Sagrarioa, gu geu gara (Joan 6,51-58)
Urteko 20. igandea B 2018-08-19
Azken gogor eta harrigarria (Ebanjelioa: Joan 6,51-58)
Bizi-ogiaz Joanek dakarren hitzaldiaren azkenera iristear gara. Joan den igandean honela bukatu zuen Jesusek: «Ni naiz zeruko ogia… nik emango dudan ogia nire haragia da». Telesailetan bezala, gaurko pasartea azken hori errepikatuz hasi da, non gauden gogorazi eta juduen erreakzioa ulertu ahal izateko: «Nolatan eman diezaguke jaten honek bere haragia?» Edozein pertsonak egingo lukeen galdera da, Jesusen alde jarria denak berak ere. Baina Jesusek ez dio erantzun galdera honi. Hitzaldiaren kristau entzule edo idazleek ezaguna dute erantzuna: arazoa ez da Jesusen gorputzaren puska bat jatea, baizik eta eukaristia-ogia jatea. Baina laugarren ebanjelioaren idazleak ez du esan horrelakorik; nahiago du irakurleak senti dezan juduen duda-muda bera.
Korrika egindako irakurketa batean, ematen du, hitzaldiaren azken zati honek ez dakarrela inolako berritasunik, betiko biziaren promesa errepikatzera mugatzen dela «zerutik jaitsia den ogia» jaten duenarentzat.
Alabaina, badira alde berriak eta garrantzizkoak:
1.- Odola edan. Orain arte, ogiaz bakarrik mintzatu da testua. Azken sail honetan lau bider egin da odolaren aipua, egiazko edaritzat emanez, ogia egiazko janari den moduan. Hitzaldiak eukaristiarekin duen erlazioa kontuan izanik, aipu hau ezinbestea zen. Hasiera hartako Elizak beti izan zuen gogoan Jesusen azken afariko keinu bikoitza: hasieran, ogia zatituz; azkenean, kopa bedeinkatuz eta banatuz. Ogia eta ardoa funtsezkoak dira. Eukaristiaz ari den hitzaldiak ezin utzi du aipatu gabe odola, ardoa.
2.- Hizkuntzaren laztasuna. Orain arte, hitzaldia polemikoa izan da, eta eztabaida eta ukoa eragin ditu. Jesus, atzera egin eta bere esapideak zuritzen saiatu ordez, formula eskandalagarriz baliatu da, kanibalismotzat hartzeko arriskua dutenez: «Nire haragia egiazko janaria da eta nire odola egiazko edaria». Jan eta edan beharrekoak. Inolako argibiderik eta ñabardurarik gabe. Zer dela eta? Jesusek ez du nahi jarraitzaile inkontziente eta ohikeriazkorik. Ebanjelio sinoptikoetan (Mateo, Markos, Lukas) badira Jesusen beste esapide asko, oso latzak: gurutzea hartzeko, guztiari uko egiteko, aita eta ama uzteko… prest ez direnak berari jarraitzera desanimatzeko modukoak. Beste ildo desberdin batean, hitzaldiko hitz hauek, gainera, beraren jarraitzaileak hautatzeko bide bat izan dira, datorren igandean argi geldituko denez.
3.- Bizia. «Betiko bizia» eta «neuk berpiztuko dut azken egunean» esapideak sarri errepikatzeak, ematen du, heriotzaren ondoren bakarrik lortzen den zerbait dela bizi hori. Baina orain garbi gelditu da; izan ere «nire haragia jan eta nire odola edaten duenak betiko bizia du». Badu jada betiko bizia, orain, hil aurretik. Berariaz esan gabe, testuak suposatzen du, bi bizi-forma daudela: arrunta, fisikoa, eta espirituala edo betikoa. Lehenengoa gizaki guztiek dute; bigarrena, Jesusen gorputza jan eta odola edaten dutenek. Zertan datza, ordea, bizi hau?
