. LATRANEKO ELIZAREN BESTA
Lehen irakurgaia
( Jainkoaren tenplutik darion biziaren iturria )
Ezekiel profetaren liburutik 47, 1-2. 8-9 . 12
Jaunarenganik nuen ikuspen batean,
1 gidatzen ninduen gizonak Tenpluko atarirat ereman ninduen.
Eta hara: Tenpluko ate azpitik ura zarion iguzki alderat,
Tenplua harat beha baitzagon.
Ura Tenpluaren eskuinaldetik jausten zen, aldarearen hegoalderat.
2 Gero, iparraldeko atetik aterarazi ninduen
eta kanpotik itzulia eginarazi zautan
iguzkialderat beha zagon ateraino.
Eta han ere ura eskuinaldetik zoan ixurian.
8 Erran zautan:
“ Ur hau iguzkialderat doa:
Jordaneko haranerat jausten da eta Itsaso hilean sartzen;
eta hango ur ustelak onduko ditu.
9 Ibaia helduko den edonon,
uretako bizidun guziak han biziko dira, eta arrain asko izanen da:
ur hau sartuz geroz, itsasoko urak garbituko dira,
eta ibaia sartzen den toki guzietan, bizia izanen da.
12 Ibaiaren bi bazterretan
mota guzietako zuhaitz fruitudunak haziko dira;
ez zaiote hostorik eroriko, ez eta fruiturik eskastuko.
Ilabete oro, fruitu berriak emanen dituzte,
saindutegitik sortzen den urak ureztatzen baiditu.
Fruituak janari izanen dira et hostoak sendagai.
Izraeldarrentzat tenploa beren bizi kultural guziaren erdi erdian zen. Hura erortzen bazen fedea
ere ez zena harekin lurreratuko ? Hori zen galdera.
Nabukodonozor-en armadak Jerusalemen sartu diren egunetan tenploa lurrera aurtikia izan da
587an J.K. aitzin. Ezekiel Babiloniara eremana da Kebar deitu ibaiaren bazterrean kausitzen den hiri batera,
hiri hori TEL-AVIV deitua delarik. Horren oroitzapenetan deitua da gaurregun Izraelgo kapitala.
Berrogoi urtez egon ziren desterruan Izraeldarrak. Ezekiel profetak behar izan zuen bere izraeldar
lagunen fedea eta esperantza bizirik atxiki.
Etsimena denetan zen, tenploa lurrean, eta gibelerat itzutzeko esperantza ttipia. Orduan profetak
erraiten diote Jainkoa ez dela tenploan bakarrik kausitzen , bainan bai denetan, eta desterruan ere bai, bere
populuaren erdian dagoela. Jainkoak hitzemana atxikiko du eta Izraelek ez du etsitu behar. Ezekielek
biharko tenploa ikusten du eta hemen ikuste hori du kondatzen.
Lehengo tenploa Jerusaleme hiriaren iparaldean eraikia zen, mendebaletik ekialdera begira zagola.
Puntu kardinalek bazuten beraz garrantzia Ezekielen entzuleentzat.“ Tenpluko ate azpitik ura zarion iguzki
alderat, tenploa harat beha baitzagon.Ura tenploaren eskuinaldetik jausten zen, aldarearen hegoalderat.”
Profetak aipatzen duen ur hori, berez promesa bat da. Itsaso hila deitua dena ez da gehiago hila
izanen, han „ arrain asko izanen da“.Testu hunek Hasiera-n kondatua dena oroitarazten du: „Jainkoak erran
zuen : Lurrak berdagailua eman beza, landare hazidunak eta fruitu zuhaizak, mota bakotxa bere fruitu eta
haziarekin, lurraren gainean…Jainkoak erran zuen: Urak bizidunez purpurika bite…“ (Has 1)
Berdin, profetak bizia pizten ikusten du berriz eraiki tenplotik ateratzen den urak hunki toki guzietan.
Horrek erran nahi du parabisua ez dela gibelean bainan bai aitzinean. Geroago Juduek tenploa berriz eraiki
bazuten, beharbada Ezekielek eman esperantzari zor zioten .
Salmoa 45
Leloa : Huna Jaunaren bizilekua gutartean !
Jainkoa dugu bai ihes leku, bai indarra,
Oren beltzetan esku emaile zoin azkarra.
