Ostiral Santua (2019-04-10)
HOMILIA

Ostiral Santua. Anai-arrebok: «Zein Jesus hil dugu?»

Kalean jendeari galdetuko bagenio: «Zer ospatzen da Aste Santuan?», zein izango litzateke erantzuna? Batzuek, segur aski, erantzungo lukete: «Jesus gurutzean hil izana». Baina aurreraxeago joz, galdetuko bagenu, «zergatik hil zuten gurutzean?», jende gutxiagok erantzungo luke. Dena den, kristauontzat hor dago galdera: zergatik gogoratzen dugu gertaera hori urteak joan, urteak etorri?

Hitz batean, zergatik hil zuten Jesus? Lau ebanjelioek zeinek bere ikuspegia eman digute.

Markosen ebanjelioa. Markosentzat, gizon erakargarria da Jesus, miresgarria da, liluragarria. Baina garaiko erakundeen eta jende ikasiaren ikuspegitik urrun dabil. Ez du hitz egiten lege-maisuek bezala; hauek beti «legeak hau dio» esaten dute. Jesusek, berriz: «nik, berriz, hau diotsuet». Bere barrutik mintzo da Jesus. Eta jendea harriturik ari da: «nondik datorkio honi askatasun hau?» Izan ere, Markosen Jesusek garbi dio: Gizakia ez da larunbatarentzat, baizik larunbata da gizakiarentzat. Gizakia ez da gauza sakratuen morroi edo mirabe. Alderantziz baizik: gizakia aske egiteko dira gauza sakratuak. Gizakia ez da tenpluarentzat, baizik tenplua da gizakiarentzat.

Lukasen ebanjelioa. Errukiaren Jesus da. Baztertua den gizakiaren laguna da Jesus. Pobreen laguna. Emakumeen laguna. Haurren laguna. Gogorra da aberatsentzat; ez, noski, pertsona direnez, baizik beraien jokatzeko moduagatik. Jesus iraultzaile gertatu da: ohiturak, erakundeak, jokabideak, harremanak… aldatu egin nahi ditu. Jainkoak errukia nahi du, eta ez kultua.

Mateoren ebanjelioa. Mateorenak dira hitz hauek: «Etorri nigana zamapean bizi zaretenak; nik arinduko zaituztet». Harrera eskaintzen duen Jesusek bere jarraitzailea du Elizan; izan beharko luke. Mateok ebanjelioaren hasieran-edo Zoriontasunak dakartza; azken aldean, berriz, lege-maisuen eta fariseuen aurkako salaketa.

Hiru argazki dira. Joan ebanjelariak bere ikuspegia gehitzen die. Gizon erakargarri eta miresgarri honengan Jainkoa bera mintzo da, esan digu Joanek. Hori eskandalagarria gertatu da. Biraoa da hori. Horrelako gizona garbitu beharra da. Gauza bat da gizon trebe eta abil bezala hitz egitea. Baina, Jainkoa berekin duela esatea?

Gizakia ez dago prest horrelako gizon bat onartzeko. Arriskutsua da. Iraultzailea da. Bestetik, Jainkoa prest dago baztertua izateko, umiliatua, gaitzetsia izateko, gizakiak hala nahi badu. Halere, gizakiaren maitale jarraituko du Jainkoak. Halere, bere bizi eman du Jainkoak. Naziek juduekin egin zuten sarraskiak mundu osoko beste juduak eta judu ez zirenak esnarazi zituen bezalatsu, Jainkoak badaki bere Semearen kontra gizakiak egindako sarraskiak gizon-emakume asko eta asko esnaraziko dituela. Injustizia ez da azken hitzak. Injustiziak berez zuzena den gizakien bihotza esnatzen du. Jesusen Gurutzeak mundua esnatu du. Mundua asaldarazi du zuzengabekeriaren aurka. Gurutzeak mundua salbatu du. Salbazioa ez da, ordea, egun bateko gauza.

Hori dugu ospatzen Ostiral Santu honetan.

Dionisio Amundarain