Hiru ogi-mota (Joan 6,41-51)
Lehen irakurgaia (1 Erregeak 19,4-8) eta ebanjelioa hiru ogi-motaz mintzo zaizkigu: egun baterako elikatzen duenaz (mana), berrogei egunerako indarra ematen duenaz (Elias) eta betiko bizia ematen duenaz (Jesus). Baina has gaitezen Kafarnaumgo sinagogan gertatua gogora ekarriz.
Pasartearen garapena
Korapilatsua da, gai desberdinak nahasten baititu.
1.-Juduen objekzioa: Nolatan izan daiteke hau zerutik jaitsia?
2.-Jesusen erantzuna: nigan sinetsiko bazenute, ulertuko zenukete.
● Baina nigan sinetsi, Aitak erakartzen duen hark bakarrik sinesten du.
● Hobeto esan: Jainkoak denei irakasten die, baina ez dute denek ikasten.
● Kontuz: Jainkoak denei irakasteak ez du esan bera nahi ikusten dugula.
3.-Jesus eta mana: bizia ematen duen ogia eta bizia bermatzen ez duen ogia.
4.- Azken harrigarria: ogi hori nire haragia da.
Edukiaren adierazpena
Joan den igandean, ogiak ugaltzearen mirarikoa baino mugagabeki goragoko ogia eskaini zuen Jesusek. Goragoko ogi hori Jesus bera da, zerutik jaitsia.
Igande honetako ebanjelioa, baieztapen horren aurrean juduek izan duten erreakzioa kontatuz hasi da. Nolatan izan daiteke zerutik jaitsia txikitatik ezagutzen duten bat, zeinen aita eta ama ere ezagutzen baitituzte?
Jesusek ez dio erantzun galdera horri zuzenean. Hondo-hondoko arazora jo du. Juduek sinesten ez badute zerutik jaitsia dela, beragan sinesten ez dutelako da. Eta beragan sinesten ez badute, Aitak beragana erakarri ez dituelako da. Hain errotikoa den baieztapen honek iradokitzen du, den-dena Jainkoaren baitan dagoela: Aitak Jesusengana erakartzen dituenek bakarrik sinesten dute Jesusengan. Horregatik, berehala gehitu du: «Jainkoak denak eskolatzen ditu… baina denek ez dute ikasi nahi izaten». Soilik, Aitaren irakaspena onartzen duena etorri ohi da Jesusengana, eta halakoak bakarrik sinesten du zerutik jaitsia dela. Judu bakar batek ere ezin aurpegiratu dio Jainkoari Jesusengan ez sinestearen errua.
Baina kontuz: Jainkoak gizon-emakume guztiak eskolatzen dituelako ideia, bere ikasleen aurrean, ikusteko moduan, legokeen irakasle bezala interpreta liteke. Baina ez. Jainkoa ez du inork ikusi. Beragandik datorren hark bakarrik: Jesusek.
Fedeaz, Jainkoaren egintzaz eta Jainkoa ikusteaz, egindako parentesi honen ondoren, zerutik datorren ogiaren gaira itzuli da Jesus: bizia ematen du, manak ez bezala, honek ez baitu ematen bizirik. Baina bukatzeko, are baieztapen eskandalagarri bat jaulki du: «nik emango dudan ogia nire haragia da, mundua bizia izan dezan». Juduen erantzuna ez da atzeratu: «Nolatan eman diezaguke jatera bere haragia?» Erantzuna hurrengo igandean.
Hiru ohar ebanjelioaz
1.- Entzuleak beste batzuk dira. Oraingoan ez dira miraria ikusi zuten galilearrak, baizik eta juduak. Laugarren ebanjelioan, juduak esatean, Jesusi aurka jarri zaizkion agintariak esan nahi izaten da eskuarki. Alabaina, esan dutena («ezagutzen ditugu honen aita eta ama») ez da ahokatzen judu baten ahoan, baizik eta nazaretar baten esana da. Honek adierazi nahi du, ez gaudela kontakizun historiko baten aurrean, gertakizunak erabat leial jasoko lituzkeen baten aurrean, baizik eta lanketa polemiko bat dugula begi-bistan.
