Maitatu zeuen etsaiak (Lukas 6,27-38)
Urteko 7. igandea C 2019-02-24
Joan den igandean, «Lautadako Hitzaldiaren» lehen zatian, bata bestearen kontrako bi talde bereizi zituen Jesusek: behartsuak / gorrotatuak eta aberatsak / onetsiak. Lehenengoek jasoko dute saria zeruan; bigarrengoek dena galduko dute. Baina, hemen lurrean, nola erlazionatu behar dira bi taldeak? Pobreek aberatsen kontrako gerlari ekin behar al diote? Konforma al daitezke, gutxienez, halakoak madarikatzearekin eta beraiei mota guztietako gaitzak opa izanez? Jarrera honen alde salmo eta testu profetiko asko aipa genitzake, baita Jesusen garaiko Qumran elkartearen jarduera ere. Lukasek, ordea, beste jarrera bat eragin nahi du, oso bestelakoa, Jesusen irakaspenean oinarrituz.
Portaera etsaiekin (Lk 6,27-36)
Lukasen ebanjelioaren hasieran, Zakarias Joan Bataiatzailearen aitak profetizatu du ezen Daviden ondorengoa etorriko dela «etsaien eskuetatik aterarik, [Jainkoa] santutasunez eta zuzentasunez zerbitza dezagun». Sasi-esperantza da. Jesusen etorrerak ez gaitu aterako etsaien eskuetatik. Zer egin genezake etsai horiekin?
Kontrako sentimenduen eta hitzen aurrean
Jesus bere ikasleei zuzendu zaie: «entzule zaituztedanoi, zuei». Ezin gogorrago eta zorrotzago mintzo da: «Maitatu zeuen etsaiak, on egin gorroto dizuetenei, bedeinkatu madarikatzen zaituztetenak, otoitz egin iraintzen zaituztenentzat». Kontua ez da jada bi talde bereiziena (pobreak ─ aberatsak), bakoitzak bere bizitza egiten duela. Bada talde bat, etsaia, kristau-elkarteei gorrotoa diena, madarikatzen eta iraintzen dituena. Gaur egun Eliza gorrotatzen, iraintzen eta kritikatzen den bezala. Nola erreakzionatu jarrera horren aurrean? Sarritan autodefentsara jo ohi da, salaketak ukatzera edota erlatibizatzera. Ez da hori Jesusek nahi duena. Gorrotoa, iraina edota madarikazioa arrazoi gabeak direnean ere, kristauaren jarrerak baikorra izan behar du. Lukasek adierazten dituen lau gauzetatik, bi bederen posible dira edozein gorabeheratan: on egin eta otoitz egin. «Maitasuna» ez da hartu behar zentzu afektiboan (senar-emazteen maitasunaren kasuan ohi denez, gurasoen eta seme-alaben kasuan ohi denez), baizik eta «on egitearen» zentzu praktikoan. Lukasen ebanjelioan, etsenplu zehatza Jesusen hau izango litzateke: Pedrok Jesus atxilotzera datozen soldaduetako bati belarria kendu dionean, Jesusek sendatu egin du.
Egintzen aurrean
Bat-batean, «zuek» esatetik «zu» esatera igaro da. Oraingo honetan aurre egin behar zaiena, ez dira kontrako sentimenduak (gorrotoa) edo hitz zaurgarriak (madarikazioak, irainak), baizik eta egintza zehatzak: «Masailean jotzen zaituenari… soingainekoa kentzen dizunari… eskatzen dizunari… kentzen dizunari». Esaldi hauek oso gustuko izango zituen Gandhik. Baina jende gehienari zorakeria iruditu dakizkioke, eta izkirimiri-gai: «Sakelakoa harrapatzen dizunari, emaiozu ordularia ere»; harrapatu nahi dizun enpresariari, ez iezaiozu galdatu».
Oharpen hauek hitzez hitz hartu beharreko ote? Itun Berrian bi masaileko aipatzen dira: Jesusi emana bata, eta Paulori bestea. Bietan inork ez du eskaini beste masaila. Jesusen erreakzioa: «Gaizki mintzatu banaiz, esadazu zertan. Eta bestela, zertan jo nauzu?» (Joan 18,23). Paulo, apaiz nagusiari zuzenduz, gogorrago ageri da: «Jainkoak zu zeu joko zaitu, pareta zuritu hori. Ni juzkatzeko zaude zu eserita, eta jo nazaten agindu duzu, Legearen aurka» (Eg 23,3).
