BAZKOKO HIRUGARREN IGANDEA C

Lehen irakurgaia

( Apostoluen kontrako pertsekuzioa )

Apostoluen Egintzetarik 5, 27b-32; 40b-41

Apostoluak Biltzar nagusiaren aitzinerat ereman zituzten.,
27 eta apez nagusiak erran zioten:
28 “ Zorrozki debekatu ginautzuen gizon horren izena irakastea,
eta horra Jerusaleme osoa zuen irakaspenaz bete duzuela.
Gizon horren heriotzea gure gain ezarri nahi ote duzue?
29 Petrik eta beste Apostoluek ihardetsi zioten:
“ Jainkoaren errana egin behar da lehenik, ez gizakiena.
30 Gure arbasoen Jainkoak piztu du Jesus,
zuek zur batetik dilindan hil duzuena.
31 Hura du Jainkoak bere indarraz goratu,
Buruzagi eta Salbatzaile eginez,
Izraeli bihozberritzea eta bekatuen barkamendua emaiteko.
32 Gu, horien guzien lekuko gira, gu eta Izpiritu Saindua,
Jainkoak hari obeditzen dioteneri eman duena.”
40 Apostoluak azotatu ondoan,
Jesusez mintzatzea debekatu zioten; eta libratu zituzten.
41 Apostoluak Biltzar nagusitik bozkariotan atera ziren,
Jesusen izenagatik laidoak jasaiteko gai aurkituak izan zirelakotz.

Jesusez mintzatu direlakotz apostoluak azotatuak izan dira. Auzitegitik libre ateratu dira :
«Bozkariotan atera ziren, Jesusen izenagatik laidoak jasaiteko gai aurkituak izan zirelakotz. »
Saristatuak izan balire bezala. « Dohatsu zuek, jendeek hastiatzen, baztertzen, laidostatzen eta
belzten zaituztetenean Gizonaren Semeagatik. Bozkarioz jauzi egizue orduan, handia baita zuen
saria zeruan; alabainan, gauz bera egiten zieten profeteri horien arbasoek. » (Lk 6, 22-23) Eta
Jesusen bertze erran huntaz orroit dira: « Ni pertsegitu banaute, zuek ere pertsegituko zaituztete. »
(Jn 15,16)
Petri eta Joani Jerusalemgo auzitegirat eremanak direla ez da lehen aldia. Ate-Ederreko
maingua sendatu zutelarik, zernahi entzun baitzen orduan hirian, atxilotuak, galdekatuak,
mintzatzera debekatuak izan ziren; eta denen buru libratuak. Atera ordu, predikatzen eta mirakulu
egiten hasi ziren berehala. Berriz arrastatuak izan ziren eta Jainkoaren aingeru batek libratuak.
Mirakuluzko librantza horrek indar gaitza eman zioten. Eta berriz predikatzen hasi ziren. Hemen da
egungo irakurgaia.
Berriz ere arrastatuak dira. Apez Nagusiaren galdearen ondotik huna Petriren erantzun
ederra: « Jainkoaren errana egin behar da lehenik, ez gizakiena. » Eta Petrik bere predikuen
bilduma bat presentatzen diote: bi logika badira, Jainkoarena eta gizakiena; gizakienak dio:
gaixtakina ken eta haren heriotzearen ondotik ez aipa gehiago! Jesus, apezen arabera, gezurti bat
zen, ezeztatua izan da. Eginbidea zen, jendeak sobera aise sinesten du edozoin mesias. Kondenatua,
hila, gurutzizatua, madarikatua : Jainkoak berak madarikatua.
Bainan, Jainkoaren logika bertzelakoa da : bai, hil duzue, zur batetik dilindan… Bainan,
Jainkoak ez du madarikatu, goraltxatu du, Buruzagi, Salbatzaile egin : « Hura du Jainkoak bere
indarraz goratu, Buruzagi eta Salbatzaile egin, Izraeli bihozberritzea eta bekatuen barkamendua
emaiteko. » Ele ezin onetsiak Juduentzat : bekatuen barkamendua Izraeli emana bada, agintzak bete
direlako berria da.
Petrik dio : « Gu horien guzien lekuko gira, gu eta Izpiritu Saindua, Jaink
hil nahi zituzten. Bainan bazen Biltzar Nagusian Gamaliel deitu farisau bat, herri osoan itzal
handia zuen lege-irakaslea. » Gamalielek Petri eta Joani atera ziten manatu zuen eta jujeri mintzatu
zitzaioten : « Horien asmoa eta egintza jendeenganik badira, suntsituko dira; Jainkoarenganik
badira, berriz, ez dituzue suntsitzen ahalko. Ez zaiteztela Jainkoarekin borrokan has. » (Eg 5,38-
39)
Gamaliel mintzo balitz egun, Eliza Jainkoaren egintza dela erran lezake; bi mila urte hauetan
traba guzieri nagusitu da, bai gure ahultasuneri, bai gure eskaseri.

