San Joan Maria Vianney Dardilly-n (Lyondik hurbil, Frantzia) jaio zen 1786an. Frantziako Iraultzak Elizaren kontra sortu zuen mugimendua nozitu zuen txikitan. Ecully-ko apaizak –Balley apaizak– antolatutako eskolan hasi zituen apaiz-ikasketak, Verrières eta Lyongo seminarioetan jarraitzeko.
Behar adinako argitasunik ez zuela-eta bota zuten Lyongo seminariotik; bai Balley apaizaren laguntzaz ikasketak bukatu ahal izan zituen eta apaiztu 1815ean, hogeita bederatzi urte zituela. 1818an Ars herriko kapilau egin zuten. Berrogeita bi urtez egon zen han apaiz, jendeak ez baitzion utzi handik beste inora joaten. Sermoiak idatzi eta buruz ikasten zituen, orduak eta
orduak ematen zituen aitorlekuan –batzuetan, hamalau ordu egunean–, oso behartsu bizi izan zen. Milaka pelegrin joaten zitzaion Arseko elizara. 1859an hil zen, esanez: «Bai gozoa heriotza, gurutzean bizi izan denean!»
Harena da esaera: «Utzi 20 urtez parrokia bat apaizik gabe, eta abereak adoratzera iritsiko dira». Iritzi horrek bere jardueran gogor aritu beharra ekarri zion. Hasieran prediku gogorra egin ohi zuen, jansenismoak kutsatua, baina, jarrera hori gaindituz, errukiaren ukitua eman zion geroago, otoitzaren –esaten zuenez, «Jainkoarekin bat egitea den» horren– eraginez. Hizkera
bizia eta herrikoia zuen; jendeak esan ohi zuen: «Apaiz bakar batek ez digu hitz egin izan Jainkoaz gure apaizak bezala». Barnera dezagula gaurko otoitzean dioguna.