Magoak gu geu gara (Mateo 2,1-12)

Jaunaren Epifania C (2019-01-06)

Lehen ebanjelioaren idazlea (Mateo), segur aski, Siriako Antiokian bizi da; urteak daramatza esperientzia oso berezi bat bizitzen: Jesus judua den arren, judurik gehienek ez dute onartu Mesiastzat; bestetik, gero eta pagano gehiago ari da txertatzen kristau-elkartean. Zenbaitek era gizatar hutsean interpreta lezake gertaera arraro da: konbertitzen diren paganoak jende oso jainkozale dira, juduen sinagogari oso lotuak; baina ez dira ausartzen azken urratsa egitera, erdainkuntza hartuz; kristauek, berriz, ez diete eskatzen erdaintzea, elizako kide bihurtu ahal izateko.

Mateok nahiago du beste interpretazio bat: Jainkoak paganoei egindako agerpen eta errebelaziotzat hartu du. Hori adierazteko, ideia itzel bat otu zaio: errebelazio hori Jesusen haurtzarora aurreratzea; moldatu duen kontakizuna ez dugu hartu behar historikotzat, baizik eta Eguberriari dagokion lehen ipuintzat. Ipuin ederra eta teologia-sakontasun handikoa. Eta ez dadila inor ere eskandaliza. Seme hondatzailearen eta samariar onaren parabolak ere ipuintxoak dira, baina mila egiazko historiak baino jende gehiago aldarazi dute.

Izarra

Antzinako jendea konbentziturik zegoen, ezen pertsonaia handi baten jaiotza edota munduko aldaketa garrantzizko bat, izar bat agertuz iragartzen zela. Origenesek III. mendean idatzi zuen:

«Erreparatu izan da, lurrean gertatu izan diren gertakizun handien edo aldaketa handien unean beti agertu izan direla era honetako astroak, inperioan iraultzak, gerlak eta bestelako gorabeherak iragartzen zituztenak, mundua nahasteko modukoak. Nik neuk irakurri ahal izan dut Kometen Tratatuan, Quenemon estoikoaren liburuan, batzuetan agertu izan dela horrelakorik gertaera faboragarri baten bezperan; adibide asko ematen digu horretaz» (Contra Celso I, 58 eta hur.).

Beste herriek uste zutenera jo beharrik gabe, Bibliak iragarri du Jakoben izarra agertuko dela, beraren boterearen sinbolotzat (Zenbakiak 24,17). Pasarte hori Mesias agertzearekin erlazionatu ohi zen.

Jende ona: magoak

Esandako horrekin bat, Israelen ez zen inor harrituko izar batek Mesiasen jaiotza iragartzeaz. Mateoren orijinaltasuna beste honetan datza: Mesiasen jaiotza iragartzen duen izarra Judatik urrun ikustean. Baina jende arruntak ez du pasatzen gaua zerura begira, ez da izaten oso jantzia ere astronomian. Zeinek bereiz lezake? Garaiko astronomo batzuek, ekialdeko magoek.

«Mago» izena, lehen mendean, pertsonaia oso desberdini ematen zitzaion: pertsiar apaizei, natura gaindiko ahalmenak zituztenei, erlijio berrien propagandistei eta txerpolariei. Gure testu honetan ekialdeko astrologoei eman zaie, juduen historia sakon ezagutzen dutenei. Ez dira errege. Errege izen hori geroagoko legenda bateko datua, geroago ikusiko dugunez.

Jende gaiztoa: Herodes, apaiz nagusiak eta lege-maisuak

Kontaera oso laua da, benetako pitxi literarioa. Hasiera, judu irakurle batentzat, dramatikoa da: «Jesus Judako Betleemen jaio zen, Herodes erregearen garaian». Mateok bere ebanjelioa idatzi duenean, izanak dira jada laurogeiren bat urte errege hori hil zenetik. Baina bizirik jarraitzen du juduen oroitzapenean, egin zituen eraikinengatik, agertu zituen beldurragatik eta krudelkeriagatik. Botereari zion atxikipenaren eta hura galtzeko beldurraren kasu patologiko bat da; bere semeak berak eta Mariamme bere emaztea bera erailtzera eragin zioten. Jesusen jaiotzaren berri jakiten badu, nola erreakzionatuko du lehiakide honen aurrean? Jakiten badu, hilko du.

Probidentziazko zirkuitulabur bat

Eta erarik ustekakoenean jakingo du haren berri; ez polizia sekretuaren salaketaz, baizik eta pertsonaia xalo batzuen bidez. Mateok kontatzeko trebetasun ikusgarriaz idatzi du. Ez dizkigu aurkeztu magoak artean Ekialdean daudenean, zerua eta izarrak behatuz. Alde batera utzi ditu magoen aurkikuntza eta bidaia luzea.

Izarrak gidatzen ahal zituen magoak Betleemera zuzenean; baina hartara ez zen nabarituko magoen eta judu-agintari politiko eta erlijiosoen arteko kontrastea. Erraza da irtenbidea. Unerik desegokienean desagertu da izarra, iristeko bederatzi kilometro bakarrik falta direnean; hala, Jerusalemera sartu beharrean gertatu dira magoak.

Iritsi orduko egin dute, xalo-xalo, galderarik konprometigarriena: «Non da jaio den juduen erregea? Izan ere, beraren izarra ikusi dugu eta bera adoratzera gatoz». Bonba bat Herodesentzat.

