Urteko 34. igandea Kristo Errege (2014-11-23)
HOMILIA
Anai-arrebok!
Joan den igandean talentuen parabola entzun genuen: hartu ditugun dohainei, gaitasunei etekina atera beharraz mintzo zitzaigun Jesus; ez, noski, neoliberalismo mintzo den zentzuan, baizik eta beharrean eta premian direnei laguntzeko.
Gaurko ebanjelioko parabolak, bakoitzaren azken egunari begira ipini nahi gaitu; baina ez azken egunari beldurrez eta ikaraz begira gelditzeko, baizik eta, hura kontuan izanik, gaur zer jokabide izan behar dugun adierazteko. Azken egun hartan izango den irizpidea, maitasuna bizi ote dugun izango da. Egintzetan agertu behar den maitasuna:
● goseak eta egarri denari lagunduz,
● etorkinari harrena ona eginez,
● zer jantzirik ez duenari, jantzia emanez,
● gaixo denari kasu eginez,
● kartzelan dena bisitatuz.
Zoritxarrez, ez da izan hori, eskuarki, gizakiaren jokabidea. Lehenengo irakurgaian, Ezekiel profetaren lumaz, Jainkoak aurrerantzean bera arduratuko dela esan digu. Hain zuzen, gaurko pasartearen aurreko zatian salaketa gogorra egin die artzainei, hau da, agintariei: «Ardikiz elikatzen zarete, artilez janzten eta arkumerik ederrenak hiltzen dituzue, baina ez duzue artaldea zaintzen. Ez dituzue ardi ahulak indartzen, ez gaixoa sendatzen, ezta hanka lotu ere hautsia duenari; ez duzue desbideratua artaldera ekartzen, ezta galdutakoaren bila joaten ere…» (Ez 34,3-4). Zuzenean artzainez, hau da, agintariez ari bada ere, guztioi zuzendua da salaketa, bakoitzari dagokion heinean. Izan ere, betidanik gara bata bestearen erantzule, baina, Jesusek agertu digun bizieraren ondoren, ezin aipatu dugu aitzakiarik elkarrekiko loturaz arduragabe jokatzeko.
Behin batean, azken mundu-gerra bukatzean, besteak beste, bazihoan gizon bat tanke batean, aliatuek txikiturik utzi zuten Alemaniako herri batean, hondakinean artean; halako batean, Jesusen Bihotzaren estatua ikusi zuen; estatua zutik, baina besorik gabe. Zirrara eragin zion ikuskizun hark. Eta interpretazio hau atera zuen: «Kristo berpiztuak ez du besorik, ez du eskurik, ez hankarik, ez mihirik, ez… Neuk izan behar dut Jesusen bidelagun; neuk behar dizkiot eskaini neure beso, esku etab.» Handik laster erlijioso egin zen.
Esan nahi da, sasi-artzainen aurrean, Jainkoa ez dela alfer gelditu, ez dela arduragabe gelditu. Gaurko lehen irakurgaian esan digu, bera izango dela egiazko artzaina. Jesusengan bete du hitz hori Jainkoak agiri-agirian. Alabaina, Jesusek, bera laster hilko zutela jakinik, bere jarraitzaileei gomendatu die bere eginbehar hori aurrera eramatea. Horixe ulertu du Jesusen Bihotza besorik gabe ikusi duen gizon horrek.
Gaur Kristo Erregearen eguna ospatzen dugu. Besteak beste, Pilatoren aurrean agertu du Jesusek zertan datzan beraren erregetza: «Nire erregetza ez da mundu honetakoa… Errege naiz, zeuk diozun bezala. Horretarako jaio eta etorri naiz mundura: egiaren testigantza egitera» (Jn 18,36-37).
Ez, Jesusen erregetza ez da mundu honetakoa. Jesusen egitasmo salbatzailea ez da mundu honetako egitasmoak bezalakoa. Baina mundu honetan behar du gauzatu bere egitekoa: egiaren bidea erakusteko egitekoa. Hain zuzen, hauxe da Jainkoaren eta Jesusen egia: gizon-emakumeok bat garela geure artean, guk hautura sortu badugu ere; gizon-emakumeok bat garela Jainkoarekin, guk geure hautura sortuz Jainkoarekiko haustura sortu badugu ere. Guztion arteko lotura edo elkartasun hori izan du buruan Jainkoak mundua kreatu duenean. Hori hots egin du Jesusek mundu honetara etorri denean. Hori behar dugu izan helburu eta xede Jesusen jarraitzaileok.
Jesusen Espiritua bateratu gaitzala guztiok. Munduan pobre asko eta aberats gutxi izan ordez, izan dadila pobre gutxi – eta bat ere ez– eta aberats asko – denak aberats–.