Aitzitik, zuzengabekeria batean ez galdatzeari dagokionez, bada Pauloren antzeko gogoeta bat. Korintoko kristau-elkarteko kide batek auzi bat izan zuen beste batekin eta auzi-mahai pagano batera jo zuen. Paulok idatzi die, auzia elkarteko aditu baten aurrean garbitu behar zutela. Eta ebanjelioaren araberako hau gehitu du: «Aski zoritxar da zeuen artean auzi bat izatea bera. Hobeto jokatuz, zergatik ez diezue uzten kalte egin diezazueten? Zergatik ez diezue uzten, harrapa diezazueten?» (1 Ko 6,1-1).
Urrezko araua
Diskurtsoa «zuek» formara igaro da: «Gizakiek trata zaitzaten nahi duzuen bezala, tratatu zuek besteak». Arau sonatu honen formula negatiboak hau dio: «Ez egin besteri, zeuri egitea nahi ez duzuna». Hemen, kalterik ez egitea baino zerbait gehiago eskatzen da; edozein pertsona ondo tratatzea eskatzen da. Nola nahi duzu jendeak zu tratatzea, zutaz hitz egitea (zeure aurrean eta atzean), zurekin portatzea? Jar zaitez beste pertsonaren larruan eta porta zaitez berarekin bera zurekin portatzea nahi zenukeen bezala.
Horrela jokatzeko arrazoiak
Lukas jabeturik da Jesus zerbait zaila eskatzen ari dela. Horregatik, hiru arrazoi gehitu ditu, horrela jokatzen laguntzen ahal digutenak.
1.-Kristauak gainditu egin behar du bekataria. Hiru bider errepikatu du, hasierako aditzak bilduz (maitatu, on egin) eta berri bat gehituz (mailegatu). Kristauak, bekataria imitatzera mugatzen bada, ez du inolako merezimendurik. Saririk gabe geldituko da.
2.-Saria. Hitzaldiaren hasieran jada, Jesusek agindu zuen «sari bat ugaria zeruan» (6,23). Orain «sari bat ugaria» aipatu du berriro (6,35). Baina ez da beste bizitzara arte itxaron beharrik izango, sari hori jasotzeko; izan ere, horrela jokatuz, «Jainkoaren seme-alaba izango zarete, eskuzabala baita hura esker txarrekoekin eta gaiztoekin». Jende batek kantitate handiak ordaindu izan ditu noble-tituluengatik. «Jainkoaren seme edo alaba» izatea ez da erosten, etsaiekin onbera jokatuz eskuratzen da.
3.-Kristauak zeruko bere Aita imitatu behar du, errukitsua da hura (36. txatala), geroago bi anaien parabolak baietsiko duenez: hartan, aitak besarkatu egin du eta jai eginez omendu seme lotsagabea, bere ondarea emakumetan eralgi duena. Jesusek asko eskatzen du, baina Jainkoak ere asko eskatzen dio bere buruari.
Jesus eta haren etsaiak: erasoa, kexa, isiltasuna, desenkusa eta barkazioa
Aurreko agindu horiek oso zorrotz gertatzen dira batzuetan, ñabardurarik gabeko. Jesusek berak horietako batzuk bete ez bazituen, nola interpretatu behar ditugu besteak? Ebanjelioan gainerakoetan aurkituko dugu erantzuna. Ebanjelio hori irakurtzean, ohartzen gara etsaien gai hau oso konplexua dela, pasarte honetan ageri den baino konplexuagoa. Jesusek etsai oso desberdinekin egin du topo bere bizitzan: lege-maisu eta fariseuekin, etengabeko etsai ditu, egiten duen guztia kritikatzen eta gaitzesten dute; Jerusalemgo agintari erlijioso eta politikoekin (apaiz eta zahar), heriotzara galdu dute eta iseka egin diote gurutzean zegoenean; Judasekin, saldu duena; soldaduekin, iseka egin diote, joka erabili dute eta gurutzeratu; lapur gaiztoarekin, iraindu egin du.
