Abendualdiko 3. igandea C 2018-12-16
HOMILIA

«Poztu zaitezte». Horixe dugu geure lema edo gidaria igande honetan. Lehenengo irakurgaian entzun dugun irrintzia da. Sofonias profetaren mezua da. «Poztu zaitezte».

Garai batean, gaztetxo ginenean, poza benetan sentitzen genuen igande hau ospatzean. Gaudete deitzen genion igandeari. Ez genuen jasotzen ezer berezirik. Hurbil ikusten genituen Eguberrietan ere ez genuen ezer bereziri espero izaten. Baina Gaudete hori entzuteak bazuen zerbait berezirik. Bazuen bere xarma. Norbaitek «poztu zaitez» esateak bezalaxe. Pasadizo hunkigarri batez gogoratzen naiz. Eskale bat kalean. Pasatu da gizon bat eta, beste edozein bati bezala, «mesedez» esan dio eskaleak. Eta gizonak: «Hermano, no llevo nada». Eta eskaleak aurpegia eta begiak dirdaitsu, esan dio: «Aski da, limosna guztiek baino poz handiagoa eman didazu; “hermano” deitzeak benetan poztu nau». Eskale hark nabaritu zuen besteak benetan esan ziola «hermano».

Askotan ahaztu egiten dugu hitzak duen indarra. Batak besteari «poztu zaitez» esateak duen indarra. Ez ote da geure barruan pozik ez dugulako?

Izan ere, gure mundu honetan, poza askotan asearekin nahasten dugu, ase izatearekin. Eskura izan ditzakegun gauzetan jartzen dugu geure poza. Autoa dela. Etxea dela. Soldata ona dela. Are gehiago: senarra/emaztea/seme-alabak ditudala. Bidezkoa dugu aipatu ditudan gauza horiez poztea. Baita gustukoak ditugun beste gauza askoz poztea ere. Atseden bat ematen digute. Lasaitasun bat.

Baina, bai Sofonias profetak lehenengo irakurgaian, bai Isaias profetak gaurko Salmoan, bai Paulok bigarrenean, beste zerbait proposatzen digute benetako pozaren SUSTRAITZAT:
−«Poztu zaitez, Siongo alaba… Jauna izango da Israel herriaren erregea, zuen artean dago… Gozatzen eta pozik dago Jauna zugatik, maite zaitu…», diosku Sofoniasek.
−«Bai handia dela zuen artean Israelgo Santua», diosku Isaiasek Salmoan.
−«Senideok, bizi beti pozik Jaunagan… Jauna hurbil da… Eta Jaunaren bakeak babestuko ditu zuen bihotza eta zuen pentsamenduak Kristo Jesusengan», diosku Paulok.

Bai. Kristo Jesus da gure pozaren sustraia eta oinarria. Hark bakarrik eman diezaguke poz sanoa eta benetakoa. Beste gauza guztiek nolabaiteko eta unean uneko behin behineko poz bat ematen ahal digute. Baina poz iraunkorra, poz sakona Jesusek bakarrik. Loiolako Ignazioren hura gogoratu nahi nizueke. Loiolan zegoen sendabidean. Pentsamendu asko nahasten zituen. Batetik, garai batean irakurri zituen «nobeletakoak» (zalduneria liburuetakoak); bestetik, irakurtzen ari zen bi liburuetakoak (Jesusen Imitazioa eta Santuen bizitza). Nobeletako pentsamenduek mementoan atsegina ematen zioten, baina berehala tristura sartzen zitzaion. Jesusen eta santuen liburuetako pentsamenduek, berriz, atsegin iraunkorra ematen zioten. Zer pentsatu handia eman zion horrek.

Bestalde, gaurko ebanjelioan Lukasek Joan Bataiatzailea dakarkigu gogora. Bere predikuaz, jendea ahozabalik utzi du Joanek. Harriturik eta kezkaturik. Eta «zer egin behar dugu» galdetzen diote. Eta gu, gai al gara galdetzeko: «poza eta zoriona izateko, zer egin behar dugu?» Joan den asten honetan, otordu-aldi batean, irratiz entzun nuen. Alderdi jakin bateko kidea zen. Artean BILDUk harremanetan jarraitzen zuen Gasteizko aurrekontuen inguruan. Uste dut, agerian esan gabe, BILDUren kontra ari zela aipatu dudan solaskidea. Esan zuen, gutxi gorabehera: «arazoa ez da aurrekontuak onartzea ala ez; arazoa egiturak aldatzea da». Gogora etorri zitzaidan: «Hori hik esan beharrik ez diagu». Baina jarraitu nuen neure baitan: «guztizko ideia horrek ez al gaitu eramaten askotan ezer egin gabe gelditzera?».

Senideok, urrunera begira bizitzea garrantzizkoa da. Baina oraina ahaztu gabe. Urruna begi-bistan dugula, oraina zentzuz bizitzera deitzen gaitu, bai Sofoniasek, bai Joan Bataiatzaileak, bai laster ospatuko ditugun Eguberri jaiak. «BESTE BAT dator» esan digu Joanek. Beste hori dugu geure benetako poz-iturria.

Jesusen Espirituak eman diezagula argia, Joanen ondoren etorri den BESTE HORI aintzat hartu ahal izateko. Uste eta fede hau indartzeko egokiera handia izango dugu datozen Eguberrietan. Saia gaitezen geure burua pozten. Saia gaitezen ingurukoak pozten

Dionisio Amundarain