Pazkoaldiko 7. igandea B Igokundea 2018-05-13
HOMILIA

Anai-arrebok!

Gaur Jesus gure anaia eta adiskidearen Igokundea ospatzen dugu. Beste behin esan beharra dugu: batetik, mundualdi honetako gure ulermena eta biziera gainditzen dituen misterio da; bestetik, mundualdi honetako gure bizierarentzat erronka handia da.

Mundualdi honetan, ezin ulertu dugu sakon eta zuzen zer de Igokundea esaten dugun hori. Halere, geure arrazoimenaz eta hitzez zerbait esatera ausartu ohi gara; ahal dela, Ebanjelioan eta Itun Berri osoan oinarrituz. Eta neurritxo batean, Itun Zaharrean ere bai.

Hasteko, esan dezagun Pazkoaldi osoan entzun duguna: Jesus gizon onegia, gizon jatorregia, gizon hurkoari emanegia… izan zen, hil ondoren ezerezean gelditzeko. Piztu egin zen. Piztu egin zuen zeruko Aitak.

Zertan datzan piztuera hori? Ez da hilotz edo gorpu den bat mundualdi honetako bizitzara itzultzea. Zertan datzan esateko, hainbat esapidez baliatzen gara: aintzatu egin da, zeruratu egin da, Andre Mariagandik jaiotako gizon hori Jainkoaren orbitara igaro da. Eta gaurko jaiari lotuz, IGO egin da.

Lehen kristauentzat esanahi esanguratsua zuen Igokunde hitzak. Haiek, izan ere, honelatsu hartzen zuten unibertsoa: zerua goian, lurra erdian, infernua behean. Guri ez digu balio ustekizun horrek. Zerua ez da leku bat, Jesus berpiztua ez da igo inora. Jesus berpiztua Jainkoaren izaerara igaro da. Andre Maria igaro den bezala. Gu guztiok igaroko garen bezala. Baina Jesusen gertaera harrigarri eta misteriotsu hori izendatzeko, eta gauzak labur beharrez, Jesusen Igokundea esaten jarraitzen dugu. Halere, berriro esan, mundualdi honetako izaera gainditzen duen izaera da Jesus berpiztuarena. Geure hizkuntza jasoan, izaera transzendentea esaten dugu.

Baina hori guztia guztiz garrantzizkoa izanik, ez genuke ahaztu behar beste alderdi hau: gure esperantzaren oinarria eta bermea da hori guztia. Jesusek lortua, nik neuk ere lortuko dut haren laguntzarekin, zure eta zuen eta Elizaren eta gizadi osoaren laguntzarekin. Behin eta berriz, esan ohi da: mundualdi honetan edozein batek egiten duena ez dela niretzat ezerez bat; egintzarik txikienak eragina du nigan. Joan den aste honetan, Tierno Galvan-en idazki bat irakurtzeko eta zabaltzeko aukera izan dut; Tierno hori ez zen ateoa, ez zen kristaua (formalki bederen), bere burua agnostikotzat ematen zuen; baina hona haren esaldi bat diodanaren haritik: «Cuando en la grave intervención quirúrgica que sufrí en febrero de 1985 me enteré de que muchos conciudadanos madrileños cristianos rezaban por mí, sentí un enorme agradecimiento. Porque yo creo que en la economía del cosmos (un cristiano diría en la economía de la creación) todo influye, nada se pierde en el orden del espíritu y estoy seguro de que eso me ayudó». Alegia, mundu honen joan-etorrian denak du bere eragina; ez da ezer galtzen espirituaren mailan.

Beraz, Jesus zeruratu izana oso garrantzizkoa da niretzat. Baina zu ere bai, zuek ere bai. Gainera, zerura joatearekin Jesusek ez gaitu bakarrik utzi. Besteak beste errepara diezaiogun gaurko mezako Prefazioko honi: «zerura doa, ez gure giza izate apaletik urruntzeko» etab. Ez dugula ikusten Jesus gure artean? Ez eta bai. Ez dugu ikusiko fisikoko Andre Mariagandik jaio zen bezala. Baina, berak bihotzean ufatutako Espirituaren argiz eta indarrez, zugan, zuengan, gizon-emakume guztiengan ikus dezaket Jesus berpiztua; eguraldi oneko Txindoki eta Aralar ikusgarri eta miresgarri horretan ikus dezaket; lagun-giroan egindako otorduan ikus dezaket; batez ere, gaixoengan, pobreengan ikus dezaket: hauek izan zituen Jesusek munduko bere bizitzan aukerakoenak, eta hauek ditu gaur berpizturik dagoenean. Horiengan guztiengan ikus dezaket Jesus berpiztua. Kontua, espiritu irekia, zabala, besteei emana izatea da.

Jesusen Igokundea gure esperantzaren oinarria esan dut. Baina esperantza edo itxaropena ez da besoak tolesturik egotea. Apostoluen Eginak liburuan (1, 1-11), zuriz jantzitako bi gizonek esan diete galilearrei: «galilearrok, zertan zaude hor zerura begira?» Esanez bezala, zoazte Jesusek esandakoa egitera; alegia, «zoazte eta egin ikasle herri guztietatik», hau da, egizu hil aurretik Jesusek egin duena bera: gaixoak sendatu, pobreak onartu, bekatariei esperantza piztu, zuzengabekeria salatu, jende xehearen ikuspegia zabaldu… Esperantza hitzak berak, itxaropen hitzak berak, jarrera dinamikoa adierazten du: zain bizi, adi bizi, erne bizi, azti eta ekintzaile bizi.

Bukatzeko eta laburpen gisa, gaurko jai honek hainbat alde ditu. Aldi berean gauza asko da:

−Jesusen hein bateko agurra da: pazkoaldiaren bukaera.
−Igokundea da, goratzea, aintzatzea, zeruratzea, Jainkoaren ildora igarotzea.
−Promesa da: ez da soilik geroko zorionaren promesa; batez ere, berak gure artean jarraituko duen hitza da: Jesus berpiztuaren presentziaren misterioa da: «begira, ni zeuekin izango nauzue zeuen bizitza guztian, munduaren azkena arte» ( Mt 28,20). Askotan oker ulertu izan da Elizaren funtsa. Eliza ez dago Jesusen absentzia betetzeko; Jesusek bizi-bizirik jarraitzen du gure artean.

Senideok, poz ematekoa dugu jai hau, eragilea dugu jai hau, eskerrak ematekoa dugu jai hau. Jesusekn Espirituak ireki ditzala gure bihotzeko begiak.

Dionisio Amundarain