Urteko 32. Igandea B 2018-11-11
HOMILIA

Anai-arrebok!

Egiaz, mezu miresgarria dakarkigute gaur bi irakurgaiek, lehenak eta ebanjelioak. Mezu miresgarria eta imitatzekoa. Hain erraza ez bada ere.

Lehen irakurgaian, ez dakit zein den protagonista: Elias profeta ala Elias etxean onartu duen emakume alargun pobrea. Biak ere miresgarri.

Elias profeta, K.a. 850. urte inguruan bizi izan zen, Iparraldeko Erreinuan (badakizue: David erregeak sortu eta haren seme Salomonek handitu eta sendotutako erreinua, banatu egin zuten Salomonen ondorengoek: Iparraldeko edo Israel erreinua eta Hegoaldeko edo Juda erreinua eraikiz). Esan bezala, Elias Iparraldekoan izan zen profeta.

Lan gogorra egokitu zitzaion Eliasi. Israel herriaren apostasia handiaren aldia zen. Akab erregea, Jezabel paganoarekin ezkondu zen. Eta erregina hau eginahal guztiaz saiatu zen Israel herrian Baal jainkoaren erlijioa sartzen.

Azkenean, Eliasek ihes egin behar izan zuen, eta Siriara jo zuen. Lehorte handia jasaten ari ziren. Eta etsirik, bere eta bere semearen azkena prestatzen ari zen emakume alargun batekin topo egin zuen.

Emakumea, paganoa izan arren, fede ikusgarria zuen Jainkoagan. Eta Eliasengan Jainkoaren gizon bat ikusi zuen. Eta konfiantza guztia eskaini zion: beretzat eta semearentzat prestatzen ari zen apurra eman zion Eliasi. Konfiantza hori ugari eta erruz bedeinkatu zuen Jainkoak Elias profeta bitarteko zela.

Ebanjelioan kontraste bat ageri da: lege-maisuen eta emakume alargun pobre baten arteko kontrastea. Jesusek esan die ikasleei: kontuz lege-maisuekin: harroputz eta boteretsu ageri dira. Bestetik, ordea, Jesusek berak emakume alargun bat ikusi du tenpluko diru-kutxara berekin duen guztia botatzen.

Berehala, ikasleei dei egin, eta etsenplutzat eta eredutzat azaldu die emakume horren fedezko eskaintza. Aldi berean, aste horretan berean berak egingo duen eskaintza handiaren sinbolotzat eman digu Jesusek emakume horren eskaintza: emakumeak daukan zerbait eskaini du; Jesusek bere bizia eskaini du.

Senideok, mundu honetako gauzei ez atxikitzearen, ez lotzearen, ez eranstearen mezua dakarkigute bi irakurgaiek. Hondo-hondoan, libre eta aske izatearen mezua.

Alde honetatik, aski ezaguna den, baina aste honetan igandeko mezulari batek gogorarazi digun egintza handi bat aipatu nahi nuke: aske eta libre jokatzearen etsenplu bat. Gure egunetakoa.

Munduko bigarren gerratean, poloniar emakume batek judu mutiko bat hartu eta hazi zuen. Gerratea bukatzean, kezka sortu zitzaion. Mutikoaren gurasoak kontzentrazio-esparruan hil zituzten naziek, baina hil aurretik azaldu zuten beren seme hura Israel herrian ikusi nahi zutela. Horrek eragin zion kezka emakumeari: zer egin, Israeldarren esku jarri maite zuen mutikoa ala berekin gorde? Herriko erretoreagana jo zuen.

Behin batean, Israel herriko Rabino Handi bat bisitan joan zitzaion Joan Paulo II.a aita santuari. Eta kontatu zion: poloniar emakume hura zugana joan zen aholku esku, zu zinen erretore hura; zuk esan zenion, gauza guztien gainetik, gurasoen gogoa bete behar zuela; mutiko hura ni neu naiz.

Bai Joan Paulo II.ak, herriko erretore zenean, bai mutiko judua maite zuen emakumeak, askatasun handia azaldu zuten; lotura, atxikipena… hausteko gai izan ziren. Azken batean, gaurko bi irakurgaietako emakumeen atzera, Jesusen antzera, eskaintza handi bat egin zuten: maite eta maitagarri zuten mutikoa berekin gorde ordez, gurasoen borondatea bete; azken batean, Jainkoaren borondatea bete, egoismoari uko eginez.

Gaur, bestalde, Eustakio Garmendiaren eta Ramoni Erauskinen urrezko ezteiak ospatzen ditugu. Zarata handirik gabe ospatu nahi izan dute jai hau; beren ezkontza-bizitza bizi ere, bizi izan duten bezala: apal-apal, baina zentzuz eta bizi-bizi.

Frantzisko aita santuak esan berri digu: «Ezkontzeko, ez da aski ezteiak ospatzea! Beharrezkoa da bide bat egitea, ni izatetik gu izatera, nork bere aldetik pentsatzetik biek batean pentsatzera, bakarrik bizitzetik biak batera bizitzera: bide on bat da, bide ederra. Geure bizitzaren ardatz geure burua izateari uzten diogunean, orduan egintza guztiak izaten dira ezkontzazko egintza: lan egitea, hitz egitea, erabakiak hartzea, batak bestearekin topo egitea…».

Ezkontzazko bide egite horrek ere, askatasun handia eskatzen du; askatasuna norberaren gauza asko alde batera utzi eta bien arteko gauzei lotzeko. Eustakio eta Ramoni, etsenplu handia agertu diguzue zeuen bizieraz. 50 urte elkarrekin bizitzea ez da txantxetako gauza. Gauza miresgarria eta imitatzekoa da. Eskerrik asko, mila esker zuen etsenpluagatik. Segi dezazuela bion arteko bide horri jarraitzen. Izan dezazuela modua beste 25 urte bide horri loturik zoriontsu bizitzen. Munduari azalduz, ezkontza-bizitza zorionbide dela, benetan aintzat hartzen denean. Jesusen Espirituak lagundu diezagula guztiei bide egiten, inon planto egin gabe, ezeri erabat lotu gabe, Jesu Kristoren ebanjelioari ez bada.

Dionisio Amundarain