4.- Jesus gure baitan. Erantzuna hitz hauek dakarte: «Nire haragia jaten eta nire odola edaten duena, nire baitan bizi da eta ni haren baitan». Gai hau kasu honetan bakarrik ageri da hitzaldian, eta Pauloren esperientzia dakar gogora: «Ni bizi naiz, baina ez ni; Kristo bizi da nigan». Baina hori hobekienik adieraz dezakeen irudia, amaren sabeleko umekiarena da: amagan bizi da umekia, eta ama umekiagan. Erabateko barnatasun misteriotsu hori gertatzen da eukaristian. Eta Jesusen presentzia hori jaunartzen dugunongan ez da amaitzen ordu laurden baten buruan, txikitan batzuetan esaten zutenez. Asmo oneko heziketa erlijiosoa zen, baina eskasa; askori pentsarazten dio, Jesus nagusiki sagrarioan dagoela, ahaztuz, gure baitan sagrarioan bezain egiaz dagoela.
5.- Azkena. Hitzaldiaren hasieran jendeak izan dituen lau esku hartzeen eta geroago ageri diren bi galdera eskandalizatuen ondoren, bitxia gertatzen da idazleak ezer ez esatea entzuleen, juduen, erreakzioaz. Liturgiak alde batera utzi dituen hitz batzuekin bukatu da dena: «Hau Kafarnaumeko sinagogan irakastean esan zuen [Jesusek]». Hitz hauek alde batera utzi zituenak ez luke gainditu beharko laugarren ebanjelioaz egindako azterketa batean. Funtsezkoak dira bereizteko juduen erreakzioa (isiltasuna, ez dute jarraitu eztabaidan) eta Jesusen ikasleena, datorren igandean irakurriko duguna.
Jesus eta Jakinduria anfitrioi (1. irakurgaia: Esaera Zaharrak 9,1-6)
Gutako inor ez da harritzen, zuzenbidea begiak tapaturik, esku eskuinean ezpata bat eta ezkerrean balantza bat dituen emakume batek ordezkaturik ikusteaz. Jesusen aurreko azken mendeetan, jakinduria zerbait gizatar omen delako ideia grekoari, eta partikularki Atenasen dagoelakoari, kontra egiteko, zenbait idazle bibliko Jainkoaren sorkari bezala aurkezten hasi ziren, kreazioaren unetik Jainkoa lagun duela eta azkenean Jerusalemen bizi dela esanez. Gaurko lehen irakurgaiak andere handi bezala aurkeztu du Jakinduria, jauregi bat eraiki duelarik, bankete bat prestatu eta gazteak gonbidatu dituelarik bere ogia eta ardoa, bere jakinduria eta bere irakaspena partekatzera, bizia emango dietenak.
Kristauek imajina hauek Jesusi esleitu zizkioten. Jesus da Jainkoaren egiazko jakinduria, zerutik jaitsi eta gure artean bizi dena, Joanen hitzaurreak dioen bezala. Arrazoizkoa da Esaera Zaharrak liburuko puska labur hau aukeratu izana lehen irakurgaitzat (kasu honetan aitortu beharra dut, aurrekaritzat hartu gabe, testua aukeratu dutenen esku ona). Nire ogia jateaz eta ardoa edateaz mintzo da, eta bizia lortzeaz.
Adieraz ditzadan, halere, bi alde testu honen eta ebanjelioaren artean.
1.-Gazteak bakarrik gonbidatu ditu Jakinduriak. Gauza logikoa; izan ere, maistratzat eman du testuak Jakinduria, «bere semeei», bere ikasleei, egoki jokatzen irakasten dien maistratzat. Jesusek, ordea, denak gonbidatu ditu.
2.-Jakinduriaren ogiak eta ardoak ez dute ematen bizia; zuhurtasunarena, alegia: «Utzi zuhurgabe izateari eta biziko zarete». Ebanjelioaren sinbolismoa indartsuagoa da: jakinduria ez da lortzen irakaspen-sail baten bidez, baizik eta jan eta edan egiten da eta gure baitan bizitzen jartzen da.
Kristauaren eguneroko jakinduria (2. irakurgaia: Efesoarrei 5,15-20)
Halabeharrez, bigarren irakurgaia ez baita aukeratzen lehen irakurgairi eta ebanjelioari loturik, badu lotura bat gaurko bigarren irakurgaiak Esaera Zaharrak liburuarekin. Hemen ere, buru-argitasuna eta zentzuzkoa izatea gomendatzen da, ez jokatzea zoro. Eta Jainkoaren gogoaren arabera bizitzeko era bi datu hauetan zehazten da: 1) Ardoz gainez ez egitea. 2) Espiritu Santuaz betetzea, Jainkoari abestuz, goratuz, eskerrak emanez.
José Luis Sicre