Urteko 26. Igandea B 2018-09-30

HOMILIA

Anai-arrebok!

Esanahi handikoak dira igandeko ebanjelioaz idaztean, autore desberdinek beren idazkiari eman dizkioten tituluak.

Markos ebanjelariaren esapide nagusiari eman dioten erantzuna da, Jesusen beraren erantzunari jarraituz. «Joanek esan zion Jesusi: “Maisu, gizon bat ikusi dugu zure izenean deabruak botatzen, eta eragotzi egin nahi izan diogu, ez baita gure taldekoa.” 39 Baina Jesusek erantzun zion: “Ez eragotzi; ez baita inor nire izenean mirari bat egin eta gero nitaz gaizki-esaka jardungo duenik. 40 Hau da, gure kontra ez dagoena gure alde dago”».

Aipatu idazleetako baten titulua: «Ebanjelioaren unibertsaltasuna”.
Beste batena: «Adiskideez eta arerioez».
Beste batena: «Denak dira gutakoak».
Beste batena: «Inork ez du Jesusen esklusibarik».

Garbi dago. Ebanjelioa unibertsala dela esaten dugu. Kristo gizon-emakume guztiak salbatzera etorri dela. Eliza katolikoa dela esaten dugu, hau da, unibertsala. Jainkoarentzat ez dagoela areriorik; den-denak maita dituela.

Honek guztiak bere ondorioak ditu. Gizon-emakumeen arteko diferentziak eta aldeak onartu beharra. Gaur egun asko hitz egiten dugu ekonomia globalaz. Baina globala ez da ekonomia bakarrik. Gaurko aurrerapenak direla-eta, mundu guztian ibiltzen gara. Mundu guztiko jendea aurkitzen dugu geure etxean, geure etxe ondoan. Kultura desberdinekoa, erlijio desberdinekoa, pentsaera eta ohitura desberdinetakoa.

Ezin esan dugu inortaz, «ez da gutakoa». Gu bezain pertsona dira, gu bezain gizon edo emakume, gu bezain hiritar. Guk bezalako eskubideak dituzte: etxe bat izateko eskubidea, lana izateko eskubidea, seguru soziala izateko eskubidea, eskolara edo ikastolara joateko eskubidea…

Ezin hartu dugu mehatxutzat, norbait gu bezalakoa ez izatea. Halere, halere… zenbat liskar, zenbat beldur! Ahalegin handiak egin beharrean gara geure aurreiritziak kentzeko. Kontua, segurtasuna pluraltasunean egitea da. Segurtasun-faltaren sentimendua izan eta bizitzeak, desberdinak direnen kontrako jarrera hartzera eramaten gaitu. Segurtasun-faltaren sentimendua bizi duen kristau katolikoak ez du jasango katoliko ez dena, ez du jasango bere erlijioaren kontrako hitz bakar bat ere.

Arazoa, nor bere barne segurtasuna egiten saiatzea da. Jesusek ikasleei emandako erantzunak balio beharko liguke: «gure kontra ez dagoena gure alde dago». Beste batzuk, kristau katoliko ez izanik, munduaren onerako ari direla? Eskerrak zuri, Jauna. Moisesena ere kontuan izan beharko genuke: bi lagun, erakundetik kanpo ari dira profeta-lana egiten; Moisesen lagun min batek ezin jasan du hori, eta Moisesek lasaitzen du: «Nahiago nuke herritar guztiak profeta balira».

Vatikano II.a kontzilioak ere esan zigun: «Pentsatu behar dugu, Espiritu Santuak gizon-emakume guztiei eskaintzen diela, Jainkoak bakarrik dakien moduan, pazko-misterioarekin bat egiteko aukera» (Gaudium 22).

Jesus ghetto-jarreraren kontra ageri da, jarrera itxiaren kontra, fanatismoaren kontra, fundamentalismoaren eta amore ezin ematearen kontra. Ez dira gauza bera ona izatea eta fededun izatea; fededuna, Jainkoagan konfiantza duena da, gizakiagan konfiantza duena. Israelen eta Elizaren historian bekatari handiak ageri dira, baina aldi berean fededun handi izan direnak: David erregea, Pedro apostolua.

Fedea garrantzizkoa da; maitasuna garrantzizkoagoa. Jesusen Espirituak gidatu eta sendotu gaitzala hartua dugun Jesusen bide honetan.

Dionisio Amundarain