Urteko 29. igandea A 2014-10-19
HOMILIA

Anai-arrebok!

Aurreko hiru igandeetan hiru parabola entzun ditugu –bi semeena: batak «bai» esan eta «ez» egin, besteak «ez» esan eta «bai» egin; mahastiko langileena: nagusiak bidali dituenak (profetak eta semea bera) hil dituzte; batzuek ez dute joan nahi izan eztei-otordura, baina beste batzuek bai–. Hiru parabola horiek neurri handian jan diete azpia Jerusalemgo buruzagiei. Eta konturatu ere, konturatu dira buruzagi horiek Jesus arriskutsu ari zaiela bihurtzen.

Eta Jesus azpiratzeko beren eginahalean, beste saio bat egin dute. Tranpa zorrotz eta handi bat ezarriz, galdetu diote: Zilegi al da Zesarri zergak ordaintzea? Jakina, pozoitsua da galdera. Zilegi dela erantzuten badu, jende pobre askoren kontra jarriko da Jesus. Ez dela zilegi erantzuten badu, berriz, matxino baten jarrera hartuko du, eta erromatar boterearen aurrean salatuko dute.

Jesus ez da inozoa. Berehala jabetu da jarri nahi dioten tranpaz; beste tentazio bat da. Eta kolpetik galdetu die: «Hipokritak! Zergatik tentatu nahi nauzue?» Eta ordudanik orokor bihurtu den esapideaz erantzun die: eman «Zesarri Zesarrena eta Jainkoari Jainkoarena».

Inork ez dio Jesusi galderarik egin Jainkoaz. Baina Jesusek esan nahi die, beren konpromiso politikoak ez dituela libratzen Jainkoarekiko konpromisotik; are gehiago, guztien gainetik jarri behar dutela Jainkoa.

Zesarri zergak ordaintzea, Zesarren mendean egotearen seinalea zen; hau da, Erromako inperioaren mendean jarraitzearen seinalea. Ez zen sentimenduak urratzea bakarrik. Zergak ordaintze hura, askorentzat idolatria zen, bekatua. Enperadoreak bere burua Jainkotzat ematen zuen. Enperadoreari zergak ordaintzea, hura jainkotzat aitortzea zen. Eta askorentzat, Yahve zen Jainko bakarra.

Lehenago ere izanak ziren zergak ez ordaintzeko ahaleginak. Adibidez, I. mendearen hasieran, Judas Galilearraren ahalegina.

Jesus, beraz, konturatu da, egin dioten tranpa-galdera horretan badela hondo-hondoan erlijio-kutsuko arazo bat ere: Jainkoari irain egitea al da zergak ordaintzea? Eta Jesusek argi adierazi die ezen Jainkoari beste gauza inportanteago batzuk zaizkiola axola. Adibidez: Jainkoak bidalia denari entzutea, Jainkoaren Erreinuaren mezua onartzea, bihotz-berritzeko jarrera, jende ahula eta pobrea babestea… Hain juxtu, horixe da Jerusalemgo buruzagiek onartu nahi ez dutena.

Horrenbestez, Mateoren kristau-elkarteak bere konklusioak atera ahal izan ditu: zergak ordaintzea ez da bekatua; gizartean elkarrekin bizitzeko oinarri batzuk onartu behar dira; ez dago zertan ibili beti mokoka, Jainkoaren arazoak gorabehera…

Senideok, ez da aski ebanjelioa entzute hutsa, garai bateko gertakizun huts bezala hartuz. Guri ere ondo asko mintzo zaigu pasarte hau. Ez dago zertan ibili beti mokoka Jainkoaren arazoak gorabehera; alde honetatik, gure Elizan aldaketa handia gertatu da Frantzisko aita santuarekin. Badirudi, Espainiako gotzainek ere ikasi eta hartu dutela zerbait jarrera horretatik. Adibidez, gobernuak abortuaren legearen arazoan amore eman duenean, gotzainak ez dira hasi garrasika beste garai batean bezala.

Beste gauza batzuk dira inportanteagoak. Gure jarrera zuzentzea. Gure jarrera egiazkoa izatea. Gure jarrera ebanjelikoagoa izatea. Joan den aste honetan, Frantzisko aita santuak kontatu du Arruperi gertatu zitzaion pasadizo bat: emakume aberats batek dei egin zion Arruperi pobreentzat dirua eman nahi ziola; joan zen Arrupe aberatsaren etxera; han zeuden kazetariak; etxe atarian, guztien aurrean eman zion emakumeak dirua kartazal batean; Arrupek aitortu zuen lotsa sentitu zuela, baina onartu ziola, pobreentzat zelako; etxera joan, kartazala ireki eta hamar dolar aurkitu zituen. Hainbat zeremoniaren ondoren, aberats batek 10 dolar zirtzil! Emakume aberats haren jarrera egiatia, bihozkoia, garbia?

Gaur, bestalde, Domund eguna ospatzen dugu. Geure burua kristau jotzen dugunok ezin dugu bazter utzi Jesusen gomendioa: «Zoazte eta egin herri guztiak nire ikasle» (Mateo 28,19).

DIONISIO AMUNDARAIN