San Jose 2019-03-19
HOMILIA

Anai-arrebok!

Homilia hau prestatzeko hainbat autoreren orrialdeak irakurri behar izan ditut. Eta ba al dakizue zein ideia nagusiren gelditu naizen? Honekin: Jose, Jainko Aitaren irudi edo imajina Jesusen begietan. Alegia, Jainkoa Aitatzat hartu duenean, Jose ikusteak lagundu dio Jainko Aita zer eta nolakoa den. Abba esan dio Jesusek Jainko Aitari. Baina hitz hori zeruko Aitari esan aurretik, Jose bere aitari esan dio abba. Joserengan ikusi duena esan dio zeruko Aitari.

Bada Madrilen, geure homiliak prestatzeko orduan, asko irakurtzen dugun idazle bat: Frai Marcos du izena, eta Santo Domingoren ordenakoa da.

(1)Luze idatzi du Joseren inguruan. Baina. hona zer dioen funtsean: Jesusekiko Jainkoaren aitatasuna modu biologikoan ulertzea, mezua aldrebestea da, barregarri bihortzeraino. Eta jarraitzen du: gizaki batzuen jatorria Jainkoari egoztea, ez da kristautasuneko gauza bakarrik. Jesus baino 40 lagun baino gehiagoz esan izan da ama birjina batengandik jaio zirela. Pertsonaia horien handitasuna agertzeko modua zen; besterik ez. Gauza bera egin dute lehen kristauek Jesusekin.

(2) Ebanjelioak esaten du, Andre Maria haurdun ikustean, kezka sortu zitzaiola Joseri. Baina autore batek baino gehiagok esaten digu: Josek badaki nola sortu den Jesus; beldurra ematen diona beste hau da: bere burua ez du gai ikusten seme horren inguruan bete behar duen egitekoa betetzeko. Kezka ez da emaztearekin jarraitu behar duen ala ez.

Kezka horren aurrean, aingeruak esango dio, ez larritzeko, ez dela bera bakarrik izango lan hori egiteko; esan dio, beraren beharra duela Jesus hezteko. Espiritua lagun izango duela. Alde honetatik, Joan Paulo II.aren esaldi bat ere aipatzen du autore batek bederen: Jesusen jaiotzan bezala, edozein pertsonaren jaiotzan da inportantea Espiritu Santua.

Mateok dakarren kalifikatzaile batek azaltzen du Joseren handitasuna: «Gizon zuzena zen». Guretzat, «zuzen» hitzak zuzentasun soziala dakarkigu burura. Biblian zuzentasuna beste gauza bat da: santutasuna adierazten du. Jose zuzena da, bere tailerrean egoki jokatu izan duelako; bere borondatea Jainkoaren borondateari egokitu diolako. GURE AITAn esaten dugun hau osorik haragitu da Joserengan: «Egin bedi zure nahia zeruan bezala lurrean ere». Esan liteke, Josek Bibliako zuzentasunaz zuen usteak, Mariaren eta Jesusen arazo hartatik alde egiteko eskatzen diola, bere burua gai ikusten ez zuelako. Baina Jainkoak agertu dio beraren beharra duela. Eta Josek zuzen erabaki du eta zuzen jokatu du.

(3)Mateok garbi du bere buruan, parte hartze fisiologiko hutsa baino zerbait gehiago dagoela edozein pertsonaren jaiotzan, Jesusen kasuan bezalaxe. Adierazi nahi du, sorkari guztiak Espirituagandik datozela.

(4)Joseren jai honetan, jar ditzagun gogoan Lehman kardinalaren hitz hauek: «Ez ditugu fabrikatzen semeak eta alabak; ez ditu ekartzen ere zikoinak. Jainkoak ematen dizkigun semeak eta alabak egiten ditugu, eta guk egiten ditugun semeak eta alabak ematen dizkigu Jainkoak.

Saia gaitezen Jose gure eredu eta zaintzailetzat hartzen. Saia gaitezen, Jose bezala, Espirituaren lankide zuzen izaten.

Dionisio Amundarain