Guk beldurrik ez, mugi baladi, mugi lurra,
Eta mendiak itsasperaino tanpez lerra.
Ur handi batek bere ibaiez pizten dio
Jaun zerukoa den hiriari bozkario.
Hartan da Jauna: deusek ezin du lurrerat jo;
Argi zirrintan Jainkoa lagun doakio.
Gurekin dugu zeruetako Jaungoikoa:
Menderen mende beti gure zain du besoa.
Zatozte, beha Jaunak zer lana, zer ahala:
Bazterrez bazter mundu guzitik joan du gerla.
Salmo hunek Jainkoa ihes-leku bezala du kantatzen bai eta ere denen nagusi bezala “ Deusek ezin du
lurrerat jo…Guk beldurrik ez, mugi baladi, mugi lurra, eta mendiak itsasperaino tanpez lerra…Jaun
zerukoa den hiriari bozkario.“
Hiri hori,dudarik gabe Jerusaleme da. Alta Jerusalemen ez da ibairik, aski lan ukan zuten juduek
horrarat ura ekartzen. Horrek beraz bertze zerbait du erran nahi. Salmoaren egileak geroari du pentsatzen.
Behar bada gorago egungo liturgiak aipatzen duen Ezekielek ukan ikuspenari. Jerusalemeko tenplotik
jalitzen zen ibai hura, duke gogoan…
Salmo hunen gakoa ez ote dago huntan: Jainkoaren erreinua bidean da, etorriko da eta gizonak
bakean biziko dira azkenean elkarrekin: „ Zatozte, beha Jaunak zer lana, zer ahala…“
Bigarren irakurgaia
(Jainkoak eraikitzen duen tenplua zirezte )>
Jondoni Paulok Korintiarreri 3, 9b-11 . 16-17
Haurrideak,
9 Jainkoak eraikitzen duen etxea zirezte.
10 Etxegile trebeak bezala,
Jainkoak eman dautan dohainaren arabera, nik oinarria ezarri dut.
Beste batek eraikitzen du gainean;
bainan ikus beza bakotxak nola eraikitzen duen.
11 Nehork ez dezake ezarria den oinarriaz besterik ezar;
eta oinarri hori Jesu Kristo da.
16 Ez ote dakizue Jainkoaren tenplua zireztela,
eta Jainkoaren Izpiritua zuen baitan bizi dela?
17 Jainkoaren tenplua hondatzen duena, Jainkoak hondatuko du;
Jainkoaren tenplua saindua baita :
tenplu hori zuek zirezte.
Testamendu Zaharreko fededunek otoitz egiten zuten Jainkoa bere populuarekin egon zadien eta
bakearen eta justiziaren erreinua finka zitzan lur huntan. Egun hartarik goiti Jerusalemeren izena :” Jainkoa
hor da”
Bainan nehork ez zuen asmatzen Jainkoa gizon eginen zela, populuaren erdian egonen.” Eta Hitza
gizon egin da, eta gure artean bizi izan da. Ikusi dugu haren Jainko-aintza…“ (Jn 1,14)
Paulo beti ari da Testamendu Zaharra ikertzen ikusteko nola Jainkoa gizon egite horren misterioa hor
iragarria den. Harentzat ez da dudarik Jesu Kristo dela denen erdian, eta horri buruz duela Jainkoak
pazientziarekin bere populua prestatu. Jainkoa hor delako seinalea ez da gehiago tenploa, baizik gizon bat,
Nazareteko Jesus.
Bainan Kristo hil eta piztu ondoan gizonen begietarik desagertu da,ez da gehiago ikusten. Nun da
Jainkoa hor delako seinalea? Paulok dio: zuen baitan, anaiak ! “ Ez ote dakizue Jainkoaren tenploa zireztela,
eta Jainkoaren Izpiritua zuen baitan bizi dela?“
„ Jainkoak eraikitzen duen etxea zirezte.“ Beraz Giristinoek elkarrekin egiten duten Eliza Jainkoaren
tenplo berria balin bada, ikus Eliza horrek nolakoa behar duen izan, zer itxura erakutsi behar duen barnean
ez direneri. “Bainan ikus beza bakotxak nola eraikitzen duen“ Jainkoaren etxe hori. Bataio egunean Olio
Sainduaz markatua izaiteak eta hilaren gorputza intsentsatzeak Izpirituaren presentzia hori dute adierazi
nahi.