Kontrastea

Eta horrela sortu da eszena nagusia, guztiz inportantea Mateorentzat: Herodesen izua eta apaizei eta lege-maisuei egindako kontsulta. Bat-batekoa izan da erantzuna: «Betleemen, horrela iragarri baitzuen Mikeas profetak». Herodesek eman die erantzun horren berri magoei eta badoaz hauek. Baina berak bakarrik doaz. Hauxe da Mateok azpimarratu nahi duena. Judu-agintari politiko eta erlijiosoetako inor ez da arduratu Jesusei omenaldia eskaintzeaz. Ezagutzen dute Biblia, ezagutzen dituzte jainkozko arazo guztiekiko erantzunak, baina fedea falta zaie. Magoek bide luze eta deserosoa egin dute; judu hauek, berriz, ez dira gai bederatzi kilometroko ibilaldia egiteko. Mesiasi hasieratik egin dio uko bere herriak berak, urte batzuk geroago gertatuko dena aurresanez.

Magoak ez dira harritu, ez dira bihozgabetu. Bideari berrekin diote, eta izarra berriro agertu izanak pozik jarri ditu. Iritsi dira etxera, egin diote omenaldia eta eskaini dizkiote opariak. Erregalu hauek era sinbolikoan hartu izan dira aspaldidanik: erregetza (urrea), jainkotasuna (intsentsua), hilobia (mirra). Baliteke Mateok gogoan hartu izana, soilik, antzinako Ekialdean balio handia zuten opariak. Amets batek Herodesen tranpan erortzetik libratu ditu magoak.

Magoak ez dira gurasoak, gu geu gara

Norbaiti irudi dakioke pasadizoaz emandako interpretazioa oso arrazionalista dela, eta errege magorik ez dela existitzen jakin duen haurra bezala senti liteke. Senti genezake penarik, baina errealitatea behar dugu onartu. Nolanahi den, nahi duenak har lezake pasadizoa historikotzat, baina Mateoren zentzu teologikoa alde batera ez uztekotan. Hasieratik beretik egin zion uko Mesiasi bere herriaren zati handi batek; paganoek, berriz, onartu. Elkarteak ez du zertan harritu judu-agintariek berari uko egiten jarraitzeaz, eta paganoak, aldiz, konbertitzeaz.

Izarraren mitifikazioa

Izarrak beti erakarri izan du atentzioa, eta leku garrantzizkoa hartzen jarraitzen du gure Jaiotzetan. Mateok, hasieran, era lauagoan aurkeztu du, magoek baitiote: «beraren izarra irteten ikusi dugu». Baina, bigarren mendean jada, Santiagoren Protoebanjelioak, handitu egin du, bai tamainaz, bai argitasun-gaitasunaz: «Izarra ikusi dugu, beste astroen artean, hain distira bizikoa, non guztiak eklipsatzen baitzituen, guztiak kasik ezinikusi bihurtzeraino». Eta Haurtzaroko armeniar liburuak dio, magoek bidelagun izan zutela bidaiako bederatzi hilabeteetan.

Aldi modernoetan, bi astroen konjuntzioa (Jupiter-en eta Saturnoren, K.a 7/6an hiru bider gertatua) edota kometa bat agertu izana (K.a. 5/4an txinatar astronomoek detektatua) eman izan da fenomeno horren argibidetzat. Baina zorakeria eta sinplekeria hutsa da hori. Aski da erreparatzea zer egiten duen izarrak. Ekialdean ikusi dute, eta Jerusalemdik irtetean berrikusi dute, haurtxoa dagoen lekuan gelditzeko. Gidatzeari emanik, zergatik ez du egiten bide guztian Haurtzaroko armeniar liburuak dioen bezala? Eta nolatan geldi daiteke izar bat sehaska baten gainean? Jainkoarentzat «ez da ezinik», baina muga batzuen barnean.

Magoen kopurua eta izenak

Haurtzaroko armeniar liburuak (IV. mende-bukaera aldekoak) dio: «Une berean, Jaunaren aingeru bat presaka joan zen pertsiarren lurraldera, errege magoei adieraztera, haur jaioberria adoratzera joan zitezen. Eta hauek, izar batek bederatzi hilabetez gidatu ondoren, beren helmugara iritsi ziren, Birjinak haurra izan zuen unean… Eta errege magoak hiru anaia ziren: lehena Melkon (Meltxor), pertsiarren errege izan zena; bigarrena Baltasar, indiarren errege izan zena, eta hirugarrena Gaspar, arabiarren lurraldeen jabe izan zena». Mateorentzat hau da funtsezko datua: ez direla juduak, baizik atzerritarrak.

Justinoren (bigarren mendeko apologista eta martiri) arabera, arabiarrak dira jatorriz. Geroago, Pertsia nagusitu da. Kopuruari dagokionez, siriar elizak hamabi aipatzen ditu.

Kontrastea lehen irakurgaiaren eta ebanjelioaren artean

Ematen du, Isaiasen liburuan (Is 60,1-6) iragarria bete izana ikusten duela liturgiak. Alabaina, kontrastearena da erlazioa. Isaiasengan Jerusalem da protagonista: Jainkoaren aintzak distira dagi beraren gainean, eta herri paganoek beren seme-alabak dakarzkiote; judu erbesteratuek beren aberastasunez, intsentsuz eta urrez blai egin dute hiria. Ebanjelioan, berriz, protagonista ez da Jerusalem; izan ere, Jainkoaren aintza, Mesias, Betleemen agertu da, eta herri honetarantz datoz magoak. Bidenabarreko leku hutsa da Jerusalem, eta Mesiasen kontrakoen egoitza: haurra hil nahi duen Herodesena, eta haurra bost axola zaien lege-maisuena eta apaizena.

José Luis Sicre