JOAN BATAIATZAILEAREN JAIOTZA (2018-06-24)

SARRERA

Senideok, Joan Bataiatzailearen eguna ospatzen dugu gaur, jaioteguna. Jesusen garaiko jendearen artean, inor gutxiri aitortu diote Joani bezalako osperik juduek eta kristauek. Ezta Paulori eta Pedrori ere.
Lau ebanjelioetan, hainbat aldiz ageri da Joan; beti ere Jesusekin erlazionaturik. Flavio Josefok berak, lehen mendearen azken aldian bizi izan zen judu historialari hark, garai hartako beste pertsonaiei baino orrialde gehiago eskaini zizkion Joani; gainera, garai hartako profetarik handiena zela aitortu zuen.
Guretzat, Jesusen aitzindaria da Joan, Jesusi bidea prestatu diona. Lehenik, Jesus iristear dagoela hots egin du. Geroxeago, berriz, iritsia dela.
Hori guztia, jendea penitentziara gonbidatzeko, bihotz-berritzera gonbidatzeko. Joanek eskaintzen zuen bataioa, gure bataioaren aurrekaritzat hartu beharko genuke. Ez, noski, Joanen bataioa bezala, gurea ere penitentziarako bataioa dela pentsatuz ─nahiz hori ere izan daitekeen pertsona helduen kasuan─ ; gurea, hori baino gehiago, Aitaren, Semearen eta Espiritu Santuaren presentzia sortzen duen bataioa dela pentsatuz.
Joanen etsenpluak, geure kontzientziaren ahotsari jarraitzen eragin diezagula, geure fedeari leialago eustera.

LEHENENGO IRAKURGAIA Isaias profetaren liburutik (49,1-6)

Lehenengo Isaiasena da gaurko irakurgai hau. Jaunaren zerbitzariaren kantika esaten zaio. Israelen liberazioaz ari da. Nazio eta herri guztien aurrean egin beharreko profeta-egintzaz mintzo da: Jainkoaren bidea prestatzeaz. Zerbitzariaren bokazioa azpimarratzen du. Ez dakigu, seguru, zein zerbitzariz ari den. Baina ondo legoke gutako bakoitzaz ari dela pentsatzea.
Zerbitzariak urrutiko jendeari hitz egin beharra sentitzen du. Nabari du, bere lanak fruitu gutxi lortu duela. Halere, Jainkoak adoretsu jarraitzeko eskatzen dio. Esaten dio, gainera, bere egitekoa ez dela mugatzen Israel herrira. «Herrien argi» izan behar duela.
Senideok, har dezagun dei hau geuretzat: Jesusen argia hartu dugunok, herrien aurrean Jesusen argi izateko deia hartu dugu.

BIGARREN IRAKURGAIA Apostoluen Eginak liburutik (13,22-26)

Pauloren hitzaldi bateko zatia da orain entzungo duguna. Testu honen aurretik, Israel herriaren historiaren laburpena egina zuen Paulok. Gaurko honetan, historia horren bukaera dakar: Daviden jatorritik, Jesus jaioa da. David Jesusen aitzindaritzat eman du. Horrekin loturik, Joan Bataiatzaileaz mintzo da Paulo. Jesusen hurbilako aitzindaria da Joan Baina honek garbi aitordu du, bera ez dela espero zutena. Baizik haren bide-prestatzailea. Eta penitentzia egiteko eskatzen du, iristear baita Mesias.

EBANJELIOA san Lukasen arabera (1,57-66.80)

Gaurko ebanjelioan ere, Lukas Joan Bataiatzaileaz ari zaigu. Joanen bizitzako lau aldi aipatzen ditu: jaiotza, erdainkuntza, izena ezartzea eta ahaideei eta auzokoei agertzea.
Joanen jaiotzak poz handia ekarri die gurasoei, ahaideei eta auzokoei. Zergatik? Joan sortuz, «Jaunak erruki handia agertu duelako».
Erdaintzea baino gehiago, Joani izena ezartzea azpimarratu du Lukasek. Tradizioz aitaren izena ezarri behar zioten: Zakarias. Baina ez; bai amak, bai aitak «Joan izango du izena» esan dute. Aitari, Zakariasi, hori esan orduko, hitza etorri zaio. Jainkoaren promesaz duda izan zuelako, mutu gelditu zen; orain, Jainkoaren nahiari jarraituz, Joan izena aukeratu duelako, hitza etorri zaio.
Senideok, etxean semea edo alaba izan dugunean, gogoratu al gara Jaunari eskerrak emateaz?

HERRIAREN OTOITZA

1.-Israel herrian Joan Bataiatzailea bezala, guretzat aitzindari edo bide-prestatzaile izan diren guztientzat. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Munduan Jainkoaren bidea prestatzeko edo aitzindari izateko bokazio berezia hartu duten guztientzat: beren bokazioari leial eutsi diezaioten. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Joan Bataiatzaileak bezalako eginkizun profetikoa duten guztientzat; hark bezala, agintarien ustelkeriari aurre egiten sendo eta irmo joka dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Munduko gizon-emakume guztientzat: gure bihotzean etengabe handitu dadin gizarte senidezkoago eta elkartuago baten ametsa. Eska diezaiogun Jaunari.