Mendekoste igandea B 2018-05-20
HOMILIA

Anai-arrebok!

Mendekoste igandea ospatzen dugu gaur. Espiritu Santuaren etorrera. BIZIAREN JAIA DA. Gure Bibliako Hasiera liburuan dator jada ideia hau: «Lurra nahas-mahas hutsa zen: leize handiaren gain iluna, JAINKOAREN ARNASA (HAIZEA, ESPIRITUA) UREN GAINEAN ZEBILEN» (Has 1,2). Nahas-mahasa bizidun egin nahiz.

Mendekoste jai honen historiak ere BIZI HORI adierazten du.

Hasiera batean, Israeldarren jaia izan aurretik, abeltzainen eta nekazarien jaia zen: uzta bildu ondoren ospatzen zuten: bizia ospatzen zuten horrela, janariak edo uztak ematen duen bizia.

Israeldarrek, berriz, Egiptotik irten ondoren, Sinai mendiko gertaera ospatzen zuten. Sinai mendian Jainkoak Moisesi bere legea eman zion, harri-lauzatan idatzia. Lege hura israeldarrentzat bizi-emailea zen; kasu honetan bizi espirituala. Honenbestez, bizitza fisikoa ematen duen uzta-jaitik, bizi espirituala ematen duen lege bizi-emailearen jaira pasatu dira.

Itun Berrian, Mendekoste egunean, Jesusen Espiritua jaitsi zen ikasleen gainera. Espiritu bizi-emailea da, Sinai mendikoan bezala. Baina oraingoan, ez da harri-lauzatan idatzia, baizik bakoitzaren bihotzean isuria da. Bizi espirituaren jai handia da.

Bizi-emaile izate hori modu askotan azaldu da kristauen Mendekostekoan: bai sinbolo bidez, bai hitzez, bai jokabidez.

Entzuna dugu gaurko lehen irakurgaian. Bat-batean, zerutiko hots bat entzun zuten; haizearen hotsa bezalakoa. Mihi edo mingainak ikusi zituzten, sugarrak bezalakoak. Denak Espirituaz bete ziren. Eta hizkuntza arrotzetan hitz egiten hasi ziren.

Jesus hil ondoren, koldar eta beldurti agertu ziren haiek, BIZIDUN bihurtu ziren. Ez zuten ezeren beldurrik; kementsu eta adoretsu bihurtu ziren.

Senideok, hizkuntza arrotzetan hitz egite hark Elizaren jokabidea aurreratu zuen. Nik ez dut hitz egiten aleman batek ulertzeko moduan. Baina Eliza mundu guztian zabaldurik dago. Esan daiteke, Eliza gaur egun hizkuntza askotan mintzo dela. Eliza gaur egun hizkuntza asko eta askotan mintzo da. Eta Eliza gutako bakoitza da. Espirituak bizia bizitzera eragiten digu.

Gizakia berez izaki ahula da, baina Espirituak arnasturik, IZAKI BIZIDUN bihurtu da. Ez da aski landareak bezala bizitzea. Ez da aski animaliak bezala bizitzea. Pertsona bizidun nahi gaitu Jainkoak.

Alde horretatik, ez da aski pertsona erlijioso izatea. Pertsona espiritual izatera deitu gaitu Jainkoak. Pertsona erlijiosoa kultua, errituak, ospakizunak, erlijioa… maite dituena da. Pertsona espirituala Jesusen Espirituaren arabera bizi dena da. Gerta daiteke, bat oso pertsona erlijiosoa izatea, eta batere espirituala ez izatea. Gerta daiteke ere, bat pertsona espirituala izatea eta batere erlijioso ez izatea. Pertsona espiritual eta erlijioso izatera deituak gara.

Espirituala izateak, haizea bezala, ekintzaile izatea esan nahi du; haizea bezala, pertsona librea izatea esan nahi du; Andre Maria eta Jesus bezala, pertsona ernagarri eta sortzaile izatea esan nahi du. Jesus bezala, behartsuen aldeko izatea esan nahi du; Jesusek bezala, presoak askatzea, itsuei ikusmena ematea, atzerritarren abegi ona eskaintzea…

Bibliako tradizio baten arabera, Eliza Mendekoste egunean jaio da. San Joanen arabera, berriz, Jesus gurutzean dagoela sortu da Eliza; Andre Mariak eta Joanek ordezkatzen duten Elizari bere Espiritua eman dio Jesusek.

Zatoz, Espiritu Santua / bete zeure fededunen bihotza /eta piztu haiengan zeure maitasunaren sua.

Dionisio Amundarain