Salmoa 29

Leloa: Jaunari kantu, zerutik gaitu eskuz hartu !

Zure alderat, nere Jainkoa, nere Jauna,
Egin dut oihu eta zuk eman osasuna.
Atera duzu nere arima ifernutik,
Zaindua nauzu hil ziloraino lerratzetik.
Jainko Jaunari haren gizonak has kantari:
Eman gogotik eskerrak haren izenari.
Haren hasarrek apur bat baizik ez diraute;
Bizi guzian gu maitez harek begitarte.
Gauerakoan soari nigar jauzten zaio,
Eta goizean zerurainoko bozkario.
Nuen dolua egin dautazu dantza jauzi,
Kapa kendurik betiko bozez nauzu jauntzi.
Zor dautzu, Jauna, nere arimak soinu kantu,
Nahi zaitut zu beti ta beti goraipatu.

Salmo arras laburra, bainan hunen ixtorioa jakingarria. Hauxe da:
Eman dezagun putzu batera erori dela norbait: oihu egin du, otoiztu, laguntza galdetu… arrazoinak
ere emanez putzu hortarik ateratzeko (adibidez, gero, nik zaituztet lagunduko) ! Iduriz, bere putzuan
ikusiz batzu loriatzen dira… bainan laguntza galdeka segitzen du. Eta norbaitek bere oihuak entzun
ditu, norbait etorri zaio libratzera, putzu hortarik ateratzera. Eta norbait hori, Jainkoa bera! Gure
gizona, ateratu eta, loriatzen da! « Zure alderat, nere Jainkoa, nere Jauna, egin dut oihu eta zuk
eman osasun. Atera duzu nere arima ifernutik, zaindua nauzu hil ziloraino lerratzetik. Jainko
Jaunari haren gizonak has kantari: eman gogotik eskerrak haren izenari. »
Beti bezala salmoetan, bi irakur-molde badira: putzu batean erori gizon baten ixtorioa du
kondatzen, bainan parabola bat da. Barnatuz, herri guzia da ele eta kantu, Babiloniako desterrutik
libratua izan delakotz. Babiloniako desterrua, putzu haundi batean erortzea izan zen eta ainitzek
pentsatu zuten Izrael bere hartan egonen zela.
Epe luze hortan, apezek, profetek lagunduz, herriak bere itxaropena, bere indarra atxiki
zuen, laguntza galdetzeko: « Zuri dei egin nauzun Jauna, Jaunari dei egin nion.. Entzun Jauna!
Urrikal nitaz! Jauna zatozkit lagun. » Eta bere otoitzean herriak argumentu guziak erabiltzen
zituen, adibidez: « Zer irabaziko duzu hiltzen banaiz ? » Zeren orduan ez baitzen sinesten hilen
piztean : « Zer irabaziko duzu hiltzen banaiz, hilobirat jausten banaiz? Errautsak goretsiko ote
zaitu? Zure leialtasuna mezutuko ote du? » (v.10)
Eta mirakulua gertatu da. Jainkoak bere herria salbatu du: « Zure alderat, nere Jainkoa, nere
Jauna, egin dut oihu eta zuk eman osasuna. Atera duzu nere arima ifernutik, zaindua nauzu hil
ziloraino lerratzetik. » Orai piztean sinesten duten guziek, judu eta giristino, azken lerro hunek
pozez betetzen ditu eta Alleluia kantarazten.
Bainan putzu batera ohargabean erortzen ahal gira. Babiloniako desterru erakaspen haundia
izan daiteke. Ordu arte, Izrael lasai zagon: « Lasaialdian neure baitan egiten nuen: « Ez naiz sekula
kordokatuko » (v.7) Profetak debaldetan ari ziren predikatzen. Babiloniako desterru denboran
jendek ukan zuten astia gogoeten egiteko, zorigaitz hori beren lazakeriaren ondorioa zitekela. Berriz
zilo bererat ez erortzeko, elkargoaren leialtasunean bizi behar duela sinetsi du : « Nahi zaitut zu beti
ta beti goraipatu. »

