Laboraria, mahatsondoa eta aihenak (Joan 15,1-5)
Anekdota bat eta aholku bat
Duela urte asko, adiskide batek igande hau Malagako Axarquian predikatu behar izan zuen; gizonezkoak, han, ohiturik zeuden egunero tabernara joaten baxoerdi bat ardo hartzera. Leku egokia, beraz, mahatsondoaz eta aihenaz hitz egiteko. Alabaina, meza bukatu zuenean, galdetu zioten jakin-minez: «Aita, zer da mahatsondoa?» Herri hartan, mahatsondoari, «vid» ez, baizik «cepa» esaten diote. Ez zuten ezer ere ulertu.
Antzeko esperientzia izan nuen lehen aldiz hitzaldi biblikoak Erdi Amerikan eman nituenean. Jendeak ez zuen ikusi sekula, ez mahatsondorik, ez olibondorik. Zoritxarrez, Jesusek ez zuen kontatu sekula kafe-arbolaren parabolarik.
Igande honetan homilia egin behar duenak hau du kontuan hartu beharreko lehen gauza: jendeak ulertuko ote duen Mediterraneo aldeko kulturan garatutako parabola bat. Gaur egun, formaz bestelako den beste bat kontatuko zuen Jesusek, edukiz gauza bera izanik. Parabola bat, zeinetan zeruko Aita informatiko izango litzatekeen, Jesus argi-indar eta gu ordenagailu (konputagailu), ezin ibili direnak argi-indarrarekin konektatu gabe. Ondo dabiltzan ordenagailuak berak ere, Aitak hondoraino garbitzen ditu, hobeto ibil daitezen. Alabaina, egokitzapen honek, poetikotasun eskasagokoa izateaz gain, akats bera du: kultura teknologiko batean bizi ez denak ez du ulertuko, eta urte batzuk barru, ordenagailuek sareari lotu beharrik izango ez dutenean, parabolak galduko egingo luke bere zentzua. Hobe, beraz, jatorrizko irudiari atxikitzea.
Laboraria, mahatsondoa eta aihenak
Pasarte hau «mahatsondoaren eta aihenen parabola» izenaz ezagutzen dugu. Izenburu okerra; izan ere, ez du kontuan protagonista nagusia, laboraria: honek du inausten, sustraitik ateratzen; honek ditu botatzen fruiturik ez dakarten aihenak. Bestetik, parabola baino gehiago, fabula bat da, zeinetan protagonista animaliak edo landareak izaten baitira, hitz egiten edo jokatzen ahal dutenak. Gure kasu honetan, bigarren mailako protagonistek, aihenek, ez dute hitz egiten, baina jokatu bai. Batzuek mahatsondoari itsatsirik jarraitzea erabakitzen dute, eta fruitu ugari ematen. Besteek burujabe izan nahi dute, hautsi mahatsondoarekiko lotura, eta fruitu emateari uzten diote.
Ohiko izenburuak mahatsondoaren garrantzia azpimarratzen du. Eta arrazoia du, hein batean: berari itsatsirik egotearen edo ez egotearen baitan dute aihenek fruitu eman ala ez. Baina mahatsondoak ez du ezer egiten. Soil-soilik, hor dagoela. Egintza guztiak laborariak edo aihenek egiten dituzte. Ikuspegi kuriosa; kristauaren bizitzan Jainkoak duen inportantziaz gogoeta egitera garamatza; eta Jesusen oinarrizko zereginaz gogoeta egitera, nahiz eta batzuetan uste izaten dugun ez duela ezer egiten gure bizitzan.
Lehen irakurgaia:Jainkoaren inausketa (Apostoluen Eginak 9,26-31)
Gure fabulak laborariak dagitzan egintzak nabarmentzen ditu: «fruitu ematen duen oro inausi egiten du, fruitu gehiago eman dezan». Inausik moztea esan nahi du, arbola zauritzea, produzitzea denbora eta ahalegina asko kostatu izan zaion zerbait kentzea. Baina, sanoago eta indartsuago egon dadin egiten dio hori laborariak. Ebanjelioko hitz hauek oso egoki datozkio lehen irakurgaian Paulok kontatzen duenari. Bere konbertsioaren ondoren, espero zezakeen oso ondo hartuko zutela Jerusalemen. Baina gauza oso desberdin bat gertatuko da: ez dira fidatzen Pauloz, izkina egin diote, harik eta Bernabek apostoluei aurkeztu dien arte. Predikatzen hasi denean, greko-hizkuntzako juduek garbitu egin nahi izan dute, eta Tarsora ihes egin beharrean gertatu da. Egia esan, Pauloren bizitza osoa izan zen inausketa handi bat, pertsekuzioz eta sufrimenaz beteriko bizitza. Baina horren guztiaren bidez, apostoluen arteko handien bilakatu zen. Fruitu asko eman zuen. Irakaspen ona, beraz, bizitzan dena esne-mami izatea nahi izango genukeenontzat, inolako zailtasunik gabeko izatea.
Bigarren irakurgaia: nola jarraitu mahatsondoari itsatsirik (Joanen lehen gutuna 3,18-24)
Ebanjelioak behin eta berriz errepikatu du, aihenek mahatsondoari itsatsirik bizi behar duela. Bigarren irakurgaiak adierazi digu nola segi zehazki itsatsirik. Testua, Joanengan ohikoa denez, korapilatsua da, eta askotariko gaiak nahasten ditu: maitasun sasikoa eta zinezkoa, erruduntasun-konplexua eta Jainkoaganako konfiantza, legea betetzea, Jesusengana fedea eta elkarrekiko maitasuna, Jainkoagan irautea eta Espirituaren dohaina. Ebanjelioko metaforari jarraituz, mahatsondoa hostotsuegia da eta inaustea komeni da. Aski izango litzateke gogoratzea, zinez eta egintzez maitatzea Jesusengan sinestearen eta batak bestea maitatzearen baliokidea dela. Hori da modua mahatsondoari itsatsirik irauteko; hori da bermea kristauok fruitu emango dugula-
José Luis Sicre