GARIZUMAKO 4. IGANDEA (C) 2019-03-31

SARRERA

Senideok, Garizumako 4. igandea ospatzen dugu gaur. Gero eta hurbilago dugu Pazkoa. Galde genezake: egin al dugu ezer berezirik, orain arte, Garizuman? Otoitzean? Bibliako liburu bat irakurtzen? Lagun hurkoari laguntzen?
Garai batean, Vatikano bigarrena Kontzilioaren aurreko liturgian, «Laetare» deitzen genion igande honi, hau da, «Poztu zaitezte». Eta badugu pozteko eta alaitzeko arrazoirik asko. Hain zuzen, gaurko irakurgaiek hauxe azpimarratzen digute: Jainkoak, gure bekatuak kontuan hartu gabe, bere maitasuna eskaini digula. Eta, maite gaituelako, geure artean adiskidetzera deitu gaitu.
Hori bai, kontuan izan beharko genuke hau: Jainkoa ez da haserretu gurekin sekula; hark ez du gurekin adiskide beharrik. Gurea da, haren maitasuna miretsiz eta txundiduraz harturik, harengan itzuli beharra; bai gaurko ebanjelioko seme gaztea bezala, bai seme nagusia bezala. Zeruko Aita Txindoki puntan dago beti, bere seme-alabak noiz itzuliko urrunera begira-begira.

LEHENENGO IRAKURGAIA Josueren liburutik (5,9a. 10-12)

Israel herriak Egiptoko esklabotzatik libratzea lortu zuen. Baina, ondoren, urte asko egin behar izan zuen basamortuan. Azkenean, ordea, Jainkoak Abrahami, Isaaki eta Jakobi hitzemandako lurrera iritsi zen. Eta, hara iritsi orduko, askatasunaren liturgia ospatu zuten han. Pozaren pozez eta esker ona agertuz.
Itun Zaharreko gertakariak Itun Berrikoen aurre-irudi dira. Adibideak: batetik, Israel herria Egiptotik askatu izanak, Jesu Kristok lortu digun askatasuna adierazten du; bigarren, Egiptotik atera ondoren Israel herria basamortuan ibili izanak, guk bizi dugun mundualdia adierazten du; hirugarren, Israel herria agindutako lurrera iritsi izanak, espero dugun zeruko zoriona adierazten du; laugarren, Israeldarrek hitzemandako lurrera iristean ospatu zuten Pazko-jaia, guk Eukaristian ospatzen ditugun Kristoren heriotzaren eta piztueraren aurre-irudia da.

BIGARREN IRAKURGAIA Korintoarrei egindako bigarren gutunetik (5,17-21)

Paulok esaten digu, sorkari edo gizaki berri garela. Bekatuzko egoera zaharra joana da. Egoera berria bizi dugu. Jainkoak, Kristoren bidez, eman digu eskura egoera berri hori. Bekatua kontuan hartu gabe, Jainkoak bere Semea bidali digu. Zertako? Maite gaituela adierazteko.

EBANJELIOA San Lukasen liburutik (15,1-3.11-32)

Aita onaren parabola entzungo dugu segidan. Seme gazteenak, bereak hartu eta urrutira alde egin du, etxetik urrun. Halere, etxeak, familiak tira egiten dio. Ez du ideia handirik aitaren bihotzaz. Aita, berriz, zain-zain du; semea noiz itzuli zain bizi da.
Seme zaharrenari, anaia gazteenaren gauza bera gertatu zaio. Ezin ulertu du aita benetan aita dela; ezin ulertu du aitak seme gazteenari egin dion harrera.
Parabola honekin, jakina, Jainko Aitaren jarrera adierazi nahi die Jesusek fariseuei eta gainerakoei. Tartean, guri.
Jainko Aitak ez du kontuan hartzen bekatua. Jainkoa ez dago haserretua inorekin. Guztion Aita da. Libre egin gaitu, aske sortu gaitu. Gure askatasun horren kontra, gauza bakar bat du Jainkoak: bere maitasuna, bere errukia, bere onberatasuna.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Kristauon alde: Jainkoaren maitasuna gogoan dugula, munduan poza eta esperantza ager dezagun. Eska diezaiogun Jaunari.

2.-Munduan, bihotzean gorrotoa dutela bizi diren guztien alde: Jainkoaren maitasunak uki ditzan. Eska diezaiogun Jaunari.

3.-Goseak bizi diren guztien alde, lanik gabe bizi diren guztien alde, preso bizi diren guztien alde, beren herritik alde egin beharrean gertatu diren guztien alde: Jainkoaren argitasuna eta gainerako gizon-emakume guztien laguntza izan ditzaten. Eska diezaiogun Jaunari.

4.- Beren etxean gaixorik eta bakarrik, zaharren egoitzetan gaixorik eta bakarri bizi direnen alde, pederasta abusatzaileen eta berauen biktimen alde. Eska diezaiogun Jaunari.