Familia Santuaren Jaia C (2018-12-30)
HOMILIA
Anai-arrebok!
Familia Santuaren jaia ospatzen dugu gaur. Bi alderdi ospatzen ditugu jai honetan, liturgiari jarraituz. Lehenok eta behin, Eguberria ospatzen jarraitzen dugu; bestetik, familiak nolakoa izan behar duen pentsatzera eragiten digu.
Lehenengo gauza: Eguberrialdiko jaia da. Eguberriko misterioaren alderdietako bat bizitzeko aukera da. Andre Maria eta Joserengandik jaio den haurrak familia baten beharra izan du. Jesusek, Mariak eta Josek familia bat eratu dute.
Haur hori erabat pobre jaio da, eta familia baten beharra izan du. Hain zuzen, bere bizitzako urterik gehienak familian bizi izan ditu.
Jainkoa armarik gabe, botererik gabe, dirutzarik gabe etorri da mundu honetara. Amaren eta aitaren beharra izan du. Horrek esan nahi duen guztiarekin. Horrenbestez, hiru protagonista ospatzen ditugu jai honetan: Andre Maria, dena prest haurraren zerbitzari izateko; San Jose, dena prest haurraren zerbitzuan amari laguntzeko; Jesus haurra, dena prest amaren eta aitaren zerbitzua apal-apal onartzeko.
Baina giro hori eta guzti, gaurko ebanjelioan Lukasek gertaera berezi bat aipatu digu. Esanahi handikoa. Jesus 12 urteko zela, familia osoa Jerusalemera joan zen erromes, urtero egin ohi zuten bezala. Etxerakoan, Jesus tenpluan gelditu zen. Gurasoak, ilunabarrean konturatu ziren, Jesus ez zela beren taldean. Eta tenpluan aurkitu zuten hango apaizen eta lege-maisuekin solasean. Amak galdetu zion: «Seme, zergatik egin diguzu hau?» Eta Jesusek erantzun: «Ez al zenekiten, nik Aitaren gauzetan jardun behar dudala?» Eta segidan, gurasoekin joan zen etxera.
Zer esan nahi du Jesusen erantzun horrek? Konpara dezagun Bibliako Itun Zaharreko beste kasu batekin. Samuel profeta Jesus baino 1000 urte inguru lehenago bizi izan zen. Amak, jaio aurretik promes bat egin zuelako, oso ume zela tenplura eraman zuen, eta Eli apaizaren ardurapean utzi. Samuelek, 12 urteko zela, gau batean ahots bat entzun zuen: «Samuel, Samuel». Eta mutikoa Eli apaizagana joan zen. Elik esan zion ez ziola berak deitu, lotara joateko. Berriro gertatu zitzaion Samueli gauza bera. Hirugarrenez ere entzun zuen deia, beste bietan bezala. Azken honetan, Eli apaizak irakatsi bezala: «Bai, Jauna, hitz egizu; adi nauzu». Eta idazleak argitzen digu: artean, Samuelek ez zuen ezagutzen Jainkoa.
Pentsa. 12 urteko zen. Familia erlijioso batean jaioa zen. Ez dakigu zuzen zenbat urte egin zituen tenpluan Eli apaizaren ondoan. Halere, ez zuen Jainkoa ezagutzen.
Jesusek, aldiz, gurasoei esan die: «Ez al zenekiten nik Aitaren gauzetan jardun behar dudala?» Nondik nora daki hori Jesusek? Jesusek badaki ama duela Andre Maria, badaki aita duela Jose. Halere, Maria amaren eta Jose aitaren gainetik, zeruko Aita aitortzen du.
Hitz horiek kontraste handia agertzen dute; ez bakarrik Samuelen ezjakintasunarekin; baina Maria amaren ezjakintasunarekin ere.
Bai, gizon egin den Jainkoaren semea pobre egin da, familia baten beharra izan du. Baina badaki odolezko familiaren gainetik beste Aita bat baduela, badaki odolezko familia horretan ezin gelditu dela, badaki bere bokazio propioa duela.
Gaurko jai honen bigarren alderdia: familiak nolakoa izan behar duen. Jesusek esaneko izaten jarraitu zuen, bere eguna etorri arte. Andre Mariak ardura handia agertu du Jesusekiko. Jose laguntzaile handia izan dute Jesusek eta Mariak.
Familia bizitzeko moduaz, zer esaten digu horrek guztiak?
Bigarren irakurgaiak (1 Joan 3,1-2.21-24) esan digun bezala, gu ere Jainkoaren seme-alaba egin gaitu Jainkoak. Geuk ere nork bere bokazioa dugu; bai ama bezala, bai aita bezala, bai seme-alaba bezala. Baina bokazio hori familia-giroan joango gara garatzen, sustraitzen, errotzen. Zer pentsa handia eman beharko ligukete gaur egungo hainbat eta hainbat haur eta gaztetxok, familiarik gabe geldituek. Entzuten dugunean, halako edo bestelako harrera-etxe hartako gaztetxoak asaldatu egin direla, zaindariak jo dituztela, etxea jo eta hondatu dutela, zer pentsatzen dugu familiaz? Senideok, gizon egin den Jainkoaren Semea ezagutu, ispilutzat hartu, ondratu eta etsenplutzat hartzeko gai izan beharko genuke. «Ni ikusten nauenak Aita ikusten du» esango digu, geroago, Eguberrialdian ospatzen dugun jaioberriak, Jesusek.
Dionisio Amundarain