2.- Fedearen gaiak eten egin du Jesus zerutik jaitsitako ogiarena, baina funtsezkoa da eten hori. Jesusengan sinesten duenak bakarrik onar dezake hori. Gauza bitxia, kasu honetan, pertsona bat federa nola iristen den da: Jesusengana eramaten gaituen Aitaren egintzaz. Eskuarki, horren kontrakoa uste izaten dugu: Jesus dela Aitagana eramaten gaituena: «Neu naiz bidea… ezin joan da inor Aitagana nire bidez ez bada». Hemen, Joanen ebanjelio osoan bezala, Aitak eta Jesusek batak bestearekiko duten egintza azaltzen da.
3.-Tarteko honen ondoren, mana eta bere ogia kontrajartzera itzuli da Jesus. Lehen zatian (18. igandekoan), jarrera oso kritikoa azaldu zuen manarekiko. Galilearrek, Sal 78,24 aipatuz, «zeruko ogia ematen zien» esan zutenean, Jesusek erantzun zien, mana ez zela «zeruko ogia»; zinezko zeruko ogia bera dela. Oraingoan, beste datu polemikoago bat gehitu du: mana jaten zutenak hil egiten ziren; Jesusen ogiak, berriz, betiko bizia ematen du.
Eliasen ogia (1. irakurgaia: 1 Erregeak 19,4-8)
K.a. IX. mendea krisialdi erlijioso sakonekoa izan zen. Israelgo erregea, Akab, feniziar printzesa batekin, Jezabelekin, ezkondu zen; Baal kanatar jainkoaren zalea zen oso Jezabel. Jendea ere jainko honen aski zalea zen jada: euria eta uzta ona egozten zizkioten. Baina Jezabelen eraginak eta Akaben permisibitateak Yahvek herriarentzat baliorik ez izatea sortu zuten. Honen kontra jaiki zen Elias profeta, erregeak salatuz eta Baalen profetak hilez; heriotza ekarriko zion honek hegoalderantz, Horek (Sinai) mendira ihes egin ez balu. Bidaia luzea da, luzeegia, eta Eliasek heriotza opa izan du. Aingeru batek ogia eskaini dio harri gainean errea; bi aldiz jan du, eta janari horrek emandako indarrez berrogei egunez eta berrogei gauez ibili da Jainkoak Moisesi bere agerpen handia egin zion mendiraino. Kontakizun hau, eukaristiari dagokionez erabili izan da sarritan; horregatik aukeratu izan da igande honetarako.
Hiru ogi-mota
Gaurko irakurgaiek hausnarketa bat iradokitzen dute.
Pio X.a aita santuaren aurretik, jaunartzea ez zen sarria. Kristaurik otoitz-zaleenek astean behin jaunartzen zuten; eskuarki, hilean behin. Jaunartzea haientzat Eliasen ogia bezala zen, kristauki bizitzeko indarra ematen duena denboraldi gutxi-asko luzerako.
XX. mendearen hasierako Pio X.aren erreformaz gero, eguneroko jaunartzea zabaldu da, nahiz mezarik ez entzun. (Gogoan dut, gazte nintzela, Kadizko frantziskotarren elizan jende asko joaten zela jaunartzera alboko aldare batera, aldare nagusian oso jende gutxik jarraitzen zuen meza ematen zen bitartean.) Mana bezalakoa da eukaristia hori, egun horretarako indarra ematen du, biharamunean errepikatzea komeni da.
Joanen ebanjelioak ohartarazten digu, eukaristiak ez duela indarra ematen egun baterako edo hilabeterako bakarrik. Betiko bizia bermatzen du. Horrenbestez, ulertzekoa da Jesusek eten bat egin izana fedeaz eta Aitaren egintzaz hitz egiteko.
Anekdota bat
Loiolako Ignazio santuak kontatzen du bere Autobiografian (§ 96), «behin batean, Erromara iritsi baino milia batzuk lehenago, eliza batean zegoela eta otoitzean ari zela, aldaketa bat sentitu zuela ariman eta argiro ikusi zuela Jainko Aitak Kristorekin, bere Semearekin, jarri zuela; ez zuela animorik izango hau ukatzeko, baizik eta Jainko Aitak bere Semearekin jarri zuela». Gaurko ebanjelioarekin osoki ahokatzen den esperientzia da, gauza bera eskatzera gonbidatzen gaituena.
José Luis Sicre