PAZKOALDIKO 6. IGANDEA B (2018-05-06)

SARRERA

Anai-arrebok, pazkoaldia bukatzen ari gara. Datorren igandean Jaunaren Igokundea ospatuko dugu. Gaur hamabost, berriz, Mendekoste; hau da, Espiritu Santuaren etorrera. Utz diezaiogun Jesus berpiztuaren Espirituari oso-osorik hartu eta bete gaitzan. Zer da niretzat Kristo berpiztua?
Joan den igandeko ebanjelioaren jarraipena da gaurkoa: ni naiz mahatsondoa, zuek aihenak, entzun genuen joan den igandean. Kristaua mahatsondoari lotua egote hori zer den argitzen jarraitzen du Jesusek, Joan ebanjelaria dela medio. Eta lotura horren eredutzat, berak Aitarekin duen lotura jarri digu. Ebanjelioko mezurik handiena dugu begi aurrean: Maitasuna. Ez, ordea, edozein maitasun: Jesusek Aitari eta guri digun maitasuna.
Horixe da kristaua bereizten duen nortasun-seinalea. Baina, berriro esan, ez da edozein maitasun. Maitasun berri bat da. Ebanjelioak adierazten digun maitasuna ez da, ez sen edo instintu bat, ez sentimendu bat. «Jainkoak Jesusi eta guri digun maitasunari erantzuten dion maitasuna» izan behar du benetako maitasuna izango bada. Ez da arrosa-koloreko maitasuna. Jesusen maitasuna ez da norberaren plazera edo atsegina bilatzen duena. Maite dugun edo ditugun pertsona bizia bilatzen duena da. Neurririk gabeko maitasuna da Jainkoa.

LEHEN IRAKURGAIA Apostoluen Eginak liburutik (10,25-26.34-35.44-48)

Hunkigarria da gaur entzungo dugun pasarte hau. Zer-nolako jauzia egin duen Pedrok: jentilekin zerikusirik ez nahi, eta bat batean dena aldatu. Bere elkarteko guztiak eskandalizatuz, jentil batzuen etxera joan da Pedro.
Beraz, asko kostatuta bada ere, pagano batzuen etxera joan da: Kornelioren eta haren familiaren etxera. Familia hartan ikusi duenarekin, Pedro konturatu da, ezin diela ukatu bataioa paganoei.
Gertaera honek, itxuraz, ez du garrantzi handirik guretzat. Itxuraz diot, zeren gauzak sakonkiago aztertzen hasiko bagina, besterik ikusiko genuke. Baina utz dezagun hori bere horretan. Ikus dezagun zer gertatu den: lehen kristauak, hasiera-hasiera hartan, juduak ziren denak; uste zuten Jesusen mezua juduentzat bakarrik zela, eta bat-batean jabetu dira, Pedrok hautsi egin duela uste hori.
Egia esateko, konturatu dira, Jesusek ekarri duen errealitatea bera dela gauza berria; konturatu dira, ordu arteko lege-sistemaren ordez, Jesusek Jainkoaren maitasunaren sistema jarri duela abian. Ez da nolanahiko maitasuna, baizik Jainkoaren maitasuna da. Eta Jainkoak denok maite gaitu modu berean.

BIGARREN IRAKURGAIA Joanen lehen Gutunetik (4,7-10)

Entzutera goazen zatitxo hau da gutun osoaren muina. Hauxe da, izan ere, Jesusen mezuaren muina: Jainkoa/Abba, Jainkoa/Aita.
Ikasi izan dugu, Jainkoa ahalguztiduna dela, dena dezakeena dela, dena dakiena dela etab. Baina, Jesusek agertu digunez, Jainkoaren funtsa beste zerbait da. Ez da ahalmena, ez da justizia, ez da handitasuna. Jainkoa funtsean maitasuna da. Horixe da gaurko gogoeta-gaia, pazkoaldiko ospakizunen edukiaren koroa balitz bezala.

EBANJELIOA Joanen liburutik (15,9-17)

Gaurko ebanjelio hau, joan den igandean entzun genuenaren jarraipena da. Mahatsondoaren eta aihenaren alegoriaren bigarren zatia da. Esan liteke, alegoria horren alde praktikoa dela. Adibidez, joan den igandeko «iraun nigan» esaldiaren ordez, «iraun nire maitasunean» dator gaurkoan; «eman fruitua» ordez, «anai-arrebek elkar maitatzeko agindua» dator gaurkoan.
Bi agindu aparteko horiez gainera, beste ideia berezi bat dakar gaurko ebanjelioak: Jaunak aukeratu ditu ikasleak, eta ez alderantziz. Hau esan nahi du soilki: Jainkoaren esperientziarik egin ez baduzue, ezin maitatuko duzue egiaz.
Senideok, izan dezagun gogoan: Espiritua dugu maitasun hori bizitzeko indarra. Izan ere, Jesu Kristo maite duzula esatea gauza erraza da; ia inork ez dizu, ez ukatuko, ez baietsiko. Beste hau da gauza zaila: lagun hurkoa maitatzea. Maitasun hori bizitzeko, Jesusen Espirituaren indarra behar-beharrezkoa dugu.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Elizarentzat, hau da, kristau guztientzat: beti gogoan izan dezagun, gure bizitza ez dagoela lege edo arauak betetzean, ezta erakunde ikusgarriak izatean ere; baizik Jesusen Espirituak erabil gaitzan uztean. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Fededun guztientzat: Berri Ona hartu izanaren poza eta gozamena bizi dezagun, eta gainerakoei hots egiteko bultzada senti dezagun. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Ez Jainkoagandik, ez gizakiengandik ezer espero ez dutenentzat: gure testigutzak esperantzarako atea ireki diezaien. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Munduko pobre guztien alde: kristauok, anai-arreba arteko gure solidaritatea dela medio, haientzat benetako esperantza-iturri izan gaitezen, beren pobretasunetik ateratzeko. Eska diezaiogun Jaunari.