BETI BESOAK ZABALIK (Lukas 15,1-3.11-32)
Garizumako 4. igandea C 2019-03-31
Hainbat jenderentzat, ez gutxirentzat, Jainkoa beste edozer gauza da, bizitzan poza ezartzeko gai izatea izan ezik. Hura gogora ekartzeak oroitzapen txarrak ekarri ohi dizkio: izaki mehatxari eta zorrotz baten ideia sortzen dio, bizitza are gogaikarriago, deserosoago eta arriskutsuago bihurtzen dion ideia.
Pixkana, hura alde batera utziz joan izan dira. Fedea halakoen baitan «hertsaturik» gelditu da. Gaur egun, ez dakite sinesten duten ala ez. Jainkoagana nola jo ezinik gelditu dira. Batzuek gogoan dute oraino «seme hondatzailearen parabola», baina ez dute entzun sekula beren bihotzean.
Aita da parabola horretako benetako protagonista. Bi bider errepikatzen du poz-oihu hau: «Ene seme hau hila nuen eta piztu zait; galdua nuen eta aurkitu dugu». Oihu honek agertzen du zer duen bihotzean aita honek.
Aita honi ez dio axola bere ohorea, ez bere probetxua, ezta bere semeek ematen dioten tratua ere. Ez darabil inoiz ere hizkuntza morala. Soilik, bere semearen bizia du gogoan: ez dadila suntsitu, ez dezala jarraitu hilik, ez dadila bizi galdurik bizi-poza ezagutu gabe.
Xeheki deskribatu du kontakizunak aitaren eta sutondoa utzi zuen semearen topo egitea. Artean urrun zela, goseak eta lur joa «ikusi zuen» aitak etortzen, eta hondo-hondoraino «hunkitu zen». Begiratu on hau, onbera eta errukitsu hau, da salbatzen gaituena. Jainkoak bakarrik begiratzen digu horrela.
Bat-batean, «korrika hasi zen». Ez da izan semea etxera itzuli dena. Aita da korrika irten eta haren besarkada bila joan dena, semea bera baino su handiagoz. «Besarkatu eta musuka hasi zitzaion». Horrela ari da Jainkoa beti. Besoak zabalik doa beragana itzultzen direnengana.
Semeak bere aitorpena hasi du: luzaroan prestatu du bere bihotzean. Aitak, ordea, eten egin dio, umilazioa ez luzatzeko. Ez dio ezarri inolako zigorrik, ez dio eskatu inolako ordain-erriturik, ez dio ipini inolako baldintzarik etxean sartzeko. Jainkoak bakarrik onartzen eta babesten ditu horrela bekatariak.
Soilik, semearen duintasuna du aitak gogoan. Presaka jokatu beharra du. Jantzirik hobena ekartzeko agindu du, seme-eraztuna eta etxean sartzeko oinetakoak ekartzeko. Harrera hori egin diote beraren omenez ospatuko duten jai-otorduan. Aitagandik urruti ezin gozatu izan duen bizitza duin eta zoriontsua ezagutu behar du semeak aitaren ondoan.
Parabola hau kanpotik entzungo duenak, ez du ezer ulertuko. Bizitzan bide egiten jarraituko du Jainkoa gabe. Aldiz, bere bihotzean entzungo duenak, agian, negar egingo du pozez eta esker onez. Lehenengo aldiz sentituko du bizitzaren azken misterioan badela Norbait, onartzen gaituena eta barkatzen, soil-soilik poza opa digulako.
Jose Antonio Pagola