ABENDUALDIKO 2. IGANDEA (C) 2018-12-09

SARRERA

Senideok, abendualdiko 2garren igandea ospatzen dugu gaur. Gaurko irakurgaietan oihartzun handia du «bide egiteak», bidaiari izateak. Jainkoak, profetaren ahoz, hau diosku: zelaitu lurra, «Israel herria seguru ibili ahal dadin». Eta ebanjelioan, Joan Bataiatzaileak hauxe: «Prestatu bidea Jaunari». Bai; kristau-bizitza, Jesusen arabera, harekin batean bide egitea da, bidaiari izatea, erromes izatea. Norbaiti dei egitean, hau esan ohi dio Jesusek: «zatoz, eta jarraitu niri». Jesus bera ibiltari izan da beti, jendearen bila ibili da beti; zeruko Aitarekin nola edo non egongo bila ibili da beti. Egiaz, kristau-bizitza prozesu bat da, ibilbide bat da; ez da inoiz ere planto egin eta geldi egotea. Jauna dei eta dei ari zaigu, aspertu gabe ibili eta ibili bizi gaitezen. Jomuga barruntatu dugu jadanik, baina ez gara iritsi oraino.
Abendualdia esperantza-aldi berezia da. Salbatzailea, askatzailea gurekin dabil bidean. Baldintza bat eskatzen digu: bihotz-berritzea; etengabe berritzen joatea. Jaunari geure bizitzan bide egitea. Gure bizitzan sar dadin uztea. Bai pozgarria, adiskide berezi-berezi bat, aparteko bat geurekin dugula jakitea eta harekin eta harengan bizitzen saiatzea. Zatoz, Jauna, zatoz!

LEHENENGO IRAKURGAIA Baruk profetaren liburutik (5,1-8)

Baruk profetak, liburuaren lehen zatian, penitentzia egiteko eskatu dio herriari; bigarren zatian, berriz, Jainkoaren jakinduriaren edertasuna goratu du, eta, hirugarren zatian, gaurko pasarte labur hau barnean hartzen duen horretan, pozik eta esperantzaz bizitzeko eskatu dio herriari. Zergatik? Jainkoa bera izango delako herria gidatuko duena: zuzentasuna ereinez, argi eginez, bakea sortaraziz; horregatik eta horretarako, mendiak jaisteko eta berdintzeko eskatu dio herriari; mendiak jaiste horrek hau esan nahi du: harrokeria, handikeria eta materialismoa baztertzea; aldi berean, zuloak betetzea eskatu dio, dena berdin gera dadin, hau da, zapaldua den jendea goratzea, jende hori zulotik goratzea. Munduko jende guztia elkarren pareko izan dadin.
Hitz gogoangarri hau esan dio Baruk profetak bere herriari: «Jaunak gogoan zaitu». Gaur guri zuzendua da hitz hori.

BIGARREN IRAKURGAIA Filipoarrei egindako gutunetik (1,4-5.8-11)

Paulok eskerrak eman nahi dizkio Jainkoari, filipoarrek berari agertu dioten maitasunagatik. Eta etengabe ari da otoitzean haien alde. Baina kontuan har dezagun: poz-pozik egiten du otoitz.
Eta haiekiko duen maitasunagatik, hauxe eskatzen die Paulok: saia daitezela maitasunean aurrera egiten, beren arteko desberdintasunak alde batera utziz. Horrela −esaten die− Kristorekin topo egitean, alde batetik, faltarik gabe ikusiko dute beren burua; bestetik, Jainkoarekiko gorespenez betea.

EBANJELIOA San Lukasen liburutik (3,1-6)

Joan Bataiatzailearen bidez, Jainkoa bera ari da parte hartzen gizon-emakumeen historian. Joanek basamortuan jaso du Jainkoaren hitza. Toki berezia da basamortua horretarako, Jainkoaren hitza benetan entzuteko toki aproposa da. Kontsumismotik urruti agertu ohi da Jainkoa: kontsumismo-klase guztietatik aparte: jan-edanaren, telebista-irratietako zaborraren, tratu txarren, gezurraren kontsumismotik urruti; hori da basamortua.
Eta bihotz-berritzearen bataioa hots egiten hasi da Joan. Ez da erritu hutsa. Ez da erritu sozial bat: ez da besteek hala egiten dutelako egiten den zerbait. Bihotz-berritzea adierazten eta eskatzen duen bataioa da. Hain zuzen, Jaunari bidea prestatzeko eskatu die Joanek: zuzengabekeria, harrokeria, handinahia… uzteko.
Eta badakigu: Jesus pobretasunean eta pobre etorri da: xume, ahul, makal. Zertarako? Lukasek esan digu gaurko ebanjelioaren bukaeran: «Eta gizon-emakume guztiek ikusiko dute Jainkoaren salbazioa». Horretarako baldintza zein den agertu nahi izan digu Joan Bataiatzaileak: «prestatu bidea Jaunari». Hustu bihotza harrokeriatik, inbidiatik, alferkeriatik, egoismotik.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Abendualdi honetan geure eta besteen esperantza elikatu dezagun; geure konpromisoarekin; agertuz, mundua alda daitekeela eta esperantza posible dela. Eska diezaiogun Jaunari.
2.- Geure bizitzan profeta-faltarik izan ez dezagun; esanez, profeten garaia joana dela eta gaur aurrerapen material eta plazerezkoaren garaia dela. Eska diezaiogun Jaunari.
3.- Kristau guztien alde: mundu osoan, diru-gosea, harrokeria eta botere-nahia alde batera utziz, bideak zelaitzen saia gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Munduan gosea jasaten ari diren guztien alde: beren artean bat egin dezaten, eta aberatsagoen artetik nork lagundurik izan dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.