Urteko 25. Igandea B 2018-09-23
HOMILIA
Anai-arrebok!
Jesusek bere bizitzan agertu digun jarrerari eta asmoari jarraituz, Vatikano II.a kontzilioak, besteak beste, gogoeta bikain hau eskaini digu: «Pentsa dezakegu, arrazoiz, gizadiaren geroko zoria honelako jendearen esku dagoela: datozen belaunaldiei bizitzeko egiazko arrazoiak eta esperantza izateko arrazoiak eskualdatzeko gai den jendearen esku» (Gaudium et spes, 31,3).
Senideok bizitzeko arrazoiak eta esperantza eman. Neure buruari askotan galdetu ohi diot: zein ditut nik neuk bizitzeko arrazoiak eta esperantza? Ematen al diot norbaiti bizitzeko benetako arrazoirik, bizitzeko benetako esperantzarik? Ez mihi-puntaz, baizik neure bizitzeko moduaz?
Jesusek arazo hori bizi-bizi ikusi zuen jendeagan, bai Galilean barna ibili zenean, bai batez ere Jerusalemen. Galileako jende pobre hark zein arrazoi zituen bizitzeko? Zein esperantza zuen? Eta, batez ere, bizitzeko zein arrazoi eta zein esperantza ematen zizkien beren haurrei?
Ikasleek beraiek ere zein zentzu ematen zioten beren bizitzari? Ezin zuten ulertu, ez Jesus bera, ez Jesusen mezua. Burugabekeria iruditzen zitzaien Jesusena: «berak, Jesusek, asko sufritu beharra zuela, gurutzean hil beharra zuela, piztuko zela». Jesusek bidean hori esan, eta beraiek, ikasleak, beren artean eztabaidan, zein ote zen handiena. Txundigarria. Ez dute ezer ulertu artean Jesusen mezuaz
Hori gogoan izanik, Jesusek pazientzia handiz hartu ditu ikasleak, eta zehazkiago eta modu xumeagoan argitu nahi izan die bere mezua. Zein dituen gizakiak bizitzeko benetako arrazoia eta esperantza.
Eta zer egingo?, eta haur bat hartu du Jesusek. Eta esan die: «Nire izenean haur bat hartzen duenak, ni neu hartzen nau». Alde batetik, haur bat hartu; bestetik, Jesusen izenean hartu. Beste behin esan behar da, ez da hau guztia materialki hartu behar da. Haur bat esatean, beharrean gertatzen den edozein pertsona esan nahi du: pobrea diruz nahiz kulturaz, gaixoa buruz nahiz gorputzez. Eta Jesusen izenean onartu. Ez modu egoistan. Ez hartaz baliatzeko. Ez hartaz abusatzeko. Jesusek agertu duen bezalako maitasunez.
Mezu hau ederki asko ulertu zuen Lisieuxeko Teresa txikiak. Hona beraren hitz batzuk: «Liburu Santuei igogailua eskatu diet, nahi dudana lortzeko, eta hitz hauek aurkitu ditut, betiereko Jakinduriaren ahoak jaulkiak: Norbait txikia bada, etor dadila nigana. Hala, Jainkoagana hurbildu naiz, bila nenbilena aurkituko dudala konbentziturik eta, Jainkoak txiki batekin zer egingo duen jakin nahirik, bila eta bila jarraitu dut, eta hona zer aurkitu dudan: Ama batek bere haurtxoa ferekatzen duen bezala, hala kontsolatuko zaituztet nik zuek: neure bularrera eramango zaituztet, eta neure magalean laztanduko zaituztet».
Haur bat hartzeak, beharrean dagoen bat hartzea esan nahi du. Magalean hartzea; besarkatzea. Adieraztea pertsona horri, ez dela bazter utzia den pertsona bat. Maitea den pertsona bat dela adieraztea eta agertzea. Biziak baduela zentzu bat agertzea. Pobreenak ere baduela esperantza bat.
Jesusek proposatzen duen haur izatea, ez da haurkeria, ez da infantilismoa; ez da heldutasun falta, ez da egoismoa, ez da apeta edo kapritxoa. Jesusek adierazten duen haur izatea, bihotzari zahartzen ez uztea da, bihotza gazte zaintzea, bihotza samur, gozo eta maitale zaintzea. Jainkoari konturik ez eskatzea, Jainkoari bermerik ez eskatzea. Neure burua eta neure gauzak, materialak eta espiritualak, partekatzea. Lotsarik ez izatea nornahiri neure fedea agertzeko. Jesusen arabera, haur izatea oinak lurrean ditugula bizitzea da; horrenbestez, gurutzeari ez ihesi egin nahi izatea. Aldi berean, konbentzimendu osoz uste izatea, besteren onerako bizi izan den bizitzaren azken zoria ezin izan dela ezereza, ezin izan dela betiko heriotza.
Senideok, Jesusen mezuak, Andre Mariaren eta Lisieuxeko Teresa txikiaren jarrerak lagundu diezagutela biziaren zentzua eta esperantza non eta nola aurkitzen, eta beste batzuei argitzen Jesus izan dela gizon eta emakume izateko eredu handia.
Dionisio Amundarain