Bigarren irakurgaia

( Aintza guretzat hil den Bildotsari )

Jondoni Joaniren Apokalipzatik 5, 11-14

11 Nik, Joanik, nere ikuspenean ,
Tronuaren, Bizidunen eta Zaharren inguruan
zauden Aingeru ainitzen mintzoa entzun nuen.
Milaka eta miliunka bazen,
12 eta ozenki zioten:
“ Hila izan den Bildotsak hartze ditu ahalmena, aberastasuna,
zuhurtzia, indarra, ohorea, aintza eta goresmena.”
13 Eta zeruan, lur gainean, lurpean eta itsasoan
dauden kreatura guzieri entzun nioten erraiten:
“ Tronuan jarria dagonari eta Bildotsari
goresmena, ohorea, aintza eta nagusitasuna menderen mendetan.”
14 Eta lau Bizidunek zioten: “ Amen!”,
eta Zaharrek ahuspekaturik adoratu zuten.

Huna ikuspen bat harrigarria. Gauza bat dakiguna: Apokalipza liburu osoa garaipen baten
kantua da. Egungo irakurgaian garbiki ageri da ! Zeruan, milaka eta miliunka aingeruk ozenki diote:
« Gora Erregea! » edo zerbait holako, eta izadi guzian, zeru-lurrean bai eta lurpean, hats duten
guziek gorespen eta ohore kantatzen dute errege bati dagokion bezala.
Errege hori, Jesu Kristo da : « Hila izan den Bildotsa » hura da goretsia eta « ahalmena,
aberastasuna, zuhurtzia, indarra, ohorea, aintza eta goresmena » hartze ditu. Kristoren
erregetasuna aipatzeko, hizkuntza sinbolikoa erabiltzen da, itxura eta zenbakiekin. Testo hau
aberatsa bezain konpreni nekea da. Aberatsa, zeren hizkuntza sinbolikoak bakarrik baigaitu
Jainkoaren munduan sarrarazten, eta hori bide nekea izanki; doi doia sargia bat da, itxura batzu,
zenbaki batzu errepikatuak, eta hori nahitarat.
Sinbolo horien argitzeko gure irudimenaren laguntza badugu, bainan idazleak zer erran nahi
izan duen, nola jakin ? Sinboloen argitzeak umiltasuna galdetzen du. Eman dezagun « Lau
Bizidunak »: aitzineko kapituluak seina hegalekin presentatzen ditu. Lehena lehoina iduria;
bigarrena zezena iduria; hirugarrena jendeak bezalako aurpegiarekin eta laugarrena arranoa iduria.
Irene sainduak zuen, bigarren mendean, heien interpretapena eman, lau ebanjelistak zirela : Matiu,
jende aurpegiarekin; Mark lehoina; Luk zezena; Joanes arranoa. Bainan biblistak ez dira akort :
Apokalipzaren idazleak Ezekielen itxura bat hartu duela uste dute, nun lau abereek, mundu
kreatuaren itxurak direnek, Jainkoaren tronua atxikitzen duten.
Eta zenbakiek zer erran nahi dute ? Iduri luke 3ak Jainkoa duela sinbolizatzen eta 4ak
mundua (lau haizeak) ; 7ak (3+4) Jainkoa eta mundua gogorat emaiten dute : betetasuna,
ezinhobetasuna. 6ak (7-1), betegabetasuna, ez osoa. Irakur dezagun berriz testoa : « Hila izan den
Bildotsak hartze ditu ahalmena, aberastasuna, zuhurtzia, indarra, ohorea, aintza eta goresmena. »
Beraz mundu huntako lau betetasun, eta hiru zeruari doazkionak (ohorea, aintza eta goresmena).
Zazpi denetara, horrek erran nahi bailuke Jesus osoki Jainko eta osoki gizon dela.
Ondotik « Eta zeruan, lur gainean, lurpean eta itsasoan dauden kreatura guzieri entzun
nioten erraiten »: hemen ere lau hitz, izadi osoa aipatzeko. Eta denek oihu egiten dute : « tronuan
jarria dagonari eta Bildotsari goresmena, ohorea, aintza eta nagusitasuna menderen mendetan. »
Kreatua den izadiak tronuan dagonari (Jainkoari) eta Bildotsari, bere menpetasuna aitortzen dio.
Ezekielen Liburuan Jainkoaren tronua atxikitzen duten bizidunak, lau direla, ez da beraz
harritzekorik.
Joanesek azpimarratu nahi duena hau da: itxuraz garaitua dena, egiaz garaile dela.
Testamendu Berriko misterio haundia hemen da: munduaren nagusia, apaltzen da ; bizi direnen eta
hilak direnen epailea, gaixtagina bezala izan da jujatua; Jainkoa, arnegatzaile gisa izan da tratatua.
Joanesen gogoeta hauek bi helburu dauzkate: gurutzearen eskandalari erantzun bat behar
zaio eman. Idazten duen denboran, juduak eta giristinoak polemika gorrian dira: Juduentzat,
Kristoren heriotzea aski zen frogatzeko Jesus ez zela Mesias. Giristinoek aldiz, piztearen lekuko
izanik, Jainkoaren promesaren betetzea dute ikusten. Gurutzea Jainko Semearen seinalea da, Jesus
berak aitzinetik errana zuen bezala: « Gizonaren Semea altxatuko duzunean ohartuko zirezte
naizena naizela » (Jn 8,28). Joanesen bigarren helburua : nekean diren bere haurrideeri indar
emaitea : amodioaren indarrak herraren indarrak garaituak ditu. Hau da Apokalipzaren mezua.

