JAUNAREN ESKAINTZEA
GANDERAILU
Otsailaren 2a
Lehen irakurgaia
( Jauna bere Tenplurat heldu da gure garbitzera)
Malaki profetaren liburutik 3, 1-4
Hau dio Jainko Jaunak:
1 Hor igortzen dut nere mezularia,
nere aitzinean bidearen prestatzera;
eta bet-betan etorriko da bere Tenplurat bilatzen duzuen Jauna,
nahitua duzuen Batasunaren mezularia.
Huna heldu dela, dio diren guzien Jaunak.
2 Nork jasan haren etortzearen eguna?
Nor egon daiteke xutik, agertuko denean?
Urtzailearen sua bezala baita, xuritzaileen bokata bezala.
3 Urtzeko eta garbitzeko jarriko da.
Lebiren semeak garbituko ditu,
zilarra eta urrea garbitzen diren bezala,
Jaunari opariak zuzentasun osoan eskain diezazkioten.
4 Orduan, atsegin izanen zaio Jaunari
Judako eta Jerusalemeko oparia
aspaldiko egunetan, lehengo garaietan bezala.
Malaki profetak J.K. aitzineko 450 inguruan idazten du testo hau. Ez da gehiago
Daviden leinuko erregerik Izraelen. Mesopotamian nagusi diren Persen peko da Izrael. Juduen
artean apezak dira giderretan. Horra zergatik profetak aipu duen Jainkoak apezekin egin
elkargoa. Jainkoaren ordain dira herriaren erdian. Bestela erran, Jainkoak herriarekin egin
elkargoa apezen bidez pasatzen da denbora hartan.
Elkargoa apezen esku dela erraiteko, Levi apezaren ondokoen ospea goraipatu behar
da. Malakik oroitarazten du beraz Jainkoak apezgoa familia horri eman ziola. Baina apez
arraza hori desbideratzen ari da : tenploko kultua nola-nahika egiten du; ez du funtsezko
erakaspenik emaiten; justizia bere interesetarat makurtzen du. Lehentxago Nehemi profetak
erran zuen : “Ez ahantz, Jauna, apezgoa edo apez eta levitarrekin duzun elkargoa kutsatu
duten horiek !” (Ne 13,29)
Halere Jainkoa hitzekoa da : “Bet-betan etorriko da…Jauna, nahitua duzuen
batasunaren mezulari.”
“Mezulari” hori Jainkoa bera da, bere herriarekin dituen lokarrien azkartzera datorrena.
Bere liburu laburrean, Malaki behin baino gehiagotan mintzo da “Jaunaren Egunaz”
edo “Jaunaren Jujamenduaz”. Biek gauza bera erran nahi dute : gaitza kenduko dautzuet.
Badakigu gure baitan ongia eta gaizkia nahas direla. Jaunak gaizkia kenduko dauku, eta ongia
bakarrik geldituko da gure baitan.
Salmoa 23
Leloa : Ateak zabal, ateak altxa, heldu baita
Ospe gaitzeko Erregea
Ateak zabal, ateak altxa, heldu baita
Ospe gaitzeko Erregea.
Nor ote da ba ospe gaitzeko erregea ?
Jainko Jaun ezin garaitua.
Ateak zabal, ateak altxa, heldu baita
Ospe gaitzeko Erregea.
Nor ote da ba ospe gaitzeko Erregea ?
Zeruetako Jaungoikoa.
Poema handios hunek iduri du Salomonek eraiki zuen tenploaren kontsekratze
egunekoa dela, mila urte J.K. aitzin. Jainkoa gerlari bat bezala ospatzen du : “Gaitzeko
Errege”, “Jaun ezin garaitua”, “Zeruetako Jaungoikoa”. Mendeak joan arau
Jainkoaren egiazko aurpegia agertzen zaiku emeki-emeki. Ez da harritzeko salmo hau
kantatzen baitugu hain zuzen Jesus haurra tenploan eskaintzea ospatzen dugun
egunean. Haurtxo hori ez ote da errege ospetsu baino gehiago : Jainko, bere
apaltasunean
Bigarren irakurgaia
( Apez bat osoki gure idurikoa )
Hebrearreri epixtolatik 2, 14-18
14 Gizaki guziek odol eta haragi bat bera dituzten bezala,
Jesusek giza-odola eta haragia hartu zituen,
heriotzearen nagusia den debrua bere heriotzearen bidez
indargabetzeko,
15 eta heriotzearen beldurrez beren bizitze osoan esklabo zaudenen
libratzeko.
