HAUSTE EGUNA

Lehen irakurgaia

( Penitentziarako deia )

Joel profetaren liburutik 2, 12-18

12 Huna zer dion Jaunak:
Zuen bihotz guziaz itzul eneganat, barur, nigar eta auhenetan.
13 Urra zuen bihotzak, eta ez soinekoak,
itzul zuen Jaunarenganat, zuen Jainkoarenganat,
bihozbera eta urrikaltsua baita,
nekez hasarretzen eta maitasun handikoa,
bere mehatxuez damutzen dena.
14 Nork daki, ez ote den itzuliko, gaztiguari uko eginik,
bere benedizionez zuen betetzeko,
oparia eskain diezozuen Jaunari, zuen Jainkoari.
15 Jo zazue dei-adarra Zionen!
Mana barur saindua, dei egin batzarrerat!
16 Bil populua, mana biltzar saindua!
Bil zaharrak, bil haurrak eta bularrean direnak!
Atera bedi senar gaztea bere etxetik, emaztea bere gelatik!
17 Atari eta aldare artean, apezek eta Jaunaren zerbitzariek
auhen egin bezate, erranez:
“ Barka, Jauna, barka zure populuari!
Ez utz zure ondarea ahalgegarri, jendaldeen aitzineann trufagarri!
Zertako erran lezakete jendaldeen artean:
“ Non dute beren Jainkoa?”
18 Bainan Jauna amodioz sutan jarri da bere lurrarentzat,
eta bere populuaz urrikaldu.

Salmoa 50

Leloa: Bihotz berri bat eman guri
Pitz gutan, Jauna, gogo berri!

Urrikal zaite nitaz, Jauna,
Hoin duzu eta neurri gabeko bihotz ona.
Nere hobena ken errotik,
Garbi nezazu, garbi osoki bekatutik.
Nere gaizkien berri dakit,
Hobenak oro beti begitan badagozkit.
Zuri dut, zuri egin kalte,
Gaizki zaizuna zure begitan dut nik bete.
Bihotz berria ezar nitan,
Eta funtsezko xede azkarrak har ditzadan.
Zure begitik ez ni haiza,
Ez, Izpiritu Saindua kenduz, huts bihotza.
Pitz berriz nitan zure boza;
Zerurateko gogo zabalak bete neza.
Jauna, ezpainak zabal neri,
Nere ahoak goraipa zaitzan herriz herri.

Bigarren irakurgaia

( Bakea egizue Jainkoarekin )

Jondoni Paulok Korintiarreri 2a: 5,20-6,2

Haurrideak,
20 Kristoren mandatari gira,
Jainkoa gure bidez ari balitz bezala.
Kristoren izenean eskatzen dautzuegu:
bakea egizue Jainkoarekin.
21 Bekatua ezagutu ez zuena,
Jainkoak guregatik bekatuarekin bat egin zuen,
haren baitan gu bilaka gaiten Jainkoaren zuzentasun.
6,1 Eta haren lankide baigira, otoizten zaituztegu
ez dezazuen alferrik har Jainkoaren grazia.
2 Berak baitio Liburu sainduan:
Ordu onean entzun zaitut,
salbamenduko egunean lagundu.
Huna orai egiazko ordu ona,
huna orai salbamenduko eguna.

Ebanjelioa

Jesu Kristo, guri mintza
Argi gure bihotza!
Bihotz-berritu zaitezte ba,
Hurbildua da zeruetako Erreinua!
A 37

( Jainkoak maite dituen amoinak, otoitza eta barura )

Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Matiuren liburutik 6,1-6. 16-18

Egun hartan, Jesusek erran zioten dizipulueri:
1 “Behautzue zuen zuzentasuna ager jendeen bixtan,
jendeek ikusteagatik.
Bertzela, saririk ez dukezue zuen Aita zerukoaren aitzinean.
2 Amoina egiten duzuenean beraz,
dei-adarrik ez jo zuen aitzinean,
faltsuek zinagoga eta karriketan egiten duten bezala,
gizonek gorets ditzaten.
Egiaz diozuet, beren saria ukana dute.
3 Zuk, beraz, amoina egitean,
ez beza jakin zure esku ezkerrak zer ari zaitzun eskuina,
4 gordean egon dadin zure amoina.
Eta gordean ikusten duen zure Aitak emanen dautzu ordaina.
5 Otoitzean ari zireztelarik,
ez izan gizon faltsuak bezala,
laket baitzaiote zinagoga eta karrika buruetan xutik otoitz egitea,
gizonek ikusteagatik.
Egiaz diozuet, beren saria ukana dute.
6 Bainan zu, otoitz egiten duzunean,
sar zaite zure gelan, eta atea hetsirik,
egiozu otoitz gordean zure Aitari,
eta gordean ikusten duen zure Aitak emanen dautzu ordaina.
16 Barur egiten duzunean,
ez jar faltsuak bezala begitartea ilun:
desegiten dute beren aurpegia,
jendeari erakusteko barur egiten dutela.
Egiaz diozuet, beren saria ukana dute.
17 Zuk aldiz, barur egitean,
usain gozoz gantzu zazu burua, eta garbi begitartea;
18 horrela jendeak ez du jakinen barur zirela
bainan bai gordean den zure Aitak.
Eta zure Aitak, gordean ikusten duenak,
emanen dautzu ordaina.