Maitasun Gurutziltzatua
Anselmo Grün osb
Lurreko bere bizitzaldian jende-mota oro ukitu zuen Jesusek maitekiro: haur, emakume eta gizonezko. Haurrak besarkatu zituen eta gaixoak sendatu ukituz. Besarkatzea maitasunaren funtsezko adierazpena da; baina besarkatzean atxiki ere atxiki dezaket bestea neuretzat. Gurutzean beste maitasun bat agertu du Jesusek, inor beretzat atxikitzen ez duen maitasun bat, baizik eta bestea libre eta aske uzten duena. Bere besoak luze-luze, bere maitasunaren funtsa agertu dit Jesusek. Bere burua eskaintzen duen maitasuna da; berak esana da: «Ez da maitasun handiagorik bere bizia bere adiskideengatik ematen duenarena baino» (Joan 15,13). Bere burua ematen duen maitasuna da, besteak bizia izan dezan emana; bere burua ematen duena da, bestea loratu dadin; bere baliabide guztiak besteari eskura ipintzen dizkiona; bere bizia jokatzen duena, besteak bizitzea lor dezan.
Besoak luze-luze, gugatik erabat eta guztiz irekia dela agertu du Jesusek. Ez du beretzat ezer gorde. Beragana erabat hurbiltzen utzi digu. Eskuak iltzaturik, Jesusek adierazi du, ez dela defendatuko gure hitz iraingarrien kontra, ez dela babestuko, baizik eta bere buruarekiko era errukigabean aurkeztuko zaiola munduaren gaiztakeriari. Baina konfiantza du ezen, babesgabetasun horretan, ezintasun horretan, gainditu ahal izango duela munduaren gaiztakeria, bere maitasuna dela medio. Bere azken hitzean esana du: «Bete da den-dena»; maitasunean duen bere konfiantza adierazi nahi du horrela; armen babesean gotortzen den mundu honen boterea baino handiagoa da maitasuna, bere ezintasunean hain juxtu.
Gugatik bere burua eskaini duen Kristoren maitasunaren irudirik zirraragarriena, niretzat, ezpatak alderik alde zulatu duen Jesusen saihetsa da. Joan ebanjelariak dio, soldaduetako batek bere lantza sartu zuela Jesusen saihetsean, eta bertatik odola eta ura atera zirela: bihotz irekitik gizon-emakume guztiengana isuri den Espiritu Santuaren seinale dira odol eta ur horiek. Lurreko bere bizitzaldian, bere maitasunez zuzeneko harremanak izan zituen pertsonak bakarrik atzeman zituen Jesusek. Orain, ordea, maitasun hori libre da muga horietatik eta mundu osora dario. Jesusen bihotz zulatuaren gainean gogoeta egingo duen pertsona orok edan ahalko du maitasun horretatik. Beraz, kontenpla dezagun bihotz hori eta bihotz horren barnean Jesu Kristo bera, eta ikus dezagun nola eskaintzen duen bere espiritua bere bihotz maitaletik, nola sendatzen dituen gure zauriak eta nola egiten gaituen maitatzeko gai. Jesusen bihotz zulatuak agertzen digu, ez dagoela maitasunik oinazerik gabe. Norbait inolako baldintzarik gabe maite dudanean, zaurgarri (zaurigarri) egiten dut neure burua, eta, norbaitek neure ustea galarazten didanean, oker ulertuak sortzen dira, eta bihotzeraino iristen zait oinazea. Ezin egin izaten dut ezer ere neure arerioaren kontra; itxi nezake neure bihotza niretzat garrantzizkoa ez den jendearen aurrean; iraindu ere iraindu nazake, baina ez dit erasango. Baina maite dudan adiskide batek zauritzen nauen bezain laster, irainak bihotza zulatuko dit alderik alde. Uko egin zion jendea bera ere maitatu zuen Jesusek, ez zen defenditu haien aurrean, ezta gogortu ere harria bezala; baina etsaiak maitatzera iristen den maitasuna mundu honen gorrotoa baino handiagoa da, bere ahultasun eta ezintasunean, eta bake sakon batez bete ohi gaitu. Hau argi eta garbi azaldu du Jesusek bere hiltzaileei berei barkatu dienean, Lukasek dakartzan hitz hauetan: «Aita, barka iezaiezu, ez dakite-eta zer ari diren» (Lukas 23,24). Jesusek ez du utzi defentsa-jarrera batek arrastaka eraman dezan, biziaren eta maitasunaren bidetik aterako luke horrek. Badaki ezen, jakinaren gainean zauritzen eta iraintzen duenak berak ere, ez dakiela bere bihotzaren sakonean zer ari den edota beraren bizitzako historian sortutako grinaren, senaren eta bortxaketaren eraginpean diharduela. Agian, bera ere zauritua izan delako jokatzen du horrela edota fanatismoak, itxikeriak edo beldurrak nahastarazi dutelako. Jesusen hiltzaileek uste zuten Jainkoaren izenean biraoka ari zen bat garbitu nahi zutela. Gauza bera gertatzen da orain ere, segur aski, bere etsaitasuna azaltzen digun askorekin. Agian, teoriaren bat eratu dute, gure kontrako ezinikusia onesten diena eta, agian, bere egintza hori Jainkoaren zaletasuntzat ere azaltzen diena. Horrelakoetan Jesusek bezala esaten ahal badut: «Aita, barka iezaiezu, ez dakite-eta zer ari diren», seinalea ez nauela eraman arrastaka gaitzespenak. Seinalea gaitzari gaina hartu diodala, horretan itsukeria eta ezjakintasuna sumatu ditudalako. Neure arerioak maite ahal baditut, zauritzen nautenean ere, ezin hartuko naute mendean, ezin azpiratuko naute. Maitasuna nigan indartsuagoa izango da gorrotoaren pozoiaz kutsa nazaketen tentazioak baino. Jesusen saihetsari darizkion odola eta ura seinaleak dira ezen ez ziola utzi inguruan zuen gaiztakeriari bera kutsatzen, baizik eta mundu osoa ernaritzen eta eraldatzen duen egundoko uholdea sortarazi zuela maitasunak.
