Urteko 29. Igandea B 2018-10-21 DOMUND
HOMILIA
Anai-arrebok!
Gaurko irakurgaien muina bi puntu hauek biltzen dute: batetik, ebanjelioan Jesusek dioskunak: «Gizonaren Semea ez da etorri zerbitza dezaten, baizik zerbitzari izatera»; bestetik, ebanjelioan berean datorren honek: «bere bizia ematera guztien ordain», eta lehen irakurgaiko honek: «nire zerbitzariak jende asko egingo du zuzen, beraien krimenak bere gain hartu dituelako».
Beraz, alde batetik, zerbitzari izatera etorri da; bestetik, zerbitzari izanik, asko edo guztiak Jainkoaren begietan zuzen egitera.
San Agustinek ederki adierazten ditu bi alderdi horiek: «Apal-apal etorri zen gure kreatzailea, bera gure artean kreatura eginik… gizakia libratzera etorri zen. Sendagile etorri zen, gure harrokeria sendatzera».
Eta Jesusen jokabide hori begi-bistan ipiniz, jarraitzen du: «Lotsatu zaitez, zu gizaki hori, oraindik ere harro bizi izateaz, zure egilea apal ageri baita».
Bai. Gaurko ebanjelioko hitzak dira. Jesus bere heriotzaz mintzo zaie ikasleei, eta, hauek beren artean, nor handiago izango ari dira. Jesusek garbi aurpegiratu die. Esan die, munduko agintariek eta handikiek mendean hartu nahi izaten dute herria, eta zapaldu egin dute. Zuen artean horrelakorik ez.
Zoritxarrez, ez da ikasleen eta agintarien eta handikien jokabide hori ordukoa bakarrik. Benedikto XVI.ak behin baino gehiagotan esan izan du hau: autoritatea edo agintari izatea jabe izatearen, jauntxo izatearen, arrakasta izatearen sinonimotzat hartu ohi da. Eta ez da hori agintari handien arazoa bakarrik; bakoitzak nork bere mailan kontuan izan beharko genuke hori: guraso bezala, seme-alaba harroxko bezala, irakasle bezala, apaiz bezala, katekista bezala… On handia egingo liguke, Kalkutako Teresa santuaren hitz hauek gogoan hausnartzeak: «Isiltasunaren fruitua otoitza da. Otoitzaren fruitua fedea da. Fedearen fruitua maitasuna da. Maitasunaren fruitua zerbitzua da. Zerbitzuaren fruitua bakea da».
Laburtu dezagun gaurko bi irakurgaien mezua lau gogoeta hauekin:
1.-«Gizonaren Semea ez da etorri zerbitza dezaten, baizik zerbitzari izatera, eta bere bizia ematera guztien ordain». Ez da nahikoa zerbitzari izatea. Baizik eta guztien onerako zerbitzari izatea da kontua. Beraz, zerbitzari izatea ez datza sakrifizio handiak egitean; sakrifizioa, berez, ez da ezertako. Jendearen onerako izatea da balio duena. Salbatzaile izatea da kontuan. Baina salbatzaile esatean, ez gara ari zeruko salbazioaz bakarrik; mundu honetan salbatzaile izatea ere hor dago.
2.-Biblian aditua den baten komentarioa da beste hau: Ebanjelioan Jesusek eman digun irakaspen bikain hau ez zitzaigun iritsiko, Joan eta Santiago hain egoista agertu ez balira. Esan nahi du, munduan azaltzen diren akatsek onura edo probetxu handia ekartzen ahal digutela, bihotz garbiz hartzen eta irakurtzen baditugu.
3.-Jesusen irakaspena, hogei mendeetan, oso gutxi txertatu da gizartean. Zenbat eta zenbat jauntxo eta handinahi gure munduan oraino ere! Sakon hartu beharko genuke kontuan Jesusen etsenplua.
4.-Gaurko lehen irakurgaia, Isaias profetaren testua, esperantza-iturritzat hartu beharko genuke. Isaiasek bere modura agertu digu esperantza hori, esanez: ondorengo asko izango ditu, urte asko biziko da, arrakasta izango du. Guk beste modu batean interpretatu beharko genuke esperantza hori: Jesus bezala zerbitzari izatea salbagarri izango da jende askorentzat, askotan fruiturik ikusiko ez badugu ere zerbitzu hori ez da alferrik galduko.
Gaur, bestalde, eta jende asko salbatzearen haritik, DOMUND eguna ospatzen dugu. Berriro esan dezagun, «salbatu» esatean, ez gara ari zeruko salbazioaz bakarrik; zeruko salbazioaz ezin ari gara mundu honetako salbazioaz aritu gabe. Vatikano II.a kontzilioak garbi asko esan digu: «Horrela Elizak uste du, bere baitako kide bakoitzaren bidez eta elkarte osoaren bidez, lan handia egin dezakeela giza familia eta historia guztia handikiro gizatiartzeko» (ikus Gaudium et spes 40 eta 45 zenb.). Senideok, erronka handia bota digu Kontzilioak: gizadia gizatiarrago egiten saiatzea, gizon-emakume guztiak giza bidezkoago egiten saiatzea.
Jakina, gure egitekoa ezin mugatu dugu mundu hau gizatiarrago egitera. Gogoan izan behar dugu, gizakiak bere baitan dituen galdera eta irrika sakonak ere. Ebanjelioa zabaltzea, alegia. Jesusen Berri Ona zabaltzea. Eta badakigu zein den Jesusen Berri Ona: Jainko Aitak maite-maite gaituela guztiok. Askotan alderdi hau bakarrik hartu ohi dugu DOMUND esatean. Baina misioak esatean, bi alderdiak izaten dituzte kontuan misioetara joaten direnek.
Eredu handiak izan ditugu kristautasunaren historian. Misioen zaindari ditugu Nafarroako Xabierko Frantzisko eta Frantziako Lisieuxko Teresa Txikia.
Hau dugu aurtengo Domund eguneko goiburua: «Alda ezazu mundua». Aldatu munduan gizakiaren bihotza. Aldatu munduan egitura zuzengabeak. Aldatu munduan aberastasunak gero eta esku gutxiagotan izatea. Aldatu munduan jende askok eta askok, bizi ahal izateko, bere jaioterria utzi behar izatea… Aldaketa hori bakoitzaren bihotzetik etor daiteke: bihotza aldatzetik. Egin dezagun geure Frantzisko aita santuaren baieztapen hau: «Ni misio bat naiz, ni eginkizun bat naiz lurrean, eta horretarako nago mundu honetan» (Frantziskoren Exhort. Evangelii gaudium, 273).
Ebanjelizazioa esatean, ez dugu baztertzen giza sustapenean (promoción) eta garapenean parte hartzea, gizarte-laguntzan parte hartzea, esana dugunez; horretan guztian, geure erreferentzia nagusia Ebanjelioa dugu, Jesus bera eta Jesusen mezua: ez naiz etorri zerbitza nazaten, baizik zerbitzari izatera. Beraz, aukera egin beharra dagokigu: mundua tiranizatzen duten boteretsuen alde jarri ala mundu osoaren zerbitzari izan.
Funtsean, guztiei Jesusen Berri Ona eramatea da arazoa. Transmisio hau «kutsapenaz» egiten da, kutsakor izanez, Jesus bera eta Jesusen mezua kutsatuz. Eta ez, sekula, bortxaz. Lagundu gaitzala Jesusen Espirituak.
Dionisio Amundarain