Urteko 18. Igandea B 2018-08-19
HOMILIA
Anai-arrebok!
Bizi-ogiaz San Joanek dakarkigun diskurtsoaren azkenera iristen ari gara; datorren igandean bukatuko dugu: diskurtso horretako hizkuntza zailaren aurrean Jesusen jarraitzaileek izan duten erreakzio entzungo dugu orduan.
Gaurko pasarteari dagokionez, Jesusen hitz hauek azpimarratuko nituzke nagusiki: «Nire haragia jaten eta nire odola edaten duena NIGAN DAGO ETA NI HARENGAN». Ez al dira hitz txundigarriak, zoragarriak, pozgarriak?
Emaiegun begiratu sakonago bat, zatika hartuz.
Lehenik eta behin, «nire haragia jaten eta nire odola edaten duena». Ez al dira hitz gogorrak? Juduak zerbaitegatik eskandalizatu dira. Nola jan eta edan ditzakegu Jesusen haragia eta odola? Eta izan dira kristautasunaren historian ere, esapide hori materialki hartu izan duten predikariak; jaunartzean Jesusen okela-puska bat jaten bagenu bezala hitz egin dutenak.
Baina ez. Kontuan izan behar dugu, Joan ebanjelaria Kristo berpiztuaz ari zaigula. Joanen elkartean, hasiera batean behintzat, izan zen korronte bat esaten zuena, Jesus ez zela benetako gizona. Korronte horren kontra, Joanek behin eta berriz defendituko du Jesus benetako gizona dela. Esaterako, hona zer dioen1 Joan eskutitzean: «Haragi hilkorrean etorritako Jesu Kristo aitortzen duena Jainkoarena da; hori ukatzen duena, ez da Jainkoarena» (1 Jn 4,2-3). Gaurko pasartean ere, horregatik darabil hizketa gogor hori. Baina hitz horiek izaera sinbolikoa dute. Joan gorputz berpiztuaz ari da. Jesusen presentzia eukaristian, sakramentuzko presentzia da. Beraz, zentzu horretan hartu behar dira Jesusen haragia jatea eta Jesusen odola edatea. Azken batean, Jesus onartzea esan nahi dute. Baina Jesus osoa. Galilean bizi izan den eta orain Aitagan bizi den Jesus. Jesusen sentimenduak, Jesusen asmoak, Jesusen nahia onartzea esan nahi dute esapide horiek. Eta beste ebanjelioetako esapide bat erabiliz, Jainkoaren Erreinua egiten saiatzea esan nahi dute.
Horrenbestez, hiru esaera-edo dauzkagu gaurko pasartean:
● ogi hau jaten ez duela, hil egingo da;
● nire haragia jaten eta nire odola edaten duenak, betiko bizia du jada, mundu honetan berean;
● nire haragia jango eta nire odola edango duena, nigan dago eta ni harengan.
Batetik, hil egingo da. Ez du beregan benetako bizirik.
Bestetik, jada betiko bizia du. Ez da, beraz, geroko munduko biziaz bakarrik ari. Baizik eta, neurri handiagoan edo txikiagoan, betiko bizia du jada, hemen eta orain. Betiko biziaren egintzat egiten ari da. Betiko biziaren hasikinak bizitzen ari da. Eta horren arrazoia hirugarren esaldian dator,
Jaten eta edaten duena, NIGAN BIZI DA ETA NI HARENGAN. San Paulok ere esana zuen: Jada ez naiz ni bizi, baizik Kristo bizi da nigan.
Horretan datza Kristok, bere haragia jateagatik eta bere odola edateagatik, eskaintzen digun bizia. Berarekin bat egiten dugu. Nola ulertu hori? José Luis Sicre biblialariak irudi edo imajina hau eskaini digu: «Batasun hori hobekienik eskaintzen duen imajina, fetuarena, umekiarena, da, amaren sabelean bizi denean: amagan bizi da fetua, eta fetuagan ama. Erabateko barnetasun edo batasun misteriotsu horixe da eukaristian sortzen dena». Eta gehitzen du Sicrek: «Jesusen presentzia hori jaunartzen duenagan ez da bukatzen handik ordu laurden batera».
Bukatzeko, esan dezakegu, batetik, gaurko lehen irakurgaiarekin,: Jainkoaren Jakinduria, zerutik jaitsi eta gugan bizi dela. Bestetik, bigarren irakurgaiarekin: bizi gaitezela Jainkoaren borondatearen arabera; ardoz bete gabe, eta Espiritu Santuaz beterik, Jainkoari abestuz, Jainkoa goretsiz eta Jainkoari eskerrak emanez.
Eta gehitu dezagun. Datorren asteartetik hurrengo igandera (abuztuaren 21-26), Dublinen Familiaren Mundu Topaketa egingo dutela. Besterik ezean, saia gaitezen otoitz egiten, bilduko direnak asmo on eta ebanjelikoz joka dezaten. Joan den astean, Bartzelonako emakume batek idatzi dit: astero bidaltzen dizkiodan testuengatik eskerrak emanez, baina aldi berean bere burua agertu eta eskari bat eginez: «lesbiana naiz, lehenago ere agertu nizunez; gure izenean, Dublingo topaketan pertsona batek parte hartzeko eskaria egin dugu; oraindik ez dugu erantzunik jaso; zabaldu ezazu, mesedez, honen berri». Ez dakit, pertsona eta talde desberdin guztiak ordezkatzeko modurik izango den Dublingo horretan. Dena den, komeniko litzateke, horrelako topaketa batean Frantzisko aita santua hots egiten ari den buru askatasuna agerian gelditzea. Horregatik, otoitz egiteko nire eskaria.
Dionisio Amundarain