Jesusen erreakzioa oso desberdina izan da kasu bakoitzean. Lege-maisuak eta fariseuak ez ditu bedeinkatu; era zorrotzean eraso die, aukerarik galdu gabe gaitzesteko, iraintzeko eta barregarri uzteko. Agintariei Getsemanin aurpegiratu die, lapurra izango balitz bezala etorri izana bera atxilotzera, ondoren isilik jarraitu du. Judasi ere kexua agertu dio: «Musu batekin saldu behar al duzu gizonaren semea?» Soldaduen aurrean, iseka eta irainka egiten dioten guztia gorabehera, ez du protestarik egin, ez ditu madarikatu. Baina Jesusen jarrera orokorra gurutzeko hitzek ordezkatzen dute: «Aita, barka iezaiezu, ez baitakite zer ari diren»; talde guztiak besarkatzen dituzten hitzak dira. Barkatu ez ezik, desenkusatu egin ditu. Gu guztiongatik hiltzean, gorroto digutenei on egiteko bere agindua betetzen ari da.
Besteekin zuek zein neurgailu erabili, hura erabiliko du Jainkoak zuekin (Lk 37-38)
Hitzaldiak gai-aldaketa egin du. Etsaiez jarduteari utzi eta elkarteko kideekin zer portaera izan adieraztera jo du. Lehen zatia lau aginduekin hasi zen (maitatu, on egin, bedeinkatu, otoitz egin). Oraingoan bi debeku ageri dira (ez juzkatu, ez gaitzetsi) eta bi agindu (barkatu, eman).
Hau da berritasuna: gure jokabidearen baitan dago Jainkoak gurekin izango duena. Juzkatzen badugu, juzkatuko gaitu; gaitzesten badugu, gaitzetsiko gaitu; barkatzen badugu, barkatuko digu; ematen badugu, emango digu. Eta hemen muturreraino iritsi da «sari ugariaren» gaia, hitzaldian jada bi aldiz aipatua; oraingoan esaten da «neurri betea, sakatua, estutua eta leporainokoa» izango dela.
Lau arau hauek errezeta bikaina direla ematen du Jainkoa erosteko eta behartzeko gu ondo tratatzera eta barkatzera. Zoritxarrez, batzuetan nahiago izaten dugu haren gaitzespena arriskatu norbait kritikatzearen eta gaitzestearen plazer labur batengatik.
Ez juzkatzearen eta ez gaitzestearen gaia segidan garatu du Lukasek, baina Liturgiak hitzaldiaren gainerakoa datorren iganderako utzi du.
Lehen irakurgaia (1 Samuel 26,2.7-9.12-13)
Etsaiari barkatzearen etsenplu bat dakarkigu lehen irakurgaiak, baina ebanjelioak eskatzen duenaren azpitik gelditu da barkazio hori. Davidek, Saulek etengabe pertsegitua delarik, berau hiltzeko aukera izan du. Horretara eragin dio Abisai lagunak. Davidek uko egin dio, ordea: «ezin baita jokatu zigortua izan gabe Jaunaren Gantzutuaren aurka». Eta erregearen ordez beste bat izan balitz? Filistearren zerbitzura egon zenean, jo eta hautsi jokatu zuen Davidek auzo-herrietan «bizirik utzi gabe gizonak eta emakumeak». David ez da eredu ideala, etsaiak nola tratatu ikasteko. Halere, egin dezagun geure eszena honetako mezua: Davidek Sauli Israelgo errege izateagatik barkatu badio, barka diezaiodan nik edozeini Jainkoaren seme edo alaba delako.
Etsaiek fabore bat egiten digutenean
Eliza horrenbeste kritikatzen den garai honetan, komeni da kontuan izatea, kritikek eta pertsekuzioek on handia egiten diotela historian barna. Tertulianok idatzia da III. mendean: «Martirien odola kristauen hazi».
Hemeretzigarren mendean, 1870ean, italiar estatua Erromaz jabetu zen eta Pontifize Estatuen zatirik handiena kendu zion Aita Santuari. Baina XIX. mendearen azken aldiko katoliko askorentzat Elizari egindako irain handia izan zena, gaur egun Jainkoaren bedeinkaziotzat hartzen dugu. Batzuek uste dute gainera, Italiak dena beretu behar zuela. San Pedrok ez zuen ezer ere.
Asmo oso ebanjeliko bat
Ez bidali sare sozialetan, ez albisterik, ez izkirimirik, ez iruzkinik, edozein ideologiatako edozein pertsonaren aurka gorrotoa edo mespretxua, iraina edo iseka eragitekoa denik
José Luis Sicre