Eskuak zikin eta bihotza garbi (Markos 7,1-8.14-15.21-23)
Urteko 22. igandea B (2018-09-02

Azken bost igandeetan San Joanen ebanjeliotik irakurri ondoren, Markosen ebanjeliora gatoz berriro; hau dugu B urteko oinarrizko ebanjelioa. Hilabete batez, bizi-ogia jateaz jardun gara. Igande honetan, arazoa ez da izango bizi-ogia jatea, baizik eta esku zikinez jatea. Fariseuek eta lege-maisuek (eskribauek) gibel-asmoz egindako galderak eragin dio Jesusi amorruz erantzutera: irakaspen aski misteriotsu bat jendearentzat, eta argibide bat geroago ikasleentzat. Liturgiako testuak jan egin ditu txatal batzuk, Jesusen salaketa pobretuz eta jendeari esana eta ikasleei emandako argibidea batuz. Adibide bikaina testu biblikoekin zer ez den egin behar adierazteko.

Testuingurua

Fariseuei eta eskribauei hitza eman aurretik, komenigarri dugu gogoratzea testu horren aurre-aurretik Markosek kontatu duena. Ogiak eta arrainak ugaldu ondoren, Genesaret lurraldera joan da Jesus, herriak, herrixkak eta landak gurutzatuz; beragandik gaixotasunetik sendatzea bilatzen eta lortzen duen jende xumeak gogotik onartu du.

Fariseuen eta eskribauen esku hartzea

Bat-batean, idilioa edo aldarte gozoa hautsi egin da: Jerusalemetik fariseu (laiko superjainkozale) eta eskribau batzuk (Moisesen legearen maisu) etorri dira. Eskribau guztiak ez ziren fariseuen taldeko, baina batzuk bai, kasu honetan nabari denez. Horientzat, Jainkoaren borondatea betetzea da funtsezko gauza, betez, ez manamenduak bakarrik, baita arbasoengandik jasotako araurik txikienak ere. Funtsezkoa ez da errukia, baizik legea hertsiki betetzea, beti egin izan denez. Horregatik, ez ditu hunkitu Jesusek, gaixoak sendatzean; baina amorrazioa eragin die sendatze hori larunbatean egiteak.

Burubide honekin, Jesus dagoen lekura iristean, eskandalizaturik ohartu dira ikasle batzuek esku zikinez jaten dutela. Gaur egungo irakurlea, senez, beraien alde jarriko da. Arrazoizkoa iruditzen zaio, eta beharrezkoa, jendeak eskuak garbitzea, jaten hasi aurretik, eta ontziak garbitzea, erabili ondoren. Oinarrizko higiene-arazoa da. Baina, hasiera batean juduen artean ere higiene-kontua izan bazen ere, talderik hertsienak jokabide hori erritu erlijioso bihurtzera iritsi ziren. Beraz, jokoan dagoena erritu-purutasuna da. Horregatik, fariseuen kezka ez da ikasleek esku zikinez jatea, baizik eta esku ezpuruz jatea, horrenbestez «arbasoen tradizoaz» hausten dutelako. Itun Zaharrean arau asko eta asko ageri da, batzuk higiene-izaerakoak; halere, ez du aipatzen inoiz ere eskuak garbitzeko agindurik, ezta kopak, pitxarrak eta erretiluak garbitzekorik ere; arau hauek «arbasoen tradiziokoak» dira: hain garrantzizkoak fariseuentzat, nola ama edo aita fundatzailearen ohiturak zenbait kongregazio erlijiosorentzat, edota edozein zertzelada liturgiko erritualista batzuentzat.

Jesusek amorruz erantzun

Jesusen erreakzioa oso gogorra izan da. Hipokrita deitu dien ondoren, hiru salaketa egin dizkie: 1) beren bihotza Jainkoagandik urru dutela; 2) Jainkoaren irakaspen dela dioten hori giza agindu huts dela; 3) Jainkoaren manamenduak betetzeari utzi diotela giza tradizioei atxikitzeko.

Salaketa hauek edozein jenderentzat izango lirateke biziki gogor, baina partikularki fariseu batentzat, bere indar guztiz egon nahi baitu Jainkoagandik hurbil, eta hari atsegin izan, haren gogoa betez.

Problema, Jesusentzat, honetan datza: fariseuak garrantzi handiagoa ematen diela tradizio horiei Jainkoaren manamenduei baino. Are okerragoa: Jainkoak nahi duena alde batera uzteko baliatzen da tradizio horiez eta kontzientzia lasaitzeko. Dioena frogatzeko, gure liturgiak baztertu duen adibide bat aipatu du Jesusek. [Gure Jauna ere eliztar zentsuraren biktima izan da.] Gurasoak ohoratzeko agindu du Jainkoak, hau da, premialdian jaten emateko. Irudika dezagun fariseu bat, aski ondasun material duela. Kasurik egiten ahal die gurasoei ekonomikoki. Baina bere elkarteak esaten dio deklara ditzala ondasun horiek qorban, hau da, Jaunari sagaraturiko. Une horiz gero, ezin erabili ditu ondasun horiek gurasoen mesedetan, baina bai bere taldearen mesedetan. «Eta horrela baliogabetzen duzue Jainkoaren manamendua zeuen tradizioaren izenean. Eta horrelakorik beste asko egiten duzue».

