BIDE BERRIAK IREKI (Lukas 3,1-6)
Abendualdiko 2. igandea C 2018-12-09
Lehen kristauek, Joan Bataiatzailearen jardueran, Jesusi bidea modu erabakitzailean irekin zion profeta ikusi zuten. Horregatik, mendetan barna, Bataiatzaileak dei bat izaten jarraitzen du; geure artean Jesus onartzeko aukera emango diguten bideak premiatsuki prestatzea eskatzen digun deia da.
Isaias profetagandik hartu duen mezu honekin laburtu du Joanena Lukasek: «Prestatu Jaunaren bidea». Nola entzun genezake irrintzi hori gaurko Elizan? Nola ireki bideak gaur egungo gizon-emakumeok Jaunarekin topo egin ahal izateko? Nola onar genezake Jauna geure elkarteetan?
Lehenengo gauza jabetzea da ezen beharrezkoa dugula harreman biziago bat Jaunarekin berarekin. Ezin elika gintezke irakaspen erlijiosoarekin bakarrik. Ezin jarraitu diogu Jesusi bera abstrakzio eder-eder bihurturik. Berarekin era bizian sintonizatu beharra dugu, beraren bizierak erakar gaitzan utzi beharra, berak Jainkoaz eta gizakiaz duen irrikak kutsa gaitzan utzi beharra.
Gizarte moderno honen «basamortu espiritual» honetan, kristau-elkartea ulertu eta eratu, Jesusen Ebanjelioa onartzen den leku bezala ulertu eta eratu behar dugu. Sinestedunak, sinestedun txikiagoak, sinestedun eskasak eta, are, sinesgabeak elkartzearen esperientzia bizi behar dugu, Jesusen ebanjelio-kontakizunaren inguruan. Jesusi aukera eman beharra dugu bere indar gizatiarraz sar dadin gure arazo, gure krisi, gure beldur eta esperantzan.
Ez dezagun ahaztu. Ebanjelioetara ez goaz Jesusez irakaspen akademiko bat jasotzera, mendeen joan-etorrian zaharkituz joango litzatekeena. Biziera bat ikastera joango gara, aldi eta kultura guztietan bizi ahalko dena: Jesusen beraren biziera. Irakaspenak ez du bihotza ukitzen, ez du bihotz-berritzen, ez maitemintzen. Jesusek bai.
Ebanjelio-kontakizunarekin egindako zuzeneko eta ondo-ondoko esperientziak fede berri batera jaioarazten gaitu, ez «irakastearen irakasteaz» edota «ikastearen ikaste teorikoaz», baizik erakarriz. Kristau-bizia bizitzera eraman ohi gaitu, ez betebehar bat bezala, baizik eta kutsaduraz. Ebanjelioaren arrimuan, Jesusen jarraitzaileen zinezko nortasuna berreskuratzen dugu.
Ebanjelioetan nahasten ibiliz, esperimentatu ohi dugu ezen Berpiztuaren presentzia ikusezin eta isila giza ezaugarriz janzten dela eta ahots jakin bat hartzen duela. Bat-batean dena da aldatzen: Norbait lagun dugula bizi ohi gara, gure bizitzari zentzua, egia eta esperantza ematen dizkiona. Ebanjelizazio ororen sekretua Jesusekin zuzeneko eta ondo-ondoko harremanetan jartzean datza. Hura gabe ezin eragin da fede berririk.
Jose Antonio Pagola