URTEKO 18. IGANDEA B (2018-08-05)
SARRERA
Senideok, duela berrogei eta bi urteko (1976-08-04) gertakari batekin hasi nahi nuke meza. Argentinako Errioxa probintziako herri pobreetara egin ohi zituen joan-etorrietako batean, hildako bat zeraman talde batekin topo egin zuen Angelelli gotzainak. Egur-lanean ari ziren langile batzuek, nolabait moldatutako hil-ohe batean zeramaten gazte baten gorpua.
Gelditu eta hilkutxarik ez ote zuten galdegin zien gotzainak. Jendeak, lotsaz: «Gotzain jauna, ez dugu dirurik». Hurrengo igandean, homilian esan zuen Gotzainak: «Zer-nolako bekatariak garen egur eta arbola-lanean ari garenok!; ez baitugu hilkutxarik ere langileentzat, laneko kideentzat»
Lehenengo lerroan zegoen Lazaro Agirre buruzagia, militarren eta beraien familien ondoan. Agirre buruzagiak jaiki eta esan zion: «Gotzain jauna, meza santua entzutera etorri gara, eta ez hitzaldi politikoak entzutera». Gotzainak erantzun: «Zu, atera zaitez elizatik, zu ez baitzara gure erlijiokoa».
Abuztuaren 4an, Gotzaina, Pintos apaizarekin batean, Chamical-etik itzulian zihoan, han bi apaizen hilketa aztertu ondoren. Bat-batean, «Peugeot bostehun eta lau» batek bidea itxi zien, beren kamioneta zaharra iraularaziz. Gotzainaren gorpua bidean hilik aurkitu zuten ondoren.
Gertakari honen eta gaurko ebanjelioaren arteko lotura argi dago: Jesusen aho eta mihi izan nahi izan zuen Gotzainak, garaiko jende goseari hitzaren ogia eramateko.
Beragan sinesteko eskatu die Jesusek juduei; beragan konfiantza izateko. Senideok, aztertu dezagun geure fedea.
LEHENENGO IRAKURGAIA Irteera liburutik (16,2-4.12-15)
Basamortuko erromesaldian, hainbat ekintza miresgarri egin zituen Jainkoak, Moisesen eskuz, Israel herriaren alde: egun batean, ura sortarazi zuen Moisesek harkaitz bat makilaz jota; beste batzuetan, galeperrak eman zizkien jateko; gainera, mana eman zien ogitzat.
Biblian askotan hitz egiten da mana horretaz, interpretazio desberdinak emanez: batetik, mana zuzen erabiliz, herriak Jainkoarekiko obedientzia eta konfiantza agertu behar zuen; bigarren, mana hori, Jainkoa herriaren bizitzan presente dagoen seinaletzat hartu behar zuten; azkenik, mana hori behin-behinekoa zen, zeruko egiazko ogia sinbolizatzen zuen, hau da, Jesus bera.
Edozein kasutan, judu-herriak basamortuan ikasi zuen, modurik egiazkoenean, Jainkoaren beharra eta premia zuela. Geure basamortua dugun mundu honetan nabari ditugun beharrek (materialek, moralek, espiritualek…) eraman gaitzatela Jainkoaren beharra sentitzera; ez, noski, Jainkoa makina magikotzat hartuz; baizik, geure beharren aterabidea, geure artera bidali digun Semeak agertu digun bidean ibiliz aurkituko dugula pentsatuz.
BIGARREN IRAKURGAIA Efesoarrei egindako gutunetik (4,17.20-24)
Entzungo dugun Efesoarren gutuneko pasarte hau erregu morala da. Onartzekoa ez den biziera bizi duen herrian, Jesusen jarraitzaileek bereizi eta nabarmendu egin behar dute beren bizitzeko moduaz: etsenplu izanez. Alde batera utzi behar da irizpide edo printzipio garbirik gabe bizitzeko modua. Gure Elizan askotan isildu egin izan da gai hori; askoz gehiago hitz egin izan da egiturez, dogmez, agintariez. Gaur badirudi joera desberdin bat ari dela agertzen gure artean. Lehen kristauak asko nabarmendu ziren beren jokabideaz, gogo oneko jendea Jesusengana erakarriz.
Eta dio: «Kristok irakatsi digu, baztertu egin behar dugula lehengo bizitzeko modua, atsegin-grinez usteldutako gizaki zaharra». Eta gaurko pasartekoa bukatzeko, dio: «Utzi, Espiritu Santuak zuen burubidea eraberritu dezan… bizi egiazko zuzenbidea eta santutasuna».
EBANJELIOA san Joanen liburutik (6,24-35)
Joan den igandean esan bezala, Joanen ebanjelioko seigarren kapituluko zati bat entzungo dugu gaur ere. Ebanjelio honen arabera, jendea ez dabil Jesusen ondoren Jesusengatik. Nonbait, jendeari bost axola zaio Jesus bera; Jesusek egindako erregalua, mirari bat eginez doan jaten eman izana, du amets. Geu ere geure buruaren bila ibili ohi gara askotan. Ez al da hori egoismo hutsa?
Jesus, Jesus da. Eta ez, nik nahi izango nukeen hura. Meza honen hasieran entzun dugun pasadizoan, horixe leporatzen dio Argentinako Errioxako Gotzainak buruzagi militar hari: zu ez zara gure erlijiokoa.
Senideok, saia gaitezen Jesusen konbentzimendu hau geure-geure egiten: «Neu naiz zeruko ogia, neu naiz bizi-ogia, neu naiz munduaren argia, neu naiz artzain ona…».
HERRIAREN OTOITZA
1.-Kristau guztien alde: konfiantza osoz bizi dezagula Jesusen promesa: beti gurekin, beti gure artean izango dela bera. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Kristau guztien alde: Kristoren gose izatea, Jesusen Utopia egia bihurtzeko gose izatea, eragozten diguten jarrera guztiak alboratu ditzagula. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Oporretan diren guztien alde: gorputzez eta espirituz biziberritu daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Hemen elkartu garen guztiontzat: fedeak, Eukaristia, hau da, zerutik jaitsi den ogia jatera eragin digun bezala, eragin diezagula geure senideengan, bereziki premiarik handiena dutenengan, Jesus bera ikustera,. Eska diezaiogun Jaunari.