: Jesusi.
[Joanen bataioaren eta Jesusenaren arteko aldeaz, gogoan izan behar da, «bataiatu» aditzak «garbitu» esan nahi duela grezieraz. Fariseuek, adibidez, «bataiatu» egiten dituzte platerak, garbitu. Baina garbitzea urez bakarrik egin daiteke; hala egiten du Joanek; azaleko garbiketa da, zikinik sakonenak ezin garbitu ditu. Eta «Espiritu Santuaz» ere egin daiteke garbitzea (edota «Espiritu Santuaz eta suaz», beste testu batek dioenez), pertsona erabat garbituz.]
Zain egon eta lan egin Jaunaren eguna lehenbailehen irits dadin (2 Pedro 3,8-14)
Lehen mendearen erdi eta azken aldera, kristau asko hasi ziren nahasmendua sentitzen. Errepikatu izan zieten Jaunaren etorrera eta munduaren azkena gainean zirela. Alabaina, bazihoazen urteak eta Jauna ez zen itzultzen. Pedroren 2. gutunaren idazleak (ez da San Pedro) kezka hori kentzera dator; eskaini duen erantzuna, ordea, hogei menderen ondoren ere, ez da oso konbentzigarria; dio Jauna ez dela ari atzeratzen, baizik eta epe bat ematen digula bihotz-berritzeko. Idazleak jarrera tradizionalari eusten dio, esanez, Jaunaren etorrera eta munduaren azkena bat-bateko gauza izango direla, ustekabean etorriak. Eta Jauna atzeratzen ari izateaz kexatu gabe, «zain egon behar dugula eta lan egin lehenbailehen iritsi dadin». Gainera, munduaren azkena zeru berri baten eta lur berri baten hasiera izango da, eta prestatu egin behar dugu hari harrera egiteko, biziera santua eta jainkozkoa eginez, Jainkoarekin bakean, garbi-garbi eta akasgabe biziz.
Jesusengan oinarritua den etika bat
Bigarren irakurgaiak, ebanjelioak bezala, batu egin du etikaren bidea Jesusengana daraman bidearekin: Joan Bataiatzaileak lehen etorrerarekin erlazionatu du; Pedroren gutunak bigarren etorrerarekin. Liturgiak diosku Abendualdia ez dela esperoan pasiboki egoteko aroa, pelikula noiz hasiko esperoan egotea bezala: konprometitu egin behar da eginkorki. Eta konpromiso hori Jaunaren etorreraren oroitzapenean eta bigarren etorreraren esperantzan oinarritu behar da.
José Luis Sicre