16 Alabainan, ez da aingeruen laguntzera etorri,bainan Abrahamen
ondokoen laguntzera.
17 Horrengatik, gauza guzietan bere haurrideen iduriko izan behar
zuen, apez nagusi urrikalkor
eta Jainkoarekilako harremanetan fidagarri izaiteko,
herriaren bekatuen barkatzeko gai.
18 Bera sofritua eta frogatan ezarria izan delakotz,
frogatan direnak laguntzen ahal ditu.
XXI. mendean gure kezka ez da jakitea Jesus apeza zen ala ez. Bainan idazle
hunentzat garrantzia handia zuen. Jakinik haren denboran, juduak ziren girixtinoek noiz-nahi
entzuten zutela : “Jesus ez da Mesias. Apez bat behar dugu, eta Jesus ez zen apeza”. Lehen
girixtinoek jakin eta aitortu behar zuten Jesus zinez apeza zela. Alabainan apezgoa
baitezpadakoa zen Testamendu Zaharrean, eta beraz Testamendu Berrian ere garrantzia bera
behar zuen.
Bainan judu legearen arabera Jesus ez zitaken apez izan, eta oraino gutiago apez
nagusi, Daviden leinukoa baitzen, apezak aldiz Leviren leinuko Aaronen ondokoak. Bai,
bainan, dio gutun hunen idazleak, beste apezgo bat ere bada, Aaronena baino lehenagokoa,
Melkisedeken araberakoa (Has 14. kap). Beraz Jesus Testamendu Zaharraren ildotik doa. Eta
hori da Hebrearreri gutunaren helburua : Jesusek bere beterat eremaiten duela apezgoa.
Zer ziren lehengo apezgoaren helburuak : Jainkoaren eta herriaren ararteko izan.
Apeza herrikoa zen, Jainkoarekin harremanetan sar zitekeena. Eta hortako, bestetarik berexia
izan behar zuen : Leviren leinukoa, Aaronen familiakoa. Errito bereziak egin behar zituen
apezak : mainu, gantzudura, jantzi berezi, sakrifizio. Apezgoa betetzen zuen lekuak berexa
izan behar zuen, leku sakratu bat, eta beste…
Jesusek aldiz, hori guzitik deus. Alderantziz, jende xehearekin bizi zen, baztertuekin,
mespretxatuekin. Bainan Hebrearreri gutun hunek dio Jesus Jainkoaren Semea delako froga
badugula : haren piztea. Herioa garaitu du Jesusek, Jainkoarekilako lotura segurtatu (hau
baitzen apezen egitekoa). Orai libre gira : libertatearen etsairik handiena beldurra. Eta guk
deuseren beldurrik ez gehiago, Jesusek heriotzea, bakardadea, herra…garaitu baititu. Orai
“Abrahamen ondokoak” gira. Eta Abraham zer zen Bibliaren arabera ? Fededunen xapelduna.
Ebanjelioa
Alleluia, alleluia
Herri guzien Jainkoratzeko, zer argia,
Izraelentzat zer loria!
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Luken liburutik 2, 22-40
Laburra : 2, 22.- 32
22 Moisen Legearen arabera
garbiketaren egiteko egunak bete zirenean,
burasoek Jerusalemerat ereman zuten Jesus, Jaunari eskaintzeko,
23 Jaunaren legean izkiriatua baita:
“ Lehen seme guziak Jaunari sagaratuko zaizkio.”
