BESTE POZ BAT (Joan 15,9-17)
Pazkoaldiko 6. igandea B (2018-05-06)
Poza ez da gauza erraza. Benetako zoriontasun-uneak parentesi labur huts izaten direla ematen du, bizitza batean non etengabe agertzen baitira oinazea, kezka eta aserik eza.
Zinezko pozaren misterioa aski arrotza da gizon-emakume askorentzat. Artean badakite, agian, algaraz barre egiten, baina ahaztua dute zer den irribarre gozo bat, norberaren izatearen hondoenetik aterea. Kasik denetik dute, baina ez ditu ezerk benetan asetzen. Objektu baliotsuz eta baliagarriz inguraturik bizi dira, baina doi-doi dakite ezer ere maitasunaz eta adiskidetasunaz. Hor dabiltza bizitzan mila zeregin eta kezkatan murgildurik, baina ahaztua dute pozik bizitzeko eginak garela.
Horregatik, zerbait esnatzen da gu baitan Jesusen hitzak entzuten ditugunean: hitz egin dizuet «nire gozamenean parte izan dezazun, eta zuen gozamena betea izan dadin». Gure poza makala da, txikia eta mehatxupean dago beti. Baina zerbait handi hitzeman digu Jainkoak. Jesusen pozean berean parte hartu ahal izatea. Geure egin dezakegu haren poza. Argia da Jesusen pentsaera. Maitasunik ez bada, ez da bizirik. Ez da berarekin komunikaziorik. Ez da Aitaren esperientziarik. Gure bizitzan, maitasuna falta bada, ez dago Jainkoaren hutsunea eta absentzia besterik. Jainkoaz hitz egin genezake, irudika genezake Jainkoa, baina esperimentatu ez, benetako gozamenaren iturri bezala. Orduan hutsunea idoloz betetzen da, sasi-jainkoz, Aitaren lekua betetzen dutenez; baina ezin ernearazi dute gugan gure bihotzak antsiatzen duen zinezko gozamena.
Gaur egungo kristauok, agian, gutxitan hartzen dugu gogoan Jesusen poza eta ez dugu ikasi bizitzaz «gozatzen», haren urratsei jarraituz. Haren deiak, egiazko zoriona bilatzeko, galdu egin dira hor nonbait hutsunean; agian, tematurik jarraitzen dugulako pentsatzen, zoriona aurkitzeko biderik seguruena boterea, dirua eta sexua berekin dituena dela.
Jesusen poza, Aitagan konfiantza garbia eta baldintzarik gabea bizi duen batena da. Bizitza eskerronez onartzen dakien batena. Bizitza osoa grazia edo onginahia dela aurkitu duen baten poza.
Baina bizitza guztiz triste galtzen da gugan, geuretzat bakarrik gorde nahi badugu, erregalu eskaintzen jakin gabe. Jesusen poza ez datza bizitzaz modu egoistan gozatzean. Bizia ematen dakienaren poza da eta, bizitza gero eta duinago eta sanoago hazteko eta garatzeko, behar diren baldintzak sortzen dakienarena. Horra Ebanjelioaren irakaspen giltzarrietako bat. Zoriontsu, mundu zoriontsuago bat egiten duena bakarrik da zoriontsu. Poza ezagutu, poza erregalu egiten dakienak bakarrik du ezagutzen poza. Bizi, biziarazten duena bakarrik da bizi.
Jose Antonio Pagola