JESUS AINTZAKOTZAT HARTU.- Markos 8,27-35
Urteko 24. igandea B 2018-09-16

Filiporen Zesareako pasadizoa erdigunekoa da Markosen ebanjelioan. Alditxo bat elkarrekin bizi ondoren, galdera erabakitzailea egin die Jesusek ikasleei: «Zein naizela uste duzue?». Guztien izenean, Pedrok erantzun dio inolako dudarik gabe: «Mesias zara zu». Noizbait ere, badirudi dena argi dagoela. Jainkoak bidali duen Mesias da Jesus, eta ikasleak jarraitzaile ditu berarekin lan egiteko.

Baina Jesusek badaki gauzak ez direla horrela. Garrantzizko zerbait ikastea falta zaie artean. Aise egiten dute Jesus hitzez aitortzea, baina oraino ez dakite zer den hari hurbiletik jarraitzea, haren egitasmoan eta zorian parte hartuz. Markosek dio Jesus «haiei irakasten hasi zela» berak asko sufritu beharko zuela. Ez da ohiko irakaspen bat; zerbait funtsezkoa da, ikasleek pixkana beretu beharko dutena.

Hasieratik «argi eta garbi» mintzo zaie. Ez die ezer ezkutatu nahi. Jakin behar dute, ezen sufrimendua bidelagun izango dutela beti Jainkoaren erreinuaren bidea urratzeko beren eginkizunean. Azkenean, buruzagi erlijiosoek kondenatu egin dute eta indarrez hilko. Berpiztuko denean bakarrik ikusiko da Jainkoa berekin duela.

Pedrok aurka egin du entzuten duenaren aurrean. Sinestezina da haren erreakzioa. Jesus berarekin hartu eta aparte eraman du «errieta egiteko». Lehenengoa izan zen Jesus Mesiastzat aitortzeko. Orain, lehenengoa da hari uko egiteko. Jesusi ikusarazi nahi dio, esaten ari dena zorakeria dela. Ez dago prest, Jesusek bide horri jarrai diezaion. Jesusek aldatu beharra du pentsaera hori.

Inork uste ez bezain zakar erreakzionatu du Jesusek. Bat-batean, Satanasen zantzuak ikusi ditu Pedrogan, bera Jainkoaren borondatetik apartarazi nahi lukeen basamortuko tentatzailearen zantzuak. Ikasleei begira jarri eta hitz hauekin egin dio Pedrori agirika: «Jar zaitez nire atzealdean, Satanas»: har ezazu zeure lekua ikasle bezala. Utziozu ni tentatzeari. «Gizakiek bezala duzu pentsatzen, eta ez Jainkoak bezala».

Ondoren, jendeari eta ikasleei dei egin die, beraren hitzak ondo entzun ditzaten. Okasio askotan errepikatuko ditu. Ez dituzte ahaztu behar sekula. «Nirekin etorri nahi duenak, uko egin diezaiola bere buruari, har dezala bere gurutzea eta jarrai diezadala».

Jesusi jarraitzea ez da derrigorrezkoa. Norberaren esku dago erabakia. Baina Jesus aintzakotzat hartzekoa dugu. Ez dira aski aitorpen erraz batzuk. Mundua gizatasun handiagoko, duinago eta zoriontsuago egiteko bere zeregin zoragarrian jarraitu nahi badiogu, prest egon behar dugu bi gauza hauetarako. Lehenik, prest egon Jainkoaren erreinuaren kontrako diren egitasmo edo planei uko egiteko. Bigarren, Jesusi jarraitzeagatik eta haren asmoarekin bat egiteagatik etor dakizkigukeen sufrimenduak onartu.

Jose Antonio Pagola