24 Jaunaren legeak erran oparia ere eskaini zuten :
uso-tortoil pare bat, edo bi uso ttipi.
25 Bazen Jerusalemen Zimeon izeneko gizon bat,
gizon zintzo eta jainkozalea,
Izraelen kontsolamenduaren beha zagona.
Eta Izpiritu Saindua berekin zuen.
26 Izpirituak aditzera emana zion
ez zela hilen, Jaunaren Mesias ikusi gabe.
27 Izpirituak eraginik, Tenplurat etorri zen.
Burasoek Legeak manatzen zuenaren betetzeko
Jesus haurra Tenplurat ekarri zutelarik,
28 Zimeonek haurra besoetan hartu zuen,
eta Jainkoa benedikatu, erranez :
29 “ Orai, Jauna, zure zerbitzaria joaitera utz dezakezu,
hitzeman duzun bezala , bakean.
30 Nere begiek ikusi baitute zure salbamendua,
31 herri guzien aitzinean zuk prestatua:
32 nazioneen argitzeko argia,
eta zure herri Izraelen ospea.”
Irakurgai laburra hemen geldi
33 Haurraren aitamak harriturik zauden haurraz erraiten zenaz.
34 Zimeonek benedikatu zituen,
eta haurraren ama Mariari erran zion:
“ Beha: haur hau Izraeldar ainitzen
erorbide edo altxabide izaiteko ezarria da.
Eztabada sortzen duen ezaugarri izanen da.
35 –Zuri ezpata batek aldean beste zilatuko dautzu arima.-
Horrela ainitzen asmo gordeak agerian geldituko dira.”
36 Bazen ere emazte profeta bat,
Ana, Fanuelen alaba, Azerren leinukoa.
37 Adin handikoa zen :
zazpi urtez senarrarekin bizi ondoan,
alargundua zen, eta lauetan hogoita lau urte zituen.
Ez zen Tenplutik urruntzen,
gau eta egun Jainkoa zerbitzatzen zuela, barur eta otoitzean.
38 Ordu berean etorririk, Jainkoa goresten zuen,
eta haurraz mintzatzen hasi zitzaioten
Jerusalemen librantza igurikatzen zuten guzieri.
39 Jaunaren Legeak manatu guzia bete zutenean,
Galilearat itzuli ziren, Nazaret beren herrirat.
40 Haurra handituz eta azkartuz zoan,
zuhurtziaz betetzen ari zela,
eta Jainkoaren grazia berekin zuen.
Ebanjelio hunek erakusten dauku Izrael populuaren historia Salbamenduaren historia
dela. Legea hitza aipatua da ainitzetan. Testamendu Zaharrekoa : “ Moisen legearen
arabera…Jaunaren legean izkiriatua baita…Jaunaren legeak erran oparia…Burasoek legeak
manatzen zuenaren betetzeko…Jaunaren legeak manatu guzia bete zutenean…“. Jesusen
mundaratzea Testamendu Zaharreko legeen ingurumenean gertatu da. Erran dezagun Izpiritu
hitza ere hiruetan bederen ekarria dela.
Ebanjelio hunen erakaspen bat da ere Jesus juduen historian iragarria zela. Huna zer
dioen Izaik: „ Huna nere zerbitzaria…Hunen gainean ezarri dut neure Izpiritua…Nazioneri
juztizia ekarriko diote…Salbamenduaren ekartzeko deitu zaitut…nik moldatu zaitut, izan
zaiten herriarentzat elkargo eta nazioneentzat argi…“ (Is 42). Simeonek hori du erraiten
haurra besoetan hartu eta. Huna ere zer iragarria zuen profeta horrek berak Jesusez : “Ainitzak
behaztopatuko dira; erori eta minartuko dute; saretan bilduaketa arrapatuak izanen dira.“
( Is 8,15). Nolaz ez hurbil profezia hori Simeonen solaseri : “Erorbide eta altxabide izaiteko
ezarria da…eztabada sortzen duen ezaugarri izanen da.“