Barauaren ordez, eztei-otordua (Joan 2,1-11)
Urteko 2. igandea C 2019-01-20
Joan den igandean Jesusen bataioaren kontaera irakurri genuen. Lukasen ebanjelioaren (C urteko oinarrizko testua da) hurrenkera jarraitu bagenu, Jesusek basamortuan egindako barauarena eta tentazioena irakurri beharko genuen. Baina, ustekabeko jauzi bat eginez, liturgiak ebanjelariaz aldatu eta Kanara eraman gaitu. Zer dela eta?
Hiru epifaniak (edo «agerpenak»)
Katoliko gehienentzat, jai bakarra da Epifania, urtarrilaren 6koa: Jesus paganoei agertzea, alegia, ekialdeko magoek ordezkatua. Alabaina, aspalditik ospatzen dira beste bi: Jesusen agerpena bataioan (joan den igandean ospatua) eta Kanako ezteietako Jesusen agerpena.
Israelera joan ohi diren erromesek, Kanara iristean, bi interes-gune izaten dituzte: eliza, zeinetan hainbat bikotek berritzen baitu ezkontza-konpromisoa, eta bertako ardoa saltzen duten denda. Ezkontza eta ardoa dira igande honetako ebanjelioaren bi sinbolo handiak.
Hasiera harrigarri bat
Laugarren ebanjelioak orain arte kontatu diguna gogoan hartzen badugu, Kanako ezteiena gauza harrigarria da. Joan ebanjelaria Hitzaurre handios eta misteriozko batekin hasi da, haragi egin den Hitzaz. Jesusen jaiotzaz eta haurtzaroaz ezer esan gabe, Joan Bataiatzailearen inguruan aurkeztu digu Jesus, non lehen ikasleak lortu baititu. Zer egingo du ondoren? Ez doa basamortura Satanasek tenta dezan, beste ebanjelariek esan digutenaren kontra. Ez doa Galileara ere berri ona hots egitera. Bere jendaurreko bizitzan egin duen lehenengo gauza ezteietarako gonbita onartzea izan da.
Zer asmo du Joan ebanjelariak hasiera harrigarri honekin? Lehen unetik galdera gau egin dezagun nahi du: zertara etorri da Jesus? Gaixo bakan batzuk sendatzera? Doktrina miresgarri bat irakastera? Gugatik hiltzera, bere herriagatik bere burua opari egiten duen heroi bat bezala? Bai, horretara guztira etorri da Jesus eta beste gauza askotara. Jesusekin hasi dira behin betiko ezteiak Jainkoaren eta beraren herriaren artean, ardo berri, miresgarri, besterik ez bezalako batekin ospatuak.
Ezteien sinbolismoa: Lehen irakurgaia (Is 62,1-5)
Bibli idazleentzat, ezkontza da irudirik bikainena Jainkoak bere herriarekin bizi dituen harremanak sinbolizatzeko. Hain justu, bete-betekoa ez delako izaten, gogo-berotik neketsura igaro ohi delako, une onak eta txarrak izaten direlako, erabateko buru-eskaintza eta gezurrak txandakatzen direlako, ezkontzak oso ondo islatzen ditu Jainkoak Israelekin izan dituen harremanak. Herriaren aldetik hainbat saldukeria izan baitituzte harreman horiek, non Jainkoaren aldetik dibortzioa eta zaputza izan baitituzte azken (Jerusalem suntsitzea eta Babiloniaren erbesteratuak izatea dira horren sinbolo).
Baina Itun Zaharreko Jainkoak ez zuen ezagutzen Zuzenbide Kanonikoaren Kodea, eta zilegitzat jotzen zuen emazte zapuztuarekin berriro ezkontzea. Horixe du promesten Isaias profetak testu batean:
«Kreatu zintuenak emaztetzat hartuko zaitu:
Jaun Ahalguztiduna du bere izena.