Alderik alde zulatutako Jesusen bihotzak ireki egin nahi du itxirik dugun geure bihotza ere, Jainkoa maitatu ahal dezan, hark ni neu maite nauen bezala. San Alberto Handia bihotzen trukeaz mintzo da. Guk geure bihotza Kristori irekitzen diogu, hartan bizi ahal dadin. Jesusen bihotza irekirik dago, guk hartan geure egoitza izan dezagun. Modu berean bizi nahi du Kristok gure bihotzean, San Paulorekin esaten ahal baitugu: «Ez naiz ni bizi, baizik eta Kristo da nigan bizi» (Galaziarrei 2,20).
Galdera datorkigu orduan burura: nola maita dezaket eta behar dut Jesus?, nola maita dezaket eta behar dut Jainkoa? Pertsona bati diodan maitasuna sentitu egiten dut; sutu egiten du nire bihotza, nire nahimena baino indartsuagoa da; moldatu egiten ditu nire pentsaera eta sentiera guztiak. Alabaina, Kristorekiko maitasuna ez dut sentitzen pertsona batekiko maitasunaren zirrara beraz.
Halere, baditut Jainkoak nirekiko duen maitasunaren esperientziak, Jainkoarekiko maitasuna sortarazten didatenak.
Jainkoarekiko nire maitasuna maitasun hauskorra izaten da beti. Ondo dakit ezen maitasun biziko uneri lehortasun eta elkortasun aldik jarraitzen dietela, zeinetan Jainkoarekiko maitasun-hitzak hutsal eta azaleko iruditu ohi baitzaizkit, zeinetan modu alergikoan erreakzionatzen baitut predikariak arinegi mintzo direnean Jainkoak digun maitasunaz eta guk berari diogunaz. Une horietan lagungarri izan nezake Jesusek Pedrorekin egindako solasaldia, piztuera ondoren, Tiberiades lakuaren ertzean, San Joanek dakarrenez (21,15-17). Hiru bider galdetu dio Jesusek Pedrori: «Simon, Joanen seme, maite al nauzu hauek baino gehiago?» Pedro tristatu egin da, bere saldukeria hirukoitzaz gogoratu da, eta jada ezin baitu egin zin sakraturik bere maitasuna suntsiezina duela esanez, apal-apal erantzun dio: «Jauna, zuk dena dakizu, zuk badakizu maite zaitudana» (Joan 21,17). Zuk baduzu nire saldukeriaren berri, nire leialtasun-faltaren, nire iraupen-ezaren berri. Zuk badakizu nire maitasunak asko duela egoismo- eta kalkulu-jarreratik; sarritan bizi ohi naizela neure zilbor-hesteari begira. Badakizu ere, ordea, maite zaitudana. Badakizu badela nire bihotzean guztiz jator eta garbi den zerbait, badakizu guztiz garbi maite nahi zaitudana, kalkulurik gabe, neukeriarik gabe.
Jainkoarekiko maitasunetik at bota ohi nauen fideltasun-falta eta guzti, bihotzaren hondoan inporta zaidana, Jainkoa maitatzea da. Bada nigan, gutxienez, Jainkoa maitatzeko nostalgia sakon bat, bihotz guztiaz, indar guztiaz, pentsamendu guztiez maitatzeko (ikus Lukas 10,27). Hauskortasun honetan errepika dezaket Pedrorekin, apal eta umil: «Jauna, zuk dena dakizu. Badakizu maite zaitudana, gutxienez maitatu nahi zaitudana».
Horrenbestez, eser gaitezen motibagarri gerta dakigukeen gurutze baten aurrean.
Errepara diezaiegun Jesusen besoei, maitasunez luze-luze, inor atxikitzen ez duen maitasun baten seinale; aitzitik, maite duen hura libre uzten duen seinale, bere burua gutako bakoitzaren alde eskaintzen duen seinale.
Utz diezaiogun Kristo gurutziltzatuari bere maitasunez besarka eta bildu gaitzan; segidan, errepara diezaiogun alderik alde zulaturiko bihotzari, uholdeka dariola, gutako bakoitzarentzat, Kristoren maitasuna.
Utz diezaiogun Kristoren maitasun honi gure gainean jardun dezan. Agian, haziko da orduan gugan ere erantzunezko maitasun bizi bat; orduan bakarrik erantzun ahal izango diogu, eskerronez, maitatuz, bihotza hautsirik eta ezin aurreikusteko eran, Jesu Kristo gurutziltzatu eta piztuari.
Hazi dadila gugan askatuko gaituen maitasun bat, atxikiko eta lotuko ez gaituena, ezer eskatu ordez bere burua eskainiko duena, jarioko dena Jesusen bihotzari darion odol-eta ur-uholdea bezala, besteengatik hilko dena geure kontrolaz eta inbidiaz beste inor hil ordez. Beteko ahal gaitu Kristoren maitasun gurutziltzatuak bake sakon batez, eskerron alai batez.