Ebanjelioa

Alleluia, alleluia

Piztu da Kristo, diren guzien Egilea:
Urrikari du gizasemeen artaldea.

Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Joaniren liburutik 21, 1-19

1 Jesus berriz agertu zitzaioten bere dizipulueri
Tiberiadeko laku-bazterrean, eta huna nola.
2 Elkarrekin zauden Zimun Petri, Tomas ( erran nahi baita biritxi),
Natanael, Galilea Kanakoa, Zebedeoren semeak,
eta beste bi dizipulu.
3 Zimun Petrik erran zioten:
“ Banoa arrantzara.”
Besteek ihardetsi:
“ Zurekin goatzi gu ere.”
Atera ziren eta untzirat igan,
bainan gau hartan ez zuten deusik hartu.
4 Argitu zuenean, Jesus han zagon, ur bazterrean,
Bainan dizipuluek ez zakiten Jesus zela.
5 Jesusek erran zioten:
“ Haurrak, baduzue jatekorik?”
Heiek ihardetsi: “ Ez.”
6 Jesusek erran zioten:
“ Bota zazue sarea untziaren eskuin alderat eta aurkituko duzue.”
Bota zuten beraz, eta ez zuten ateratzen ahal,
hain zen arrainez betea.
7 Orduan, Jesusek maite zuen dizipuluak Petriri erran zion:
“ Jauna da !”
Zimun Petrik, Jauna zela entzun orduko,
soinekoa jantzi zuen, (kendua baitzuen ), eta urerat jauzi egin.
8 Beste dizipuluak untziz etorri ziren, arrainez bete sarea tiratuz,
leihorretik hurbil baitziren, ehun bat metretan.
9 Untzitik jautsi eta ikatz goriak ikusi zituzten,
arrain bat gainean eta ogia.
10 Jesusek erran zioten:
“ Ekarrazue orai hartu arrainetarik.”
11 Zimun Petri untzirat igan zen, eta leihorrerat atera zuen sarea,
ehun eta berrogeita hamahiru arrain handiz betea.
Eta hainbeste izanik ere, sarea ez zen urratu.
12 Jesusek erran zioten:
“ Zatozte gosaltzera!”
Dizipuluetarik nehor ez zen ausartatzen nor zen galdatzera,
baitzakiten Jauna zela.
13 Jesus hurbiltzen da, ogia hartzen du,
eta emaiten diote , eta berdin arraina.
14 Hirugarren aldia zen, Jesus, hilen artetik piztu ondoan,
bere dizipulueri agertzen zitzaiotela.
15 Gosaldu ondoan, Jesusek erran zion Zimun Petriri:
“ Zimun, Joanesen semea, maite ote nauzu horiek baino gehiago?”
Ihardesten dio:
“ Bai, Jauna, badakizu maite zaitudala.”
Jesusek orduan:
“ Alha nere bildotsak.”
16 Bigarren aldikotz erraiten dio:
“ Zimun, Joanesen semea, maite ote nauzu?”
Petrik ihardesten dio:
“ Bai, Jauna, badakizu maite zaitudala.”
Jesusek orduan:
“ Zaint nere ardiak.”
17 Hirugarren aldikotz erraiten dio:
“ Zimun, Joanesen semea, maite ote nauzu?”
Petrik pena hartu zuen,
hirugarren aldikotz galdatu baitzion maite zuenez,
eta erran zion:
“ Jauna, denak badazkitzu, badakizu maite zaitudala.”
Jesusek erraiten dio:
“ Alha nere ardiak.
18 Egiaz egiaz diozut: gazteago zinelarik,
zuhaurek ezartzen zinuen gerrikoa,
eta nahi zinuen tokirat joaiten zinen;
zahartzean, ordea, besoak altxatuko ditutzu,
eta beste batek ezarriko dautzu gerrikoa,
eta nahiko ez duzun tokirat eremanen zaitu.”
19 Jesusek hori erran zuen,
adiarazteko nolako heriotzeaz Petrik aintza emanen zion Jainkoari.
Gero erran zion ere :
“ Jarraik neri.”