Emakume zokoratu eta lur jotakoari bezala
deitzen dio Jaunak berriro;
gaztetako emazteari, zapuztuari, bezala
¬dio zure Jainkoak».
Gaurko lehen irakurgaiak ere, Isaiasengandik hartuak, gai hau bera jaso du bigarren zatian.
Ebanjelariarentzat, Jesus eztei batzuetan egoteak Jainkoaren eta Israelen behin betiko ezteiak sinbolizatzen ditu, maitasun eta leialtasun hautsezinen aro berri bat hasten dutenak.
Ardoaren sinbolismoa
Isaiasen liburuan bada pasarte bat, ezin hobea izango litzatekeena lehen irakurgairako:
«Jaun ahalguztidunak prestatu du herri guztientzat mendi honetan
jai-otordu bat janari gozo-gozoz, jai-otordu bat ardo jatorrez:
janari mamitsuak, ardo gozoak».
Hau da Jesusek dakarkigun ardo ona, antzinako hura baino askoz hobea. Gainera, jai-otordu hau ez da ospatzen Galileako herrixka batean, gonbidatu gutxi batzuekin. Herri guztientzako jai-otordua da. Horrenbestez, zabaldu egin da ikuskaria. Ezteiek eta jai-otorduak, Jesusek Israeli eta gizadiari dakarkiena sinbolizatzen dute: harreman berriak Jainkoarekin, markatzat alaitasuna eta zoriona dituztenak.
Jesusen lehen seinalea, Mariari esker
Joan ebanjelariakk ez ditu gustuko mirariak. Ez du atsegin Tomas bezalako jendea, sinesteko frogak eskatzen dituena. Horrengatik, oso mirari gutxi dakartza, eta mirari ordez «seinale» deitzen die, beraien alde sinbolikoa azpimarratzeko: Jainkoarekin bizitako harremanen poza dakar Jesusek (Kanako ezteiak), bizi-ogi da (ogiak ugaltzea), munduaren argi da (jaiotzetiko itsua), piztuera eta bizi da (Lazaro).
Baina hau da lehen seinale honen garrantziko aldea: gogoz kontra gauzatu duela Jesusek, teologi tankerako aitzakiak aipatuz («nire ordua ez da iritsi oraino»). Seinalea gauzatu badu, amak eragin diolako da, zeini bost axola baitzaizkio Jainkoaren egitasmoa eta Jesusen ordua, jokatzen dena jende bati bolara txar bat saihestea bada. Jesusek berak esango du geroago: «gizakia ez da larunbata betetzeko egina»; ematen du, Mariak esan nahi diola ezen bera (Jesus) ez dela etorria bere ordua hertsiki betetzera. Izatez, ordea, ez dio ezer esan. Konbentziturik dago ezen azkenean berak esan diona egingo duela.
Joan ebanjelariak bakarrik aurkeztu digu Maria gurutze-oinean, Joanek bakarrik aipatu dizkigu Jesusen hitz hauek: «Emakumea, hor duzu zeure semea», «Hor duzu zeure ama». Horrenbestez, Mariaren irudia aipatuz hasi eta bukatu du Jesusen jendaurreko bizitza. Kanako ezteietan egin duena gogora ekartzean, aitortu beharra dugu Jesusek esku onetan utzi gaituela.
Hirugarren Epifania
Ebanjelioaren bukaerak bidezkotzat ematen du Jesusen hirugarren agerpenaz hitz egitea. «Horrela, Kanako Galilean hasi zen Jesus bere seinaleak egiten, bere aintza agertu zuen, eta Jesusekiko fedea hazi zen ikasleengan». Oraingoan ez da izarra, ezta zerutiko ahotsa ere Jesusen aintza agertu duena, baizik eta Jesus bera. Eska diezaiogun Jainkoari, izan dezala seinale horrek gugan ikasleengan izan zuen ondorio bera: Jesusekiko fedea sakontzea.
José Luis Sicre