Jaunaren Epifania B (2019-01-06)

HOMILIA

Anai-arrebok!

Jaunaren epifania edo agerpena ospatzen dugu gaur. Eguberri-egunean, Jesus artzainei agertu izana ospatu genuen; gaur paganoei agertu izana: magoek, Jesusenagana konbertitu diren jentil edo pagano guztiak ordezkatzen dituzte. Tartean, gu geu ordezkatzen gaituzte.

Esanahi handikoa da Edith Steinen esaldi hau, federako egin duen bidea adierazten duena: «Jainkoa egia da. Egiaren bila dabilena, Jainkoaren bila dabil, jakinaren gainean ala ez». Edith hau filosofoa zen, judu-jatorrikoa, ateoa; kristau bihurtu zen, eta karmeldar moja egin zen; 1942an, judu-odola omen zuelako, naziek hil egin zuten. Aipatu dudan esaldi horretan, bere esperientzia agertu nahi izan digu: ateo izanik ere, egiaren bila dabil, eta egiaren ibiltze horrek Jainkoa ezagutzera eta aitortzera eraman du.

Gazteen XX. Ekitaldian, Kolonian, Bruno Forte artzapezpikuak, katekesia batean, aldarrikatu zuena ere interesgarria dugu: «Magoek, egiaren bila dabiltzan guztiak ordezkatzen dituzte: prest dira beren bizitza exodo edo irteera bezala bizitzeko; prest dira, goitik datorren argiarekin topo egiteko bideari ekiteko». Gainera, Magoen esperientziak erakusten digu, kultura guztietan, gizon-emakumeetako bakoitzean, badirela esperantzak, ase beharrekoak. Horrek esan nahi du, gizon-emakumeen historian agertzen diren Jainkoaren seinaleak irakurtzen jakin behar dugula.

Gaurko lehen irakurgaia, egunsenti berri bateko argiaz mintzo zaigu: munduak bizi duen ilunpea uxatuko duen jainkozko eguzkia da, argi distiratsua. Argiaren irudi hori behin eta berriz ageri da Biblian. Baina kristau-erlijioan ez ezik, erlijio guztietan ageri da argiaren irudi hori. Egiaren eta zuzentasunaren argia. Gure gaitzez errukitzen den Jainkoaren onberatasunaren eta errukiaren argia. Ospatzen ari garen Epifania jai honen ezaugarria den argia.

Baina egiazko zein egoera historikotan kokatu du Mateo ebanjelariak gaurko ebanjelioan aipatzen duen Magoen pasadizoa?

Hona labur-labur. Herodes Handia zen errege Judean K.a. 40. urteaz gero. Erromatar inperioaren babesa zuen Herodesek. Bera ez zen judua, baizik eta atzerritarra. Krudelkeria izan zuen bere ezaugarrietako bat. Bere erregetza kenduko zioten beldurrez, bere seme propio batzuk hilarazi zituen. Baita emazte bat ere.

Hontan, hor datoz urrunetik mago batzuk, pertsona jakintsu batzuk. Eta xalo-xalo egin dute galdera Jerusalemen: «Non da jaio berria den juduen erregea».

Erregetza kendu nahi omen zioten bere semeak ere hil zituen Herodes erregeagan zer zirrara sortu zuen galdera horrek? Batez ere, zer erreakzio eragin zuen? Bistakoa da.

Mateoren ebanjelioa, egoera horren oihartzun da. Atzerritarrak egiaren bila bizi dira. Egiaren bila ibiltzeak seinale berezi bati antzematera eraman ditu. Eta bide luzea eta neketsua izan arren, bila segitzera eragin die. Goi-argi bat izan dute gidari. Sinbolo bat da izarra.

Bitartean, juduak ere hor ageri dira. Badakite non jaiotzekoa den Mesias. Baina, haren argia ikusi duten batzuen aitorpena entzun arren, kasurik ez diete egin. Herodesek zer esanik ez. Hil egin nahi izan du jaioberria.

Senideok, Magoen pasadizoa erronka handia dugu guztiok. Ezin utzi gaitu axaleko, anekdotiko eta folkloriko gauza batzuk gogora ekartzearekin. Bila eta bila ibiltzera eragiten digu. Egiazale izatera. Egia maitatzera. Guztiok bihotzean dugun itxaropenaren argia bilatzera.

Lagundu gaitzala egiazale handi izan den Edith Stein martiri eta santuak. Lagundu gaitzala jainkozko eguzkiaren argia iragarri digun Isaias profetak. Lagundu gaitzatela, bere usteak gainditu eta goi-argiak susmarazi dien egiazko argiaren bila bide luzea egin behar izan dutenek. Lagundu gaitzala Andre Mariak. Argitu eta lagundu gaitzala Jesusen Espirituak Jainkoaren seinaleei antzeman eta gogotik jarraitzen.

Dionisio Amundarain