Garizumako 4. igandea C 2019-03-31
HOMILIA
Anai-arrebok!
Gaurko ebanjelioak, parabola miresgarri eta txundigarri baten bidez, are miresgarriagoa eta txundigarriagoa den zeruko Aitaren bihotza agertzen digu. Ez seme gazteenak, ez seme nagusiak ezagutu ez duten bihotza.
Xabier Pikazak kontatzen du, izan zuela emakume irakasle bat, oso adiskidea. Emakume horrek ba omen zuen neba bat, anaia bat. Neba horrek etxetik alde egin eta eraman zuen guztia xahutu omen zuen. Halako batean, damua azaldu omen eta etxera itzultzeko gogoa. Baina arrebak antzeman omen zion, damu faltsua zela; etxera etortzeko gogoa, berriz, lehen utzi zuen guztia hartu eta xahutzeko asmoaz kutsatua. Eta aipatu irakasleak esaten omen zion Pikazari: ez dakit ondo ari naizen, baina nik ezin onartu dut etxean neba hori.
Zer esango genuke guk?
Seme gazteenak, aitak inolako aitzakiarik gabe eman dion senipartea hartu eta alde egin du aitaren ondotik. Biziera kaskarra eginez, dena xahutu du. Gosetea eta premia gorrian sentitu da. Pentsatzen jarri, eta aitagana itzultzea otu zaio. Buruak ez dio eman, aitari semetzat har dezan eskatzea; morroi hartzeko eskatuko dio.
Aita, bitartean, semea noiz etorri zain-zain. Urrunera barruntatu du, eta korrika doa semeagana. Besarkatu, eta semeari ez dio utzi aitortzarik egiten. Jai handi bat prestatu du. Pentsatzekoa da, semea pozez zoraturik geldituko zela. Ez zuen sekula pentsatu aitak horrelako bihotza zuenik.
Baina hor dator seme nagusia ere. Mindurik eta iraindurik sentitu da, aitak seme etorri berriari horrelako harrera egin diolako. Gazteena ez bezala, bera aitaren esanetara bizi izan da. Aitaren esanetara, bai, baina ez aitaren bihotzaren harira. Ez du sumatu ere aitaren bihotza.
Jakina, parabola honek garaiko juduak zituen xede: alde batetik, bekatariak harrikatuz hil beharrekoak zirela pentsatzen zutelako; bestetik, Jainkoaren maitasunaren gainetik, berek beren erara moldatutako legeak lehenesten zituztelako.
Eta gaurko munduari? Guri, zer diosku?
Neure buruari begira, askotan galdetzen diot neuri buruari: Dionisio, zein iritzi duk Jainkoa Aitaz? Batez ere, espiritu-bizitzako lehorteetan.
Baina norberaren eta pertsona bakoitzaren mundutik jo dezagun mundu zabalagora. Bistan da, Jainkoaren maitasuna gaurko parabolak agertzen digun bezala-edo ikusiko bagenu, gizarte-harremanak beste modu batean ikusiko genituzkeela.
Bi kasu aipatuko ditut.
Bata, aste honetan berean bi emakume etorkini entzuna. Biek gauza bertsua kontatu didate. Auzokoekin eta ez hain auzokoekin izandako liskar koskorretan: mespretxuz esandako «¡extranjera!» entzun behar izan du batak behin baino gehiagotan, eta «vete a tu país» besteak. Eta neure artean: arrazakeria zein indartsu dagoen oraino!, askotan hain agerian azalduko ez bada ere!
Bigarren kasua, pederastena. Sekulako garrantzia nabari diot gaur munduan kontzientzia hori esnatu izanari. Mendetan nagusitu izan da erakunde bat sostengatu eta sendatu nahia, pertsonaren duintasunaren gainetik. Eboluzio handia. Benetan pozgarria. Pederastiaz aparte, bide emango digu kontzientziazio honek beste maila batzuetan ere baloreen hurrenkera aldatzeko: Itxura egiteak ez duela balio ikusteko.
Baina pederastia dela-eta, akats handi bat nabari dut. Pederastiaren biktimak gora eta behera ari gara. Eta beharrezkoa da. Baina ahaztu egiten gara pederastez. Hobeto esan, badirudi, hiltzera kondenatu nahi izaten ditugula; fisikoki ez bada ere, psikikoki. Behin bakarrik irakurri dut, Elizako goiburuetako batek pederasta bati damutzeko eskatu diola. Beste guztietan zigorra eta zigorra; besterik ez. Beren delitua eta guzti, ez ote ditu Jainkoak maite; ez ote die errukirik?
Kasu partikular bat gogoratu nahi nuke. Duela gutxi, apaiz baten kasua izan genuen Gipuzkoan. Eskandalagarria izan zen, nire ustez, komunikabideen erasoa. Apaiz hori ez dut ezagutzen aurrez aurre. Halere, behin batean, berak Goierriko Hitzan egin zuen deklarazio baten kontra artikulu bat idatzi nuen, berak egindako deklarazio bat gezurtatuz. Baina pederastiarena leporatu eta komunikabideen basakeriazko erasoa ikusi nuenean, idazkitxo bat bidali nion, neure laguntasuna agertuz. Bere bakardadetik asko eskertu zidan. Gainera, handi pixka batera, mesede bat eskatu zidan: bere lantxo bat euskaratuko ote nion. Uste dut, gure presoen askatasuna eta tratu ona eskatzen dugunok, pederasta zigortuei ere zerbait zor diegula.
Gaurko ebanjelioko parabolak kutsa gaitzala. Ezagutu dezagula sakonkiago Jainko Aitaren bihotz handi eta zabala.
Dionisio Amundarain