Pazkoaldiko 3. igandea C 2019-05-05
HOMILIA
Anai-arrebok!
Gaurko ebanjelioak diosku, Jesus hirugarrenez AGERTU zaiela ikasleei. Baina nolakoak direla Jesus berpiztuaren AGERPEN hauek?
Gaurkoan, adibidez, ikasleak arrantzuan ari direla, Jesus itsas ertzean agertu zaie. Baina ikasleek ez diote antzeman: «ez zekiten Jesus zela», dio ebanjelioak. Baina, Jesusen esanera, sarea bota eta sekulako arrain-piloa harrapatu dute. Hori ikusirik, Jesusek maite zuen ikasleak esan dio Pedrori: «Jauna da». Pedrori ez zaio burutik pasatu ere horrelakorik.
Nondik nora atera du ikasle maiteak hori? Badakigu, izan zuela beste behin ere intuizio bizi hori ikasle maiteak; Pazko igandeko ebanjelioan (Joan 20,1-9) zen; Pedro eta ikaslea joan ziren hilobira; Pedro sartu zen hilobira eta sartu bezala irten zen; ondoren sartu zen ikasle maitea, ikusi zuen eta sinetsi egin zuen. Pedrok ez bezalako konklusioa atera zuen.
Ikasle maiteak ez zuen ikusi Jesus berpiztua fisikoki. Jesus berpiztuak ez du gorputz fisikorik. Horrek ez du esan nahi pertsona ez dela. Zer ikusi du Joanek edo ikasle maiteak? Intuizio berezia du; Pedrok ez bezalakoa. Intuizio berezia. Esan nahi da, gauzak, gertaerak, esperientziak, jakintzak … elkarrekin erlazionatzeko gaitasun berezia duela. Gaurko ebanjelioan Jesusek esan eta egin duenak Bibliako beste hainbat pasarte dakarzkio burura, Jesusek hil aurretik esan eta egin zituen hainbat gauza. Horiek guztiak elkarrekin erlazionatuz, JESUS BIZI DA atera zaio bihotz barnetik.
Izan ere, Jesusek, hil aurretik, ez al zien esan: «giza arrantzale egingo zaituztet»?, ez al zien esan, zailtasunak izango zituztela jendea konbentzitzen, baina Jesus bera ere berekin izango zutela, eta beren lanaren fruitua ikusiko zutela? Horiekin guztiekin erlazionatu ditu Joanek gaurko ebanjelioko hauek: gau guztia eman dute arrantzuan, baina ez dute ezer harrapatu (zailtasunak); Jesusen hitzean konfiantza jarriz, bota dute sarea, eta sekulako arrain-piloa harrapatu dute (lanaren fruitua Jesusekin batera jokatuz).
Joanek edo ikasle maiteak egin duen buru eta bihotz-lanari horri, seinaleak ikusteko gaitasuna esaten diogu. Jainkoak, bere ontasunaren, maitasunaren, errukiaren seinale asko utzi dizkigu munduan. Jesus berpiztuak bera bizi denaren seinale asko utzi dizkigu munduan. Beste gauza jakin batzuen artean, ez al da seinale handi eta miresgarria, gaur oraindik hila izan den gizon horretaz hitz egiten jarraitzea?, bizi dela uste izatea? Eta hori guztia, fededun garela esaten dugunok askotan hain miserable agertzen garelarik.
Bibliako gauzetan jakitun den batek esana, «zorionekoa, ikusten dituenak ikusita ere sinestedun jarraitzen duena». Ez du esan, zorionekoa «ikusi gabe sinesten duena», Jesusek Tomas santuari esan zion bezala. Baizik eta, «zorionekoa, ikusten dituzunak ikusirik ere, fededun jarraitzen duzun hori».
Bai. Miseria handia ikusten dugu fededun dela esaten duen jendeagan. Geugan.Fededun ez direnengan ere ikusten dugu halakorik. Baina Jesusek ez gaitu umezurtz utzi. Bere Espiritua bidali digu. Espiritu horrek, hainbat eta hainbat injustiziaren artean, Jesusen biziaren seinaleak ikusteko argia ematen digu.
Duela gutxi Sri Lankan gertatu den sarraskia hor dago. Gaurko lehen irakurgaiak kontatu digunaren bertsio modernoa dugu sarraski hori. Baina, aldi berean, hor dugu hainbat eta hainbat jenderen lana, mundu hau egunetik egunera zerbait gozoago egiteko. Jesusek ez zien esan jarraitzaileei oztoporik eta nekerik eta arriskurik gabeko mundua utziko zienik. Baizik eta «arkumeak otso artera bezala bidaltzen zaituztet».
Kristauok saiatu beharko genuke, gaurko munduan ditugun otsoak identifikatzen. Eta halakoen artean zuhurtziaz eta maitasunez jokatzen. Baita, ordea, adorez ere, Jesusek jokatu zuen bezala.
Dionisio Amundarain