Ebanjelioa
Alleluia, alleluia
Badator ordua, eta orai da egiazko adoratzaileek
Aita izpirituz eta egiaz adoratuko baitute
Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Joaniren liburutik 2, 13-22
13 Hurbil zen Juduen Bazko-besta eta Jesus Jerusalemerat igan zen.
14 Tenpluan merkatariak aurkitu zituen idi, ardi eta uso saltzen,
eta diru-trukalariak ere, han jarririk.
15 Sokaz azote bat eginik,
Tenplutik haizatu zituen denak bai eta ardi eta idiak ere,
trukalarien diruak barreiatu eta mahainak uzkaili.
16 Uso-saltzaileeri erran zioten:
“ Ken horiek hemendik!
Ez egin nere Aitaren etxea merkatu-etxe.”
17 Haren dizipuluak orroitu ziren izkiriatua dela:
Zure etxearen maiteminak erreko nau.
18 Juduek orduan galdatu zioten:
“ Zer ezaugarri emaiten daukuzu horren egiteko?”
19 Jesusek ihardetsi zioten:
“ Suntsi zazue Tenplu hau,
eta hiru egun barne berriz eraikiko dut.”
20 Juduek erran zioten:
“ Berrogeita sei urte behar izan dira Tenplu hunen egiteko,
eta zuk hiru egun barne berriz eraikiko duzula ?”
21 Hura, ordea, bere gozputzaren tenpluaz ari zen.
22 Horrengatik, hilen artetik piztu zenean,
orroitu ziren haren dizipuluak hori erran zuela;
eta sinetsi zuten Liburu Saindua, bai eta Jesusek erran hitza
Joanik bere ebanjelioaren hastetik bistan emaiten du Kristoren misterioak sortzen duen eztabaida.
Jainkoa nun zagoen izan da luzaz galdea juduen artean : tenploan ? Bere populuaren artean? Bainan nola
onar ezin sinetsia: Jainkoa beren artean duten Nazareteko gizon hori dela?
Orduan batzuek sinetsiko dute, bertzeek ez. “Munduan zen eta mundua haren bidez egina izanagatik,
mundukoek ez dute ezagutu. Beretarat etorri da, bainan bereek ez diote ongi etorri egin.“ Sinetsi dutenak
Joanik dizipuluak deitzen ditu, sinetsi ez dutenal juduak. Nahiz denak juduak diren.
Aitor dezagun iduri lukeela arrazoin dutela halare juduek ezaugarri bat galdatzeko Jesusi. Mendeak
baditu, tenploko atarian, animaleak saltzen direla, gero sakrifizio bat eskaini ahal izaiteko. Trukalarien dirua
beharrezkoa zen beilarientzat, alabainan herriko dirua ez zen bali tenploan: erromako inperadorearen itxura
zakarrelakotz.Orduan zer gertatzen da Jesusekin?
„Ez egin nere Aitaren etxea merkatu-etxe“. Bazitaiken hain segur ohointza frango diru kondu
horietan, eta Jesusek hori duke kondenatzen. Bertzalde tenploa NERE Aitaren etxea du deitzen eta Jesusen
hitzek erran nahi dute bere burua bederen profeta batentzat daukala.“Ohoin-zilotzat ote daukazue neri
sagaratua den tenplo hau?“ Errana zuen jada Jeremias profetak (7,11). Ez zaukan bakarrik bere burua
profeta, bainan haren hitzetarik ageri zen ere Mesias zela zioela. Zakariasek idatzia zuen alabainan Mesiasen
etortzeaz :“Egun hartan ez da gehiago merkataririk izanen Jaun guziahadunaren etxean“ (Za 14,21).
Jesusen erantzuna ez zaiote egokia:“ Suntsi zazue tenplo hau , eta hiru egun barne eraikiko dut.“
Nolaz Nazareteko zurginak hiru egunez berriz egin zezakeen 46 urte luzez eraiki etxe hura ?
Dizipuluek gogoan atxikiko dituzte Jesusen solasak eta konprenituko dute, hil eta, hiru egunen
buruan, piztuko delarik.“Horrengatik, hilen artetik piztu zenean, orroitu ziren dizipuluak hori erran zuela;
eta sinetsi zuten Liburu Saindua, bai eta Jesusek erran hitza.“ Orduan zuketen konprenitu tenploa Jesus bera
zela.