Irakurle kritiko batek aurpegiratzen ahal lioke Markosi, hain korapilatsua den gai bat kaskarin eta era demagogikoan darabilela. Garai hartako fariseuak ezaguturik (gaurko askoren oso antzeko), Jesusen erreakzioa ulertzekoa da, eta bidezkoa beraren salaketa. Batik bat, lehen kristauentzat, bere burua erlijiosotzat ematen zuen jende horren etengabeko erasoa jasan behar izaten baitzuten.

Irakaspena jendeari

Fariseuek eta eskribauek erantzun ez zutenez, honetan bukatzen ahal genuke guztia. Baina ez; Jesus parada honetaz baliatu da jendeari zerbait irakasteko purutasunaz eta ezpurutasunaz: «Ezin zikindu du gizakia kanpotik sartutako ezerk; barnetik irteten denak zikintzen du gizakia».

Irakaspena ikasleei

Ez dakigu Jesus konforme gelditu ote zen aurreko irakaspen labur horrekin. Segur dena, jendeak ez ziola ulertu da, eta ikasleek ere ez. Horregatik, etxera iristean (liturgiak irentsi duen beste xehetasun bat), zer esan nahi izan duen galdetu diote. Eta erantzun die, ahotik sartua ez dela bihotzera iristen, baizik eta urdailera, eta handik komun-zulora. Pertsona kutsatu gabe sartzen eta irteten da. Kutsatzen duena, ez da urdailean sartzen dena, baizik eta bihotzetik irteten dena. Argiagotzeko, bihotzetik irteten diren hamahiru gauza aipatu ditu. [Arraroa da, nola ez dituen aipatu Markosek hamalau (2 x 7), baina horretaz ez da ohartuko mezara datorren inor, eta sermolaria ere ez segur aski.]

Irakaspen hau, arriskua kanpotik ez baizik barnetik datorrelakoa, eztabaidagarri gertatuko zaie batzuei. Ez al datoz kanpotik pornografia, droga, indarkeria terroristarako gonbita? Ez al digute eragiten era kaltegarrian zinemak, telebistak, literaturak?

Egia da hori. Baina Jesus ez da ari gauza horiez; janaria du jardungai. Liturgiak gaurko ebanjeliotik kendu dituen esapideetako beste batek dio, ezen Jesusek, urdailean sartzen denak gizakia ez duela kutsatzen baieztatzean, «janari guztiak puru deklaratu zituela». Horregatik, kristauok ez dugu eragozpenik zernahi jateko: txerrikia, erbikia, ostruka, ganbak, zigalak, otarrainxkak eta gustuko beste edozein janari, geure ohituren eta ekonomiaren arabera. Kanbio iraultzailea; izan ere, erlijio guztiek ezartzen dute dietetikako arau-sail bat.

Bestetik, Jesus berariaz janariaz ari bada ere, haren irakaspenak balio orokorragoa du; gainera, erosotasuna eta hipokrisia agerian jarri ditu. Frantzisko aita santua fariseuen errorean eroriko zen, Elizako pederastiaren eta sexu-abusuen errua kanpoko eraginei, gozamenari eta libertinajeari leporatu izan balie. Gaitza ez dator kanpotik, baizik barnetik. Eta irizpide bera erabili behar dugu bakoitzak norberaren errealitatea juzgatzeko. Geure etsairik handiena gu geu gara. Ez diezagun leporatu besteei errua.

Lehen irakurgaia: Deuteronomio liburutik (4,1-2.6-8)

Giza tradizioei buruz buru, Jesusek Jainkoaren legeari eman dion garrantziak animatu ditu liturgistak Deuteronomio liburuko pasarte hau aukeratzera, ebanjelioaren paralelo gisa. Uste dut, ordea, aukera egin duten erantzuleak ez direla konturatu problema batez. Moisesek agindu du: «Ez diezue ez gehituko, ez kenduko ezer nik emandako aginduei». Jesusek, berriz, gehitu eta kendu zien. Esaterako, janari puru eta ezpuruei dagokien arloan, esan berri dudanez; nola Lebitarrak liburuak hala Deuteronomioak jan ezineko janarien zerrenda luze bana dakarte (Lb 11; Dt 14,3-21). Gaurko mezako lehen irakurgai hau ezin hartuko dugu Moisesen legearen onarpen errotiko eta erabatekotzat; izan ere, Jesusek bere gain hartu zuen Lege hori nola interpretatu eta nola aldatu.

Bigarren irakurgaia: Santiagoren gutunetik (1,17-18.21-27)

Fariseuen arriskua bera dugu kristauok engainatzeko, garrantzi txikiagokoei balio handiagoa emanez. Pasarte labur honek, bukaeran, adibide interesgarri bat dakar. Zertan datza benetako erlijioa, Jainkoari atsegin zaiona? Meza egunero entzutea al da, arrosarioa errezatzea, ordu erdi batez irakurtze espirituala egitea? Ona da hori. Baina garrantzizkoena, premiarik handiena duen jendeaz arduratzea da; idazleak, antzinako tradizio bati jarraituz, umezurtzak eta alarguntsak eman ditu aipatu horien sinbolotzat. Azken Auziaren parabola gogoratzen dugunean («gose izan bainintzen…»), nabari dugu gutun honen idazleak Jesusek bezala pentsatzen duela

José Luis Sicre