Jesus Piztuaren bertze agerraldi bat dugu hemen. « Agerraldi » hitz hunek ez gaitzala
engainatu. Jesus ez da nunbaitik agertzen, gero desagertzeko: bere dizipuluen ondoan dago gure
ondoan dagoen bezala: « Eta ni zuekin izanen naiz egunoroz munduaren azkeneraino. » (Mt 28,20)
Ez da ikusten bainan ez du alde egin; agerraldietan, bere burua ikusterat emaiten du.
Agerraldi horiek sustengu bat dira guretzat. Gure fedea finkatzen dute. Emanak diren
xehetasunak harrigarriak litazke, sinbolikoak ez balire. Adibidez ehun eta berrogoita hamahiru
arrainak: laugarren mendean, Jeronimo sainduak dio Jesusen denboran ehun eta berrogoita
hamahiru arrain mota zirela ezagunak; arrantza ezin hobea zela erraiteko moldea ditake beraz.
Bertze xehetasun bat: untzitik jaustean dizipuluak ikatz gori su bat aurkitzen dute, arrain eta
ogi bat gainean; halere, Jesusek orduan hartu arrainetarik ekartzea galdetzen diote. Eskas izanez ?
Bertzela pentsa daiteke : Berri Onaren mezutzean Jesusek aintzintzen gaituela (arraina su gainean
ezarria dizipuluak etorri aitzin) eta ber denboran gure laguntza galdetzen duela.
Bertze bitxikeri bat: Jesus eta Petriren arteko solasak. Ostegun eta Ortzirale arteko gauean,
Petrik hiru aldiz ukatu zuen Jesus ezagutzen zuela; orai Jesusek hiru aldiz Petriri galdatzen dio
maite duenez : zer galde maitagarria, Petriren arneguaren ezeztatzeko! Aldi oroz, Petriren baiarekin,
Jesusek bere artealdearen artzaintza gomendatzen dio : « Alha nere ardiak ». Kristoren alderateko
gure atxikimendua egiazkoa izanen da bertzeen zerbitzuko balinbagira.
« Zahartzean, besoak altxatuko ditutzu, eta beste batek ezarriko dautzu gerrikoa, eta nahiko
ez duzun tokirat eremanen zaitu. » Erranaldi harrigarria hau ere. Erran-nahia hau izan daiteke:
Petriri emana zaiona ez da nagusi izaitea bainan zerbitzari. Zerbitzariek eta bidariek zuten gerrikoa
emaiten: Berri Onaren mezutzailentzat bietan on.
Bertze galde bat oraino: zergatik dio Jesusek : « Maite ote nauzu horiek baino gehiago? »
Ez du erran nahi maitatzean truk ukanen duela kargua bainan izendatze horrek amodio gehiago
galdetzen duela. Ez ote da hau dei bat nagusitasuna daukateneri ? Nagusitasun guziek eginbide bera
dute: kargu bat onartzeak